Aurreko astean, Ahal Dugu-ko berme batzordeak Laura Perez alderditik kanporatu zuen, barne araudiak eta kode etikoa urratu zituela ebatzita. Atzo, Laura Perezek lehen aldiz hitz egin zuen bere kanporatzeari buruz. Haren esanetan, ebazpena «oinarri juridikorik gabea eta etikoki gaitzesgarria» da. Ahal Dugu-ko idazkari nagusi ohiak nabarmendu du erabakia ez dela behin betikoa, oraindik ez dakielako helegiterik jarriko duen. Perezen arabera, Espainiako Podemosen berme batzordeak du azken hitza, eta Nafarroako Ahal Dugu-k ez du hori aintzat hartu. «Beraz, Ahal Dugu-koa izaten jarraitzen dut».
Atzo Vianako udaletxean egin zuten asteleheneroko Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen bilera. Bertan, Ahal Dugu-ko parlamentu taldeko bozeramaile gisa joan zen Perez. Duela aste gutxi, ildo ofizialarekin kritiko azaldu diren lau parlamentariek Mikel Buil kargu horretatik kendu eta Carlos Couso izendatu zuten, baina atzo Perezek hartu zuen haren tokia. «Aurretik esan genuen bozeramaile kargua txandaka hartuko genuela». Haren hitzetan, Buil kargutik kentzea «tramite bat izan zen», formalki eledun bat eta haren albokoa izendatu behar direlako. «Praktikan denok gara eledun, eta horregatik ez da arraro ni hona etortzea», azaldu zuen.
Haren esanetan, Buil eledun kargutik kentzea erabaki ona izan da. Izan ere, eledun batek parlamentariak taldetik kanporatzeko eskumena du, eta, berme batzordearen erabakia esku artean izanda, uste du Builek erabaki hori har zezakeela. «Ziurrenik galarazi egin du gaur parlamentu taldean pertsona bat baino gutxiago izatea, eta hortaz laukoaren eta gobernuaren ekimenak tramitatzeko pertsona bat gutxiago izatea».
Vianan izan da Ainhoa Aznarez, parlamentuko presidente eta Ahal Dugu-ko zuzendaritza taldekidea. Vianara erakundeko lehendakari gisa joan denez, nahiago izan du krisiaz ez hitz egin, baina galdetu diote ea parlamentuko lehendakaritza galtzeko arriskua dagoela uste duen. «Galdetu lau parlamentariei», erantzun du.
Euskalerria irratian, Eduardo Santos idazkari nagusiak azaldu du parlamentu taldea formalki «hautsita» dagoela, kritikoek Buil eledun kargutik kentzea erabaki zutenetik. Haren ustez, lau parlamentariak matxinatu egin dira, eta gehiengoa hartu dute. «Nahi dutena egin dezakete». Hala ere, Santosen aburuz, euren buruak alderditik kanpo utzi dituzte, ez dituztelako bete Ahal Dugu-ren aginduak. Haren esanetan, Tere Saez, Mikel Buil eta Ainhoa Aznarez «oraingoz» ez dira talde mistora pasako, «parlamentu taldea Ahal Dugu-ri dagokiolako». «Ez dugu zertan joan». Santosen arabera, lau parlamentari kritikoek orain azaldu beharko dute zer egin nahi duten.
Amelia Salanueva, PPra
Amelia Salanueva UPNko senatari ohia alderdiko presidente izan zitekeen, baldin eta 2015ean Javier Esparzari nagusitu izan balitzaio. Haatik, egun alderdia utzi du, eta PPra pasatu da. Javier Esparzak atzo ez zuen horri buruz hitz egin nahi izan. Aldiz, PPko Ana Beltran «pozarren» zegoen. UPNkoek ez dute gustuko izan mugimendua. Jorge Esparza Antolamendu idazkariak asteburuan txiokatu zuen diruak erakarri duela PPra, eta 2015ko haren hitzak ekarri zituen gogora: esan zuen UPN zelagauza guztien artean lehena.
Perezek salatu du«etikoki gaitzesgarria» dela Ahal Dugu-tik kanporatu izana
Haren ustez, alderdiaren estatuko berme batzordeak du azken hitza. Santosek dio beste hiru parlamentariak ez direla talde mistora pasatuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu