Xabier Lopez Peña presoaren heriotza salatzeko ekitaldietan parte hartuta «terrorismoa goratu» izana egotzita, Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deitu dute Periko Solabarria ezkerreko militante historikoa. Ostegunean du hitzordua Madrilen, eta, Ernai gazte erakundeko bi kiderekin, inputatuta deklaratuko du 83 urteko militanteak.
Maitatua da Solabarria Euskal Herrian; areago haren herrian. Borrokakide dituenek eta ez direnek ere miretsia da. Errespetatua oso. Eta horixe erakutsi zuten atzo, Solabarriaren aurkako neurria salatzeko Barakaldoko Auzitegiaren aurrean bildu ziren dozenaka eta dozenaka herritarrek. «Maite zaitugu, Periko», hasi zuten hedabideen aurreko agerraldia. «Bidezko mundu baten alde mobilizatzen diren guztiak maite ditugu».
Oso babes zabala
Asko, eta askotarikoak izan ziren agerraldira batu zirenak: Barakaldoko Langabeen Asanbladako hainbat, Berriotxoak-ekoak, Eguzki eta Ekologistak Martxan-ekoak, Argitan zein Iretargi emakume taldeetakoak, Etxerat zen Herrira-koak, esaterako. Barakaldoko ELA, LAB, ESK, CNT, EILAS eta CGT sindikatuen babesa ere jaso du Solabarriaren babeserako deialdiak. Barakaldoko auzo elkarte gehienena ere bai. Barakaldoko Sortu, Alternatiba, EA, Aralar eta EH Bilduren ordezkariak agerraldian izan ziren, eta Oskar Matute legebiltzarkidea ere bai. Herriko kultur zein kirol elkarteek bat egin dute aldarriarekin. Protesta zabala antolatzeko batu dira guztiak.
Hala, prentsaurreko jendetsua bera protesta bihurtu zen atzo, eta asko izan ziren agerraldi aurretik igaro eta zuzenean Solabarria besarkatzera hurbildu ziren herritarrak. Hala ere, protesta bera biharko iragarri zuten eragileetako ordezkariek. Ostegun goizerako du Auzitegi Nazionalean azalpenak emateko agindua akusatuak Ernaiko beste bi kiderekin batera, eta bezperan egingo dute protesta Barakaldon. Auzitegiaren aurrean elkarretaratzea egingo dute bihar, 20:00etan.
Periko Solabarria Auzitegi Nazionalera deitu izana gogor salatu dute
Hitzordua ostegunean duela eta, protesta egingo dute eragile askok bihar, 20:00etan, Barakaldoko auzitegian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu