Pentsatzeagatik zigortuak

Kezka eta ezintasuna ditu Isabel Amezketak. Segiko kide izatea leporatuta auzipetu duten gazteetako baten ama da, Eneko Villegasena. Biharko mobilizaziora joateko deia egin dute.

Lohizune Amatria.
Atarrabia
2014ko azaroaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zergatik atxilotu dute zure semea?», galdetu zioten behin Isabel Amezketari (Iruñea, 1952). Ez zuen jakin zer erantzun; zalantza bera zuen hark ere. «Ez nuen ulertzen; nire semea ona da, ez du ezer egin». Eneko Villegasda haren semea (Iruñea, 1985). 2010. urteko abenduaren 6an atxilotu zuten, Segiko militantea zela leporatuta. Epaitzen ari dira orain, beste 27 gazterekin batera. Eta seina urteko espetxe zigorra eskatu dute haientzat. Lau urte pasatu dira gazteak atxilotzeko sarekadak egin zituztenetik, eta Amezketak argi du orain zein den arrazoia: «Pentsatzeagatik atxilotu dituzte gure seme-alabak».

Etxean atxilotu zuten Eneko Villegas. Telebista ikusten ari zela, atea jo zuten. Polizia zela pentsatu zuen berehala: «Buelta eman nuen, eta nire bikotekidea zenari esan nion: 'Polizia da; gure txanda da'». Denboraldi estugarria izan zen hura Villegasen amarentzat ere. Semea atxilo zutela jakitean, zerbait egin behar zuela sentitu zuen. «Polizia etxera joan nintzen segituan; Eneko ikusi nahi nuen», dio Amezketak. Ez zioten utzi: inkomunikatuta zegoen. «Ongi zegoela esan zidaten, ez kezkatzeko». Hura entzunda, Amezketak erantzun zien: «Ez kezkatzeko? Badakittorturatzen duzuela». Semea ikusi ezinik itzuli zen etxera, pentsamendu lazgarrienarekin: «Egiazki, hilik ikusten nuen».

Tortura testigantza gogorrak egin zituzten auzipetuek epaiketan. Inkomunikazio aldia «infernu bat» izan zen Villegasentzat. Dena izan zen gogorra: «Ikerlatzaileak zaindu egin behar gaitu ustez, baina ez du egiten. Auzitegiko medikuak ere gu zaintzeko daude, baina batzuek ez dute egiten», dio. Latza egiten zaio gertatutako gogoratzea, eta laguntza psikologikoa jaso du gertatutakoari aurre egiteko. Hala ere, badaki batzuetan beharrezkoa dela gogoratzea: «Istanbulgo protokoloa egiteko, gogoratu behar izan dugu zer egin ziguten; polizia etxeetan sinatutako deklarazioei aurre egiteko torturatuok dugun tresna bakarra da».

Soto del Real espetxera eraman zuten Villegas. «Atxilotu zituzten neskekin elkartu nintzen, eta, Sotora iritsi ginela ospatzeko, besarkada bat eman genion elkarri», dio. Espetxean zegoen preso batek harriturik begiratu zien gazteei. «Nola egon zaitezkete pozik kartzelan egonda?», galdetu zien. «Infernua atzean utzi dugu, eta zertxobait hobea da hau», erantzun zion Villegasek.

Hamabost hilabete eman zituen atxiloaldi prebentiboan. Eta beste tortura mota bat jasan zuten orduan Villegasek eta Amezketak. «Kartzelara bisitan joaten ginenean, asko animatzen gintuen Enekok. Baina gu atera egiten ginen kalera, eta bertan uzten genuen Eneko, barruan», gogoratu du Amezketak. Amak kezka zuen bidaietan zer gertatuko ote zen, eta baita semeak ere.

Oso gaizki eraman zuen Amezketak semearen atxiloaldia. Eta oraindik ere gaizki eramaten du: «Berriro sartuko duten ala ez pentsatzen dut une oro». Ezintasuna sentitzen du. «Espetxeratzen badute, ez dakit zer egingo dudan. Estrasburgora joango naiz agian, eta bertan gose greba egin». Ez da otu zaion gauza bakarra: «Epaiketa politikoen aurka ahal duguna egiten dugu, baina gutxi dela pentsatzen dut batzuetan». Sei urteko kartzela zigorrari egiten ari zaio aurre Villegas. Baina Herrira-ko kide izatea egotzita ere auzipetua dago. Justizia nahi du amak semearentzat: «Epaileak ongi irakurtzen badu dena, nire ustez, ez luke arazorik edukiko guztiak aske uzteko».

Madrilgo zirkua

Irailaren 22an hasi zen 28 gazteen aurkako epaiketa, Madrilen. Eta polizien deklarazioak entzun ondoren, hilaren 17an jarraituko dute epaiketan. «Zirku bat» da, Villegasen iritziz: «Batukada bat zer den ere azaldu behar izan dugu». Aretoko bazter batetik deklaratu zuten poliziek. Baina epaituek eskubidea dutenez legez lekukoak ikusi ahal izateko, auzipetuen aurretik igaro ziren poliziak. «Ileordeekin eta betaurrekoekin agertu ziren batzuk», azaldu du Villegasek. «Barre egin genuen hasieran, baina gai serioa da», aitortu du. Abenduan amaituko da epaiketa. Luze joko du, eta horrek ere erre ditu gazteak. Gastu bikoitza izan du haiengan: ekonomikoa eta psikologikoa. «Ez goaz Warner jolas parkea bisitatzera. Gure etorkizuna jokoan dagoen toki batera goaz».

Villegas, baina, ez da bakarrik sentitu prozesuan. «Sekulako babesa dugu». Amezketak ere sumatu du: «Jende askok galdetzen dit Enekori buruz, ezagutzen duen jendeak, eta ezagutzen ez duenak ere bai». Auzipetuei babesa agertzeko mobilizaziora deitu dute biharko, Iruñean. Anttonutin hasi, eta Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean amaituko dute, herri harresi «sinbolikoa» eginez. Bertaratzeko deia egin dute Villegasek eta Amezketak. Gazteria desaktibatzeko helburua dute epaiketek, bien irudikoz. Baina ez dute lortu. Villegasek argi du: «Kontrako efektua eragin dute; gazte mugimendu indartsua dugu orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.