Gaur eguerdian zendu da Pello Apezetxea Zubiri. Goizuetan (Nafarroa) jaio zen 1932an, eta Etxalarren (Nafarroa) bizi zen. Apaiza, idazlea, euskaltzalea, ohorezko euskaltzaina eta Ttipi-ttapa fundazioko lehendakaria zen. Etxalarko apaiza zen duela 53 urte, eta euskaraz eta euskararen alde aritu zen beti. Etnografia eta etnologia lanak argitaratu zituen. Gaur egingo dituzte haren aldeko hileta elizkizunak, Etxalarren, 17:00etan.
Goizuetan jaio zen, baina Etxalarren pasatu zituen bizitzako urte gehienak. BERRIAri 2019ko uztailean eskainitako elkarrizketa batean kontatu zuen hamabi urte igaro zituela seminarioan, gero Etxarri Aranatzen hamar urte, eta ondoren Etxalarrera joan zela. Herritik eta etxetik zetorkion euskaltzaletasuna, kontatu zuenez. Bereziki Etxarri Aranatzen garatu zitzaion euskararekiko atxikimendua: «Elizan-eta euskaraz hitz egiten genuen, jendearekin ere bai». Bortzirietan sortu zen euskararen aldeko mugimenduaren parte izan zen, eta, BERRIAri kontatu zionez, elizan euskaraz aritzea beren erabakia izan zen. Euskalgintzan egindako lanaren adierazgarri izan zen Ttipi-Ttapa fundazioan eginiko lana ere.
Ikerketan ere aritu zen, etnografian. Jakin-mina piztuta hasi zen etnografia ikertzen, eta Etxalarko hilarriak liburua argitaratu zuen. Beste hainbat libururen egilea ere bazen. 2006an, Etxalar. Bi erreka arteko Andre Maria Eliza liburua argitaratu zuen. 2009an, Etxalarko historiaren zenbait jakingarri eta Etxalarko etxeen izenak. 2016an Teodoro Arburuak idatzitako Etxalarko kronika eta kontakizun zaharