Pentsamendu suizidak izan dituzte hamar gaztetik seik, inkesta baten arabera

Hego Euskal Herriko 3.700 gazte ingururen erantzunak jaso ditu Gurea Geroa plataformak, osasun mentalari buruzko azterketa batean. Eusko Legebiltzarraren esku utzi dute txostena, eta buru osasunari begirako politika publiko berriak jorratzeko eskatu dute.

Gurea Geroa plataformaren inkesta aurkeztu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
Gurea Geroa plataformaren inkesta aurkeztu dute gaur Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2024ko azaroaren 27a
12:30
Entzun

Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako gazteen osasun mentala hitz batekin deskribatu beharko balitz, kezkagarri hitzak nahiko ongi islatuko luke egungo panorama. Hain justu ere, errealitate iluna marraztu du Gurea Geroa atari digitalak gazteen buru osasunaren egoeraz kaleratutako inkesta batean, eta ondorioetan horixe bera bistaratu du: «kezkagarria» dela gazteen buru osasunaren egoera. Bi goiburu nabarmentzeko: galdetutako gazteen erdiek ondoez emozionala sufritzen dute, eta hamarretik seik pentsamendu suizidak izan dituzte noizbait.

Laura Olabarria eta Xabi Murua Gurea Geroa plataformako kideek gaur aurkeztu dute txostena Eusko Legebiltzarrean. Maiatzetik abuztura arte egin zituzten inkestak Hego Euskal Herriko 16 eta 30 urte arteko gazteen artean, eta hainbat gai aztertu zituzten Interneten egindako galdetegiekin: besteak beste, gazteen zoriontasun maila, tristura, pentsamendu suizidak, eguneroko arazoak eta gizarte harremanei eta laguntza emozionalari buruzko pertzepzioak hizpide izan zituzten. Inkestaren ondorioekin batera, gazteek buru osasunaren arta hobetzeko egindako hainbat gomendio bildu dituzte txostenean. Inkesta erantzun dutenen %75 emakumeak izan dira, %22 gizonak eta %3 ez-binarioak. www.gureageroa.eus atarian kontsultatu daiteke inkesta.

Plataformako ordezkariekin batera, lana aurkezten egon da Santi Pisonero soziologoa —haren ardurapean egon da inkestaren edukiaren kudeaketa— eta hark azaldu du inkesta ez dela gazteen osasun mentalaren «argazki finko» bat, baizik eta buru osasunari lotutako «alarma laranjak eta gorriak» identifikatzeko eta politika publikoetan eragiteko asmoz egindako azterlana dela.

Galdetegiari erantzun dioten gazteen ia erdiek onartu dute ez direla zoriontsuak, eta hainbat arrazoi aipatu dituzte: %28rentzat, gizarte eta adiskidetasun harremanak dira atsekabetasunaren iturri; %22rentzat, lan «duina» ezin topatzea; %20k beren nortasuna ikusten dute arazo; eta %18rentzat, emantzipatzeko zailtasunak dira oztopo nagusi. Gehiengo batek (%86k), gainera, onartu du nahi gabeko bakardadea bizi izan duela noizbait; udalerri handietan bizi direnek dute maizenik nahi gabeko bakardadea (%88), inkestak dioenez. Horrek denak guztiz baldintzatzen die etorkizunarekiko pertzepzioa, eta, hala, hiru gaztetik bik diote ezkorrak direla etorkizunari begira.

Inkestatutako gazteen ia erdiek onartu dute ez direla zoriontsuak, eta, arrazoiak ematean, %28k diote harremanak direla atsekabetasunaren iturri, eta %22rentzat, lan «duina» ezin topatzea

Osasun mentaleko arazoen larritasunaren adierazle, datu bat bistaratu du inkestak: hamar gaztetik seik (%59) beren burua zauritzeko pentsamenduak edo pentsamendu suizidak izan dituzte inoiz. Joera hori gehiago ematen da gizonezkoen artean (%60) emakumeen artean baino (%57), eta 17 eta 20 urte bitarteko gazteen artean da bereziki nabarmena (%74). Datuei so, suizidioaren prebentzioan eta laguntza psikologikoan «berehalako ikuspegi baten beharra» azpimarratu dute txostenaren egileek.

