Urkulluren agintaldiak 10 urte. Lidergoa

Penduluaren beste aldean

Buruzagi politikoen karismari eta transmititzen dituzten emozioei erreparatzen zaien garaian, Iñigo Urkulluk aurkako guztia ordezkatzen du: kudeaketari lotutako lidergo bat.

Iñigo Urkullu, 2019ko kurtso politikoaren hasieran, Miramar jauregian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iosu Alberdi.
2022ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Lidergo emozionalek eta une oro begirada guztien erdian egoteko beharrak politikaren egunerokoa markatzen duten garaian, kontrako guztiaren irudia da Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu. BERRIAk elkarrizketatutako adituek haren «apaltasuna», «seriotasuna» eta izaera «instituzionala» nabarmendu dituzte. Hura, baina, ezin da ulertu inguruan dituen aktoreei erreparatu gabe; bai Eusko Jaurlaritzan, bai EAJn.

Ikusi gehiago:URKULLUREN EUSKADI, 100.000 HITZETAN

«Penduluaren legearen adibidea da Urkullu lehendakaria», azaldu du Toni Aira UPF-BSM unibertsitateko komunikazio politikoko irakasleak. «Hiperlidergoak» eta horien «hiperemozionalitatea» gailentzen diren testuinguruan, kontrako norabidea hartu duen buruzagi politiko bat. Are gehiago, Airak Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakari ohiaren lidergora jo du Urkullu haren «kontrapuntu» bezala aurkezteko: «Politika polarizatu, oldarkor eta gogorraren nolabaiteko kolapso une batean, lasaitasuna bilatzen du».

Airaren esanetan, joko zelaian jartzen diren emozioekin eta horien dosi egokiarekin asmatu behar du lider politiko batek. «Gorrotoa, haserrea, gogoa, positibotasuna...», askotarikoak izan daitezke. Hala, diferentziak diferentzia, Alemaniako kantziler ohi Angela Merkelekin alderatu du Urkullu. «Ereduaren bidezko miresmena jarri zuen jokoan». Hau da, «kudeaketa eraginkorrean» eta «pragmatismoan» oinarritutako lidergoa: «Lidergo kontrolatua eta kudeaketari oso lotua. Une aztoratu eta aldakorretan sendo ageri den ainguralekua».

«Karisma falta» leporatu zaio sarri Urkulluri. Silvan&Miracle aholkularitza enpresako politologo Eva Silvanen ustez, baina, beste zenbait ezaugarrirekin osatzen du hori. Horien artean nabarmendu du «kudeaketaren, egonkortasunaren eta emaitzen efizientziaren aldeko apustua».

Sudergintza kooperatibako ikerlari Zuriñe Rodriguezek ere «instituzionalizazioaren» ikur bezala irudikatu du lehendakaria; «seriotasuna eta apaltasuna» erakusten dituen liderra. Urkulluren ezaugarrien artean nabarmendu du, ordea, krisi eta tentsio uneetan albo batera egin ohi duela, beste gobernukide edo alderdikide batzuei lekua eginda. Hala, «ondo edo gaizki kudeatu», ondorioak ez ditu Urkulluk jasango, sailburuak baizik. Ondoren, «berak kapitalizatzen ditu sailburuen garaipenak, baina porrotak ez ditu bere gain hartzen». Kasu horietan, «salbatzaile» gisa ere agertu daitekeela azaldu du Rodriguezek. Esaterako, aurrekontu negoziazioetan Pedro Azpiazu Ogasun sailburua izan da aurpegi nagusia. Urkullu, berriz, behin negoziazioak hautsita atera zen: «Bera da EH Bilduri errieta egiten diona, nahiz eta negoziazioetan isilik egon».

Rodriguezek gehitu du lidergo mota horrek beharrezko dituela alboan dituen «lider indartsuak»; hala nola, EAJren EBBko presidente Andoni Ortuzar. Hor datza EAJren ezaugarri nagusietako bat: hauteskundeetarako hautagaia eta alderdiko burua bereiztearena. Bestela esanda, bizefalia politikoa.

Airak uste du eredu hori onuragarri zaiola EAJri, baina euskal testuinguru politikoarekin lotu du haren erabilgarritasuna. Besteak beste, egun, EH Bilduk zein Ahal Dugu-k ere formula bera erabiltzen dute. Bada kanpotik ere egituraketa eredu horri begiratzen dionik. Airak Kataluniako alderdi nagusiak jarri ditu horren adibide. Haren hitzetan, ERCk EAJren eredutik jo dut lidergo motei dagokionez. Batetik, Pere Aragones Generalitateko presidentea —«planoagoa eta instituzionalagoa»—; bestetik, alderdiko buru Oriol Junqueras —«karismaduna, eta punch gehiagorekin»—. JxCk ere, «nola edo hala», halako eredu bat duela azaldu du, baina alderantzizko noranzkoan. Laura Borras hautagai «emozionalagoa» eta Jordi Turull idazkari nagusi «apalagoa».

Horrek guztiak, 2012tik hona izandako krisi katea kudeatzeko lider «perfektua» bilakatzen du Urkullu, Deustuko Unibertsitateko irakasle Braulio Gomezen aburuz. Izan ere, azaldu du halako momentuetan herritarrek ez dutela etorkizuneko planik edo gidarik eskatzen, «oraina kudeatzea» baizik. Bestela esanda, arazo berririk eragiten ez duen lider bat. «Bere lidergoak ez luke bat egingo izan litezkeen ametsen eta eraldaketa estrukturalen garaiekin».

Bere egiten

Urkulluk gidatutako lehen gobernua EAJko kideek soilik osatu zuten, gutxiengoan. Bigarrena, PSE-EErekin koalizioan egin zuten; hura ere gutxiengoan. Ez da, beraz, hirugarrenera arte iritsi gehiengo osoa, 2020ko bozen ostean. Hala, Silvanek azaldu du «gutxiengoan gobernatzera ohituta dagoen lider bat» dela Urkullu, eta horrek gainerako alderdiekin akordioak ixtera behartu duela. Izan ere, PSE-EErekin bi gobernu akordio ixteaz gain, aurrekontu akordioak lortu ditu PPrekin, Elkarrekin Podemos-IUrekin eta EH Bildurekin ere. Akordio horien emaitzak plazaratzerakoan izandako jarrera ere aztertu du Silvanek: «EAJ gai da herritarrei ikusarazteko eurenak direla, gobernuarenak».

Ikusi gehiago:Agintaldi baten aztarnak

Bide beretik, Gomezek azaldu du «klase politikoaren anfitrioi onaren forma» hartzen duela lehendakariaren lidergoak. Horregatik errepikatzen du beti koalizio bera —PSE-EErekin—, eta horregatik lortu du aurrekontu akordioren bat oposizioko alderdi guztiekin. «Bere etxean gustura sentitu dira Alderdi Popularretik EH Bilduraino, unearen arabera». Bestela esanda, «establishment-aren iruditzat» jo du, Mendebaldeko demokrazia gehienetan behera egin duen figura mota bat.

Gainerako alderdiekin duen jarrerari erreparatzeko genero aldagaiari erreparatu dio, berriz, Rodriguezek. Lehendakariak oposizioarekin diskurtso «serio eta diplomatikoa» izan ohi duen arren, uste du emakumeekin «tutorizazio eta infantilizazio jarrera» bat duela; batez ere, EH Bilduko Maddalen Iriarteri eta Elkarrekin Podemos-IUko Miren Gorrotxategiri zuzentzen denean. «Modu kolektiboan egiten die erreferentzia: 'Zure alderdia'. Carlos Iturgaizi, Eneko Anduezari, Mikel Oterori eta David Sotori, berriz, zuzenean zuzentzen zaie», argitu du: «Modu sinbolikoan, autoritate gehiago ematen die gizonei».

Beste lau urte?

Hamar urte bete ditu Urkulluk lehendakari karguan, eta ezustekorik ezean, beste bi ere egingo ditu. Gutxienez. Oraindik ez baita argitu berriz aurkeztuko ote den. «Egungo datuekin, berriro aurkeztu liteke», erantzun du Silvanek. Argudiatu du herritarren %96k ezagutzen duela, eta hamarretik 5,4ko puntuazioa ematen diotela inkestek; beste inorena baino handiagoa. «Zenbaitek karisma edo sinpatia handiago baten falta sumatzen dute, baina berari ez dio negatiboki eragiten; eraginkorra zaio».

«Transbertsala da», gehitu du Gomezek: «Inork ez dio uzten EAJ bozkatzeari Iñigo Urkullu gustatzen ez zaiolako. EAJk, berriz, mailegatutako boto asko jaso ditu lehendakariaren irudi moderatuagatik».

Hala, Silvanek uste du Urkullu ez aurkezteak «ziklo bat amaitzeko» eta «lidergo berriei leku bat egiteko» beharrari erantzungo liokeela, Urkulluren lidergoa agortzeari baino gehiago. Iritzi berekoa da Aira: «Urkulluk bere ikusgarritasuna kontrolatzen du, eta horrek, nolabait, babestu egiten du, ibilbide luzeago bat izateko aukera emanez». Izan ere, lider politikoen iraungitze data, neurri batean, haien ikusgarritasunarekin lotu du unibertsitateko irakasleak.

Rodriguezen arabera, berriz, EAJren estrategia zein den jakin beharko da hautagaitza argitzeko. Azken bozetan, EAJk emakumeen eta gizonen arteko binomioaren aldeko apustua egin duela azaldu du, eta logika horri jarraituz, antzera jokatu dezakeela aurrera begira ere. Halere, Rodriguezek errazago ikusten du EBBko buru emakume bat jartzea lehendakaritzara aurkeztea baino, betiere egungo lidergoen ezaugarriei eutsi nahi badiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.