Abitu grisa eta urdina eramango zukeen atzo Pello Zabalak; laino grisezkoa, baina zeru urdineko tarteekin. «Euskaldunok gainean eraman behar dugun eguneroko soinekoa da eguraldia», esan zuen Zabalak berak BERRIAn 2005ean egindako elkarrizketa batean. Hala ere, Arantzazuko Santutegi aurrean laino grisen atzean eguzki biribil eta argitsu bat antzeman zitekeen atzo, haren aldeko hiletan.
Herenegun hil zen Pello Zabala fraide frantziskotarra, idazlea, euskaltzalea eta eguraldi iragarlea, 78 urte zituela. Euskal Herriko hainbat pertsona ezagun igo ziren atzo Arantzazura, Zabalari azken agurra ematera; besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria: «Hutsune handia utziko du gizarte osoan. Oinordekotza handia utzi du, eta espero dut haren haziak fruituak emango dituela», esan zuen Zabalari buruz. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ere adierazi zuen «euskaldunen iruditerian» egongo dela betiko.
Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea ere hiletan izan zen. Estimu handia zion Iriartek fraide frantziskotarrari: «Oso inguruan izan dut irratian ibili naizenean; telebistarako deitzen nionean ere beti baiezkoa ematen zidan, eta euskalgintzan aritu garenontzat erreferente bat izan da».
Fraidearen familiakoak ere bertan izan ziren. Santutegiko atarian «goxo» hartzen zituen osaba bezala oroitzen du Aritz Saenz de Nanclares ilobak, eta harritu egin du Zabalaren heriotzak izan duen oihartzunak: «Gaur konturatu naiz nolako garrantzia izan duen osabak. Familiakoa zenez, batzuetan ez gara ohartzen norainoko eragina zeukan».
Atzo hileta elizkizunera sartu aurretik bildu ziren leku berean, Arantzazuko Santutegiko atarian, gogoratu dute beste askok ere; Arantxa Arza Euskadi Irratiko Landaberri saioko aurkezleak, esaterako: «Arantzazura etortzen ginenean ere beti galdetzen nuen harengatik, eta hemen azaltzen zen». Zabalaren «komunikatzeko gaitasuna» azpimarratu zuen Arzak. Jakoba Errekondo dibulgatzaileak, berriz, haren jakinduria nabarmendu zuen: «Pertsona jakintsu bat galdu dugu; Euskal Herriko jakintsuenetako bat».
Atari horretan bertan hartu zituen Zabalak Kontuz Atsuak! saioko protagonistak ere. Bertan izan zen atzo Anjel Alkain umorista Maikruxena egiten zuen: «Umoretsua zen; bizitzaz gozatzea gustatzen zitzaion, eta bazirudien harentzat umorea garrantzitsua zela ondo bizitzeko».
«Ekarpen neurtezina»
Beatriz Zabalondo Berria Taldeko administrazio kontseiluko presidenteak, berriz, «BERRIAri egindako ekarpena» eskertu nahi izan zion: «BERRIAri egin zion ekarpena neurtezina da. Garai zailetan prestutasuna adierazi zuen administrazio kontseiluko kide izatea eskaini genionean».
Kanpora begira izan duen oihartzunaz gain, «barrura begirakoa» ere nabarmendu nahi izan zuen Juan Migel Dorronsoro Arantzazuko Santutegiko Guardianoak: «Pello dimentsio askotako gizona zen. Elizkizunetarako kantu asko sortu eta moldatu zituen, eta irakurzaletasun handia ere bazuen».
Elizkizunaren ondoren, Arantzazuko bihurguneetan behera jaitsi ziren santutegian bildutakoak; fraidea zeruan dagoelakoan batzuk, betiko Arantzazun geratuko delakoan besteak. Edo biak. «Honaino nentorrela, pentsatu dut: Non dago Arantzazu? Badirudi Arantzazun dagoela zerua bera», adierazi zuen Iriartek.
Pello Zabala «jakintsua» omendu dute Arantzazun
Frantziskotarra zenaren lagun eta senideek azken agurra eman diote. Fraidearen sen ona nabarmendu dute hiletara joandakoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu