Joseba Permach ezker abertzaleko kidearen arabera, «nabarmentzekoa da» Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak «gatazkaren dimentsio politikoa onartu izana». «Bide onean emandako pauso bat da», adierazi du komunikabideetara igorritako ohar batean. Fernandez Diazek Espainiako Gobernuaren kontrol saioan eginiko adierazpen batzuen harira esan ditu hitzok Permachek. Fernandez Diazek berak eta PPko beste kide batzuek, baina, ezeztatu egin dute «ezker abertzaleak egin duen interpretazioa», eta Espainiako Gobernuaren jarreran ez dela aldaketarik egon nabarmendu dute.
«ETAren dimentsio politikoa» onartu zuen Barne ministroak herenegun eginiko agerraldian, eta nabarmendu zuen «ETAren arazoa» ez dela soilik poliziala. «Saihestu ezin dugun dimentsio politikoa dauka, eta, horregatik, zuhurtasunez, inteligentziaz eta diskrezioz jokatu behar dugu». «Garaipen poliziala demokrata guztion garaipen politiko bilakatzen jakin behar dugu», nabarmendu zuen, UPDko Rosa Diezek eginiko galdera bati erantzunez —Bildu eta Amaiur legez kanpo uzteko eskatu zion Diezek Espainiako Gobernuari—.
Barne ministroaren hitz horietatik abiatuta, ezker abertzaleak ondorioztatu du PPko gobernuak «gatazkaren dimentsio politikoa aitortu» duela, eta, horrenbestez,onartzen duela «konponbidea soilik politikaren bidez etor daitekeela».
Horiek hala, «arduraz, konpromisoz eta behar bezala» jokatzeko eskatu dio Permachek Espainiako Gobernuari, eta, halaber, eskatu dio «salbuespen politikak eta neurriak» albo batera uzteko —espetxe politika indargabetu eta debekatutako erakundeak legeztatu—eta elkarrizketak hasteko; ETArekin, «gatazkaren eta indarkeriazko konfrontazioaren ondorioak gainditzeko»; eta Euskal Herriko «kultura politiko guztiekin», «gatazkaren korapilo historikoak askatzeko».
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak ere uste du Barne ministroren hitzak «urrats bat» direla. «Arazo politiko bat dagoela onartzeak konponbide politikoei buruz hitz egitera hurbiltzen gaitu», esan du Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean. Alderdi eta eragileek izan beharko lituzketen elkarrizketen inguruan, berriz, LABeko buruzagiak nabarmendu du ezker abertzalea elkarrizketa horietatik baztertzen badute ez dela «konponbide erabatekorik» izango.
Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari izandakoak zalantza gehiago agertu du Barne ministroaren adierazpenen inguruan. «Jakina zen zerbaitera hurbildu da, hau da, honek guztiak jatorri historikoa eta politikoa duela, eta zenbaitek politikan egindako aberrazioak eta indarkeriaren estrategiak izan duen eragina alde batera utzita, arazo politikoa egon dela, eta hori ezin daitekeela ukatu», adierazi du Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean.
Garaikoetxearentzat, baina, modu egokian aztertu behar diraBarne ministroaren hitzak, «bere erara» azalduko baitu herenegun esandakoa: «Esango du zentzu zabalean ulertu behar direla bere hitzak: espetxe politika berriroaztertuko duela esan nahi zuela, gaur egungo egoera ulertzeko eta egoerari irtenbidea emateko beharrezkoa dela, eta hori guztia politikoa dela gaineratuko du».
Ministroaren azalpenak
Espainiako Gobernuko Barne ministroaren hitzek ez dute inor epel utzi. Azken asteetan antzera jokatu du, eta batzuetan kontrajarriak irudi dezaketen mezuak eman ditu. Hala, herenegun esandakoa argitu behar izan du Fernandez Diazek, eta adierazi du bere hitzak ez direla modu egokian interpretatu. «Nik ez nuen gatazka politiko edo prozesu politiko bati buruz hitz egin. ETAren dimentsio politikoa aipatu nuenean zera esan nahi nuen: demokratok bat egin behar dugula ETAren amaiera lortzeko,eta ezin dugula ETArentzat porrot poliziala izan dena mundu horren garaipen politikoa bihurtu». «Jainkoaren izenean,nola emango diot ba nik dimentsio politikoa ETAri», esan du Espainiako berri agentzi batieginiko adierazpenetan. Fernandez Diazek, gainera, berretsi egin du Espainiako Gobernuak ez duela ETArekin inoiz negoziatuko.
Bestalde, Raxoiren gobernuak gatazkaren konponbidean aurrera egin ahal izateko Iñigo Urkulluk herenegun jakinarazitako proposamena ontzat jo du Fernandez Diazek. Duela bi aste Raxoirekin izandako bileran, EAJko EBBko presidenteak Espainiako gobernuburuari babesa eskaini zion Espainiako Kongresuan ordezkaritza duten alderdien babesa lortzeko, Raxoiren gobernuak jokaleku politiko berrian jardun ahal izateko berme gisa. «Babes horrek balio behar du ETAren porrot politikoa demokraten garaipen politikoa bihurtzeko; horretarako bada, ongi etorria izango da», adierazi du Fernandez Diazek.
Antzeko hitzak izan ditu Leopoldo Barreda PPko diputatuak. «Euren helburu totalitarioak aurrera ateratzeko duten esperantza guztia galdu behar dute», esan du ezker abertzaleari erreferentzia eginez. Berri agentzia bati eginiko adierazpenetan, Barredak adierazi du Barne ministroaren hitzen inguruan «interpretazio interesatua» egin duela ezker abertzaleak.
EAEko PPko idazkari nagusi Iñaki Oiarzabalek, berriz, UPDko Rosa Diezi leporatu dio sorturiko «nahasmena». «Rosa Diez ez da fidatzekoa. ETAren indarkeriaren amaierari etekin politikoa atera nahi dio, eta demokraton banaketa lortu nahi du, erradikalei oxigenoa emanez», esan du Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian.
Permachek dio aurrerapausoa dela gatazkaren alde politikoa onartzea
«Salbuespen neurriak» albora uzteko eta «elkarrizketa barneratzaileak» hasteko eskatu dio ezker abertzaleko kideak PPriFernandez Diazek argitu duenez, ETAren amaierak ezin du izan dimentsio politikorik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu