Pello Otxandiano ez da EH Bilduko programa zuzendaria izango aurrerantzean

Gaur hasiko da EH Bilduren Mahai Politiko berria aukeratzeko prozesua. Sonia Jacinto eta Nerea Kortajarena proposatu dituzte Antolakuntza eta Programa idazkaritzak hartzeko. Prozesua otsailaren 8an amaituko dute, III. Kongresua egindakoan.

Pello Otxandiano, urrian, Donostian egindako agerraldi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Pello Otxandiano, urrian, Donostian egindako agerraldi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Iosu Alberdi - Paulo Ostolaza
2025eko urtarrilaren 19a
10:40
Entzun

EH Bilduren Mahai Politikoak argitu du Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak nor izan nahi dituen inguruan hirugarren mandatuan. Koalizio subiranistak gaur abiatu du III. Kongresura iristeko azken fasea, zuzendaritza berria osatzeko hautagai zerrendaren berri emanda. Otegirekin batera, Sonia Jacintok, Arkaitz Rodriguezek, Nerea Kortajarenak eta Gorka Elejabarrietak beteko dituzte koalizioko «ardura nagusiak», hau da, bost idazkaritzak.

Berritasun nagusia da aurrerantzean programa zuzendaria ez dela Pello Otxandiano izango, koalizioaren Eusko Legebiltzarreko bozeramailea.

Zuzendaritzak aldaketa gehiago ere proposatu ditu kongresuan eztabaidagai izan duten antolaketa txostenean. Horietako bat da zuzendaritza politikoaren eredua moldatuko duela, erakundea kudeatzeko eredu praktikoago bat ontzeko asmoz. Hartara, egun Mahai Politikoak dituen eskumenak bi ganberaren artean banatuko dituzte: Idazkaritza eta Mahai Politikoa. Lehena «eguneroko zuzendaritzaz» arduratuko da, eta bigarrena «epe erdi-luzerako begiradarekin» arituko da.

Aldaketa hori dela-eta, Otegik koordinatzaile nagusi izateari utziko dio, eta idazkari nagusi bihurtuko da. Militanteek hala berresten badute, bidelagun hauek izango ditu koalizioaren gidaritzan: Jacinto izango da Antolaketa idazkaria, Rodriguez Ekintza Politikoko idazkaria, Kortajarena Programa idazkaria eta Elejabarrieta Harremanen idazkaria. Izan ere, horiena guztiena «hautagaitza kolektiboa» da, eta hala bozkatuko da kongresuan.

Talde horrek Idazkarien Batzordea osatuko du, orain arte Gari Mujika zuzendari nagusiaren esku zeuden ardurak «kolektibizatzeko». Era berean, bakoitzak bere karguari dagozkion ardurak izango ditu. Zehazki, oinarrizko txostenaren arabera, Otegiren lana izango da «estrategia politikoa diseinatzea eta jarraipena egitea», eguneroko lanak gainbegiratzea eta EH Bilduren bozeramaile izatea. Jacintok bere gain hartuko ditu barne koordinazioa eta pertsonen kudeaketa —ondoko bat izango du—; Rodriguezen ardura izango da estrategia politikoa ekintza politiko, sozial eta instituzionalera bideratzea; eta Elejabarrietak koalizioaren harreman politikoak kudeatuko ditu.

Kortajarenak, berriz, EH Bilduren programa politikoaren osaketa gidatuko du, baita instituzio nagusietako hauteskunde programak gainbegiratuko ere. Era berean, haren esku egongo da arlokako idazkaritzen koordinazioa.

Bost sail

Hain zuzen, eredu berriak beste bost sail aurreikusten ditu idazkaritzaren barruan. Mahai Politikoaren proposamena ontzat joko balitz, Unai Urruzunok hartuko du Politika Instituzionaleko Saila, Onintze Oleagak Udalgintza, Imanol Nietok Eraketa —tokiko egiturei begira—, Igor Zulaikak Nazioarteko Harremanak eta Gari Mujikak Komunikazioa. Horien aukeraketa prozesua indibiduala izango da.

Horiekin batera, Idazkaritzako kide izango dira Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako arduradun politikoak eta Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko eledunak; egun, Pello Otxandiano eta Laura Aznal dira, eta haiek jarraituko dute behar horretan. Lau lurraldeetarako proposatutako arduradun politikoak, berriz, hauek dira: Iban San Saturnino Arabakoa, Nahia Sanz Bizkaikoa, Nekane Zinkunegi Gipuzkoakoa eta Miren Zabaleta Nafarroakoa.

Horien guztien eskumena izango dira aurrerantzean, besteak beste, koalizio subiranistaren «proiektu politikoa zuzentzea», barne organoak ikuskatzea eta barne antolaketa bideratzea, bestelako erakundeekin harremanak izatea, eta hauteskunde kanpainak antolatzea.

Aipatutakoek ez ezik, hauek ere osatuko dute Mahai Politikoa: Sortuko, EAko eta Alternatibako ordezkariek ─hurrenez hurren, Arkaitz Rodriguez, Eba Blanco eta Oskar Matute─, Espainiako Kongresuko eta Senatuko eta Europako Parlamentuko eledunek —Mertxe Aizpurua, Gorka Elejabarrieta eta Pernando Barrena—, lurralde bakoitzeko hiruna kidek, Feminismo idazkariak eta Gazte idazkariak. 

Otsailaren 8a

Mahai Politikoan, epe ertain-luzerako begirada izatea dute xede; besteak beste, urteko plan politikoen zein Kongresuetan jorratuko diren txosten politikoak aurkeztea, zuzendaritza organoetarako hautagaiak izendatzea eta EH Bildu parte den koalizioetarako ordezkariak zehaztea.

Koalizio subiranistak irailean egin zuen Konferentzia Politikoa, eta harekin ekin zion kongresu prozesuari. Lehen zatian, Mahai Politikoak proposatutako oinarrizko txostena izan zuten hizpide bildutakoek, eta gaurtik aurrera proposamen hori aurrera eramateko zuzendaritza hautatzeko prozesua hasiko da. Prozesua otsailaren 8an amaituko da, Iruñean, III. Kongresua bukatutakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.