Xabier Landabidea. Irakaslea eta ikerlaria

«Pentsatu behar dugu teknologia zeren truke erabiltzen dugun»

Adimen artifizialak gizartea goitik behera aldatuko duelako ideia zabaldu da azken hilabeteetan. Ideia hori abiapuntu hartuta, zenbait alorretako profesionalek hausnarketa egin dute UEUren ikastaro batean.

GORKA RUBIO / FOKU.
Isabel Jaurena.
Errenteria
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Azkenaldian guztien ahotan dagoen kontzeptua da adimen artifizialarena. Aukera gisa ikusten dute anitzek, eta errespetuz bertze zenbaitek. Teknologia horrek berekin dakartzan erronka, galdera eta diskurtsoez mintzatu ziren atzo Errenterian (Gipuzkoa). Abiapuntu gisa, hiru alor jorratu zituzten: kazetaritza, hezkuntza eta arte sorkuntza. Badalabek, Errenteriako Udalak eta Udako Euskal Unibertsitateak prestatu zuten jardunaldia, eta Xabier Landabidea (Bilbo, 1981) ikerlari eta irakaslea da ekitaldiaren antolatzaileetako bat.

Pil-pilean dagoen gai bat eraman duzue udako ikastaroetara. Zer helbururekin?

Teknologia eta herria uztartu nahi izan ditugu: Euskal Herriari buruz pentsatu nahi dugu digitalizaziotik, eta alderantziz. Begirada estrabiko bat interesatzen zaigu, ez esatea batzuek euskalgintza bakarrik egin nahi dutela eta beste batzuek informatika bakarrik. Jardunaldia egitean, konturatu gara bi alde horietako eragileak nahastean oso ideia interesgarriak ateratzen direla.

Kazetaritzaren, hezkuntzaren eta arte sorkuntzaren ikuspegiak landu dituzue. Zergatik hiru ertz horiek?

Hiru aitzakia besterik ez dira elkarrekin pentsatzeko: Euskal Herriko eragile eta esperientzia desberdinetatik adimen artifiziala deitu diegun teknologia horiek zein eragin izango duten jakiteko. Horrez gain, iruditzen zaigu edonork uler dezakeela kazetarien lana, hezitzaileena eta sortzaileena ez dela amaitu, baina momentu honetan teknologiek zalantzan jartzen dituzte lan horietako praktika asko eta asko.

Adibidez?

Unibertsitateko langilea naiz ni, eta ikasle bati eskatzen badiot hamar orrialdeko lan idatzi bat etxean egiteko, badakit gaur egun badituela erremintak duela bost edo hamar urte ez zituenak. Horrek, beharbada, behartu behar nau edo behartu beharko ninduke birpentsatzera nire ebaluazioa nola planteatzen dudan, edo zertarako ebaluatzen dudan.

Beraz, adimen artifiziala egunero erabiltzen ditugun tresnetan aurkitu daiteke?

Oraindik leherketa fase batean gaude, eta uste dut gehienok ez dugula etengabe erabiltzen. Hala ere, egia da adimen artifizial deitu ez ditugun teknologia asko erabiltzen ditugula: eguraldiaren aplikazioa eta GPSak, adibidez. Belaunaldi berriko adimen artifizial generatiboen kasuan, ordea, esplorazio fase batean gaude; ez dut uste [egunerokoan] guztiz sartu direnik. Dena den, areagotu egingo da horien erabilera, eta gogoeta interesgarria da pentsatzea tresna horiek existitzeak eta tresna horiek oso onak izateak, beharbada, ez gaituela behartzen horiek berehala erabiltzera eta gure bizitzan sartzera. Pentsatu behar dugu teknologia zeren truke erabiltzen dugun.

Tresna horiei neurria hartzearekin lotuta, adimen artifizialaren mitoaz mintzatu izan zara inoiz.

Teknologiak beti sortzen dira gizarte eta balio sistema baten barruan. Baina teknologiekin batera, horien inguruko kontaketa ere sortzen da: sarritan aurkezten zaizkigu denentzat onuragarri balira bezala, edo hobekuntzaren ideiaren mitoaren barruan. Baina hori birpentsatu beharko genuke, mito horrek badituelako ideia batzuk egiazkoak eta beste batzuk egiazkoak ez direnak. Inportanteena da konturatzea mito batez ari garela.

Kontaketa horren barnean sortutako ideietako bat da adimen artifizialak kontzientzia garatzeko aukera, ezta?

Uste dut halako mezuak ikusten ditugunean distantzia hartu behar dela, adimen artifiziala ez baita magia. Adituek diote ez duela kontzientziarik garatuko, hizkuntza corpusetan oinarritzen diren eredu horiek ez dutelako gaitasunik singularitate bat erdiesteko.

Zer aukera eskaintzen ditu kazetaritzaren, hezkuntzaren eta arte sorkuntzaren alorretan?

Adimen artifizialak gure posizioak birpentsatzera behartzen gaitu. Hau da, kazetariaren lana ez da desagertuko, baina, beharbada, auzitan jarriko du urgentziaz: gailu bat baldin badago, merke, testu asko moldatzeko, kazetariaren funtzioak bestelakoa izan beharko du. Edo hezitzailearen perspektibatik: kalkulagailuak existitzen badira, agian ez dugu jarraitu beharko elementuen taula periodikoa buruz ikasten. Beraz, esango nuke gu deseroso sentiaraztea izango dela adimen artifizialak ekarriko duen lehen ondorioa.

Zertan da teknologia horren egoera Euskal Herrian?

Teknologia eredu horiek corpus oso handiak erabiltzen dituzte, milioika daturekin elikatu behar dira. Euskarak hor baditu muga batzuk, eta muga horiek hor jarraituko dute eredua ez bada matematikoki ikaragarri hobetzen. Tresna gehiago dago prestatuta ingelesaren edo txineraren perspektibatik euskararenetik baino.

Baina, hala ere, erabili dezakegu, ezta?

Bai, badaude enpresa teknologiko oso interesgarriak inguruan, eta badaude eragile asko tresna horiek oso serio hartzen ari direnak. Ez nuke esango superpotentzia bat garenik, eta, gainera, uste dut euskal hiztun moduan ezin garela izan. Dena den, beste olatuak baino arinago harrapatu dugu adimen artifizialarena, eta baditugu aukerak. Gainera, perspektiba kontua ere bada, beste hizkuntza gutxitu batzuekin alderatuz gero potentzia bat baikara.

Nola aurre egiten ahal zaio egoera horri?

Horretaz aritu gara jardunaldian, baina ez dugu lortu posizio komunik. Dena den, beharrezkoa da Euskal Herritik proposamen kolektibo bat egitea, gure lehentasunak ezarri eta arriskuak zerrendatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.