Alderaketarik egiterik ez dago: lehenengo aldiz ebaluatu dute PISA ikerketan pentsamendu sortzailea. Zientzian, matematikan eta irakurketan egiten dituzten ikerketak osatzera etorriko da aldagai hori. Horien gaineko azken txostena iazko abenduan aurkeztu zuten, eta kezka sortu zen orduan, Hego Euskal Herriko emaitzek, oro har, okerrera egin zutelako. Gaur jakinarazi dituzten datuetan horra zer ezagutu ahal izan den ikasleek pentsamendu sortzailerako duten ahalmenaren inguruan. Oro har, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakunde OCDE ikasleek lortu duten batezbesteko puntuazioa 32,7 da. EB Europako Batasunarena, apalxeagoa: 32,1. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleak emaitza horretatik behera geratu dira: 31,9 lortu dute. Nafarroakoak, berriz, gorago daude: 33,5.
15 urteko ikasleei egin dizkiete azterketa zabal hau egiteko probak. Gaitasuna neurtu diete idatzizko proben, irudian oinarritutako ariketen, eta arazo sozial eta zientifikoei nola erantzuten dieten ebaluatuta. 64 herrialdetan egin dute.
Propio PISAko adituek pentsamendu sortzailea neurtzeko asmatu duten sisteman lor daitekeen puntuazio gorena 60 da. Ez dago horrelakorik lortu duen herrialderik. Goreneko puntuazio horretara gehien hurbildu den herrialdea Korea da: 38,1. Atzetik, Kanada, Australia, Zeelanda Berria eta Estonia daude. EB Europako Batasuneko puntuazioa gorena du, hain justu, Estoniak: 35,9. Behe-behean, berriz, Bulgaria, Zipre, Kolonbia, Errumania eta Grezia daude. Espainiak erkidego guztiak aintzat hartuta duen batezbesteko puntuazioa 32,8 da. Frantziakoa 32,4.
Ikerketa egiteko zazpi konpetentzia mailari erreparatu diete. Pentsamendu sortzailerako duten ahalmenaren arabera sailkatu dituzte ikasleak maila horietan. Pentsamendu mota horren garrantzia nabarmendu dute ikerketan. Azaldu dute «berritzaile» izaten laguntzen duela, eta arazoei irtenbideak aurkitzeko giltza dela. Hor aurrera egite aldera, berebiziko garrantzia du «arrazoiketa abstraktuak» eta «malgutasunak»: horiek ikasleei ahalbidetzen diete «pentsamendu sakonagoak» izatea eta etengabeko aldaketan den mundu baten premiei erantzuten asmatzeko ahaltsuagoak izatea.
OCDEko batezbestekoaren arabera, pentsamendu sortzailearen konpetentzia maila gorenean daude ikasleen %8,9. EBn %7,6 dira. Nafarroan, justu, ehuneko hori gainditzea lortu dute: goi-goiko maila horretan dauden ikasleak, hain zuzen ere, %7,9 dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, koska bat beherago daude: %5,3 dira.
Hainbat aldagai aztertuta
Generoaren aldagaia aintzakotzat hartuta aztertu dute sormen pentsamendua ikerketa honetan, eta aldagai sozioekonomikoei ere erreparatu diete. «Garrantzitsua da maila apalena izateko arriskua duten taldeak zein izan daitezkeen jakitea, hartara ikasleen artean konpetentzia hobetzeko zer egin daitekeen aztertzeko», ohartarazi dute azterlanean.
ISEK indizea da aintzat hartu duten aldagaietako bat, egoera sozioekonomikoa eta kulturala kontuan hartzeko. Ikasleen jatorria da bestea, migratzaileen artean alderik baden ikusteko. Eta egoera sozioekonomikoak eragin agerikoa du: egoerarik onenean dauden ikasleek pentsamendu sortzaile «handiagoa» dute. Migratzaileen kasuan, herrialdeka egoera aldatu egiten da. Gainerako herrialdeetan bezala, egoera sozioekonomiko apalean dauden ikasleek besteekiko duten aldea agerikoa da Hego Euskal Herriko ikastetxeetan ere. Baina OCDEko eta EBko batezbestekoekin alderatuta, txikiagoa. PISAk kalkulatutako alde horiek 9,5 eta 10,2 dira hurrenez hurren. Nafarroan 6,6 da; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, 6,1.
Generoari dagokionez, oro har, herrialde guztietan ikusi dute konpetentzia hau «handiagoa» dela nesken artean. Nabarmena da: «ertain-altua» da mutil eta nesken arteko aldea herrialde gehienetan. Alderik handiena Finlandian neurtu dute: sei puntu. OCDEn batezbestekoa 2,7 da; EBkoa 2,6. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleen artean apalxeagoa da aldea: 2,4. Nafarroan oraindik ere txikiagoa: 1,7.
Ikerketan jaso dituzte ikasleek eta zentroetako profesionalek sormen pentsamenduaren inguruan dituzten pertzepzioak ere. EBn ikastetxeetako zuzendarien %69k erantzun dute eskolako ikasleak sortzaileak direla. Apur bat gehiago izan dira Nafarroan: %74. Baina ehunekoa apala da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: %57 izan dira.
Ikerketa honen bidez ondorioztatu dute, halaber, emaitza akademiko bikainak beti ez daudela lotuta pentsamendu sortzailerako gaitasun handiarekin.
Gainerakoen pareko
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleen emaitzez galdetu diote Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari. Haren esanetan, «estatuen, erregioen eta autonomia erkidegoen arteko emaitzak ez dira oso handiak». Halaber, gogorarazi du lehenengo aldiz neurtu dutela pentsamendu sortzailea, eta, beraz, emaitzak ezin direla beste urte batzuetakoekin alderatu.
Hortaz, uste du hainbat iturrik urte osoan publikatzen dituzten datu guztiei erreparatu behar zaiela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzaren egoeraren berri izateko. Eta datu baikorrak ere badirela nabarmendu du: eskola uzte goiztiar txikia, unibertsitateko titulua lortzen duten ikasleen kopuru handia eta Lanbide Heziketan egiten duten lana.