Botiken kontsumoa

Horri loturik, bada beste datu kezkagarri bat: inkestan parte hartu dutenen erdiek baino gehiagok (%55ek) antsiolitikoak hartu izan dituzte noizbait, eta %26k depresioaren aurkako botikak kontsumitu dituzte azken hilabetean. 26 eta 30 urte artekoek kontsumitzen dituzte gehien depresioaren aurkako botikak eta antsiolitikoak; %27k, hain justu. Gainera, botika horiek hartu dituzten hamar gaztetik bik medikuaren agindurik gabe kontsumitu dituzte, eta horrek esan nahi du antsietatea eta depresioa kudeatzeko botikak «kontrolik gabe» erabili dituztela, txostenean ondorioztatu dutenez.

LGTBI kolektiboaren osasun mentalaz gazteek duten pertzepzioaz ere datuak eman ditu txostenak. Hala, inkestatutako gazteen erdiek baino gehiagok (%53) uste dute LGTBI kolektibokoek okerrago pasatzen dutela ikastetxean gainerako ikasleen aldean.

Zifrak

%55

Antsiolitikoak noizbait hartu dituztela erantzun dute gazteen %55ek, eta azken hilabetean depresioaren aurkako botikak hartu dituztela esan dute %26k. Hamar gaztetik bik medikuaren agindurik gabe kontsumitu dituzte.

%44

Sakelako telefonoa soinean ez eramateak antsietatea sortzen die inkestatutako gazteen %44ri.

6

Psikologoarengana inoiz joan dira hamar gaztetik sei, baina soilik euren burua «egoera kritikoan» ikusi dutenean.

Teknologiarekiko mendekotasunak buruko osasunean duen eraginari ere behatu diote, eta ondorio batera iritsi dira: mendekotasun digitalak estresa eta buru osasunarekin lotutako gaitzak sor ditzake luzera begira. Horra adibide bat: inkestari erantzun dioten hamar gaztetik lauk diote antsietatea sentitzen dutela sakelako telefonoa soinean ez daramatenean. Sare sozialen erabilerari buruz, berriz, norberaren irudia filtroekin publikatzeko ohitura aztertu dute, eta hauxe emaitza: lau pertsonatik batek filtroekin publikatzen ditu bere buruaren irudiak.

Arta psikologikoa

Gazteek laguntza behar dutenean, ba al dute nora jo? Galdera horretatik tiraka, datu esanguratsuak bildu dituzte. Hamar gaztetik seik erantzun dute psikologoarengana jo dutela noizbait, baina soilik euren burua «egoera kritikoan» ikusten dutenean. Txostenaren egileen ustez, datu horrek agerian uzten du prebentzioan badela gabezia bat.

Arretagunea psikologoarengana joaten ez direnengan jarrita, berriz, gehienek diote ez doazela garestia delako edota nora jo ez dakitelako. Izan ere, inkestak dioenez, osasun mentaleko zerbitzuetara sartzeko oztopo franko izaten dituzte gazteek; bereziki azpimarratu dute zerbitzu horiek garestiegiak direla, eta, ondorioz, behar dutenean, ezin izaten dutela terapiarik edo kontsulta profesionalik egin.

Gazteek buru osasuna hobetzeko egin dituzten gomendio batzuk ere jaso dituzte txostenean. Besteak beste, proposatu dute arta psikologikoa unibertsala izatea, psikologo publiko eta doakoak sustatzea, buru osasunaren inguruan heztea, eta laguntza sare formalak eta ez-formalak abiatzea. «Politika publiko berriak garatzeko gonbidapen bat da inkesta», laburbildu du Muruak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.