Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioetara deitu ditu Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atarian, Hego Euskal Herriko 200 udaletan gutxieneko 1.080 euroko pentsioen alde aurkeztutako mozioei «legitimitate berri bat» eman eta aldarrikapen hori zabaltzeko. Horiek hala, bihar elkarretaratze bat egingo dute Gasteizko Plaza Berrian, 12:00etan; ostegunean, berriz, manifestazio bat Bilbo Plazatik Katedral Berrira, 11:00etan.
Pentsiodunen Mugimenduak azaldu duenez, biharko protestak zaintza, genero arrakala eta alarguntasun pentsioak izango ditu ardatz: «Hauteskundeak iritsi dira eta esaten digute lehentasuna Osakidetza eta adinekoak direla». Hori ikusita, osasungintzaren, egoitzen eta etxez etxeko arretaren zerbitzua hobetzeko eskaera egin dute.
Ostegunerako, berriz, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako pentsiodunak deitu dituzte manifestazioan parte hartzera, eta adierazi dute horretarako autobusak prestatu dituztela. Manifestazioaren amaieran manifestu bat irakurriko dute, gogoratzeko «gutxieneko pentsio duina eta nahikoa ez dagoela oraindik konponduta».