Bosgarren hautesbarrutia

Pereiraren eta Lasserreren artekoa izanen da bigarren itzulia

NUPESeko Pereira hautagaiak «ezker errepublikanoaren batasunaren» arrakasta goraipatu du. Hirugarren lekua kausitu du Lesellier Batasun Nazionaleko hautagaiak. Laugarren postuan jalgi da Mathilde Hary EH Baikoa.

Bosgarren hautesbarrutiko bozka paperak. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko ekainaren 12a
22:18
Entzun 00:00:0000:00:00

«Lasaiturik» agertu da Florence Lasserre (Ensemble) emaitzak ikusita. Orain arteko diputatuak lekua izanen du bigarren itzulian, eta Sandra Pereira (NUPES) izanen du parean. Bozen %34 erdietsi ditu Lasserrek, eta %25,1 Pereirak. Hirugarren lekura jalgi da Pascal Lesellier Batasun Nazionaleko hautagaia (%13,9). EH Baiko Mathilde Hary da laugarren (%8,9).

«Lan handia egin dugu hauteskunde kanpainan ahal bezainbat jende ukitzeko. Egia erran, Frantziako ezkerraren batasunaren indarra ez genuen ezagutzen, eta orain badakigu zer indar duten. Emmanuel Macroni gehiengoa eman beharko zaio Frantziako Asanblean, bestela herrialdea blokeo egoeran izanen da», erran du Lasserrek.

Pereira ere «oso gustura» agertu da lehen itzulian lortu dituen emaitzekin. «Garaipen bat da, biziki baikorki hartzen dugu». Presidentetzarako hauteskundeetatik azken hilabeteetan egin duten kanpaina nabarmendu du. «Oso gustura gaude ezkerrak lortu dituen emaitzekin, ezker errepublikanoaren batasunak lortu dituen emaitzekin». Abstentzio maila «dezepzio» bat dela erran du, nahiz eta entseatu diren hautesleak interesatzen. «Argi da ez dugula lortu. Bihar goizetik herritarrak konbentzitzera joko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.