Non eta mugan deituriko omenaldia egingo du bihar Ikastolen Elkarteak, Beskoitzen (Lapurdi). Ikastolak Herriari egitasmoaren barruan, «aitortza» egingo diete «periferian» euskara lantzen duten ikastolei. Lege babes urriarengatik, egoera soziolinguistiko zailarengatik, edota bi motiboen uztartzearengatik, euskararen ahotsa apala da Euskal Herriko toki askotan. Omenaldiaren helburua da aldarrikatzea leku horietan ari diren ikastolak eragile garrantzitsuak direla euskara lantzeari dagokionez; halaber, habia horien berebiziko esanguraz ohartaraztea ere bada asmoa. Egun osoko plana izango da, eta aitortza ekitaldia 11:00etan hasiko da.
Beskoitzen egingo dute omenaldia, ikastolan bertan, gogora ekartzeko hango ikastetxea aski ataka zailean dagoela: ikastola lurrak erabiltzeko baimenik gabe utzi du herriko etxeak, eta, beste hitzarmenik lortu ezean, legez kanpokoa izango da hilabete gutxiren buruan. «Dena bertan egingo da, barrakoien artean, errealitatea horixe baita, eta euria ari badu, umeak bezala: hortxe egongo gara, aterkiekin», azaldu du Ikastolen Elkarteko ordezkari Mikel Egibarrek. «Mugako» beste hainbat ikastetxeri ere egingo diete omenaldia: Sohütako (Zuberoa) Eperra ikastola izango da bat. Nafarroakoak, hauek: Zangozako Ikastola, Lodosako Ibaialde, Tuterako Argia eta Vianako Erentzun. Oiongo San Bizente (Araba) eta Balmasedako Zubi Zaharra (Bizkaia) izango dira besteak.
Egibarrek azaldu du urteotan «naziotasuna» lantzeari tokia egin diotela ikastoletako jaietan, herrialde bakoitzeko ikuspegiari ez ezik, eta horren emaitza dela omenaldia. Bi xede dituzte: «Aitortza eta aldarrikapena». Euskal Herriaren «erdigunetzat» hartzen denaz bestelako errealitateei begiratzeak aparteko zentzua hartu du bide horretan. Ikastetxeek egitasmoa «oso ondo» hartu dutela esan du: bereziki estimatu dute beren «kontakizuna» plazaratzeko aukera izatea. Haien hitzak entzunda «periferiari» eta «mugari» buruzko aurreiritziak eraisten direla onartu du: «Izan ere, periferiako ikastolen artean ere, errealitateak askotarikoak dira».
«Mugalarien» taldea
Lodosako Ibaialde ikastolako zuzendari Karmen Munarriz pozik joango da bihar Beskoitzera, «batasun baten» parte direla sentitzeko modua emango baitie omenaldiak, eta harremanak ehuntzekoa. Ez du ukatzen «mugalariak» direla, baina, era berean, naturala da haien euskalduntasuna: bizipenetan oinarritua. «Ikastolan burbuila gisako batean gaude, eta gertatzen da zenbaitetan: ondoan irakaslerik ez eta, hala ere, ikasleak euskaraz».
Beskoitzeko ikastolako ordezkari Clemence Labrouchek argi utzi du beren konpromisoaren ardatz nagusia: «Hizkuntza transmititu behar da». Omenaldia «esker onez» hartu dute: «Ekinaldi honi esker, ohartzen gara ez gaudela bakarrik». Eta bat dator Lodosako ikastolako zuzendariarekin: «Eguneroko bizian ez dugu pentsatzen periferian garela. Garen tokitik bizi gara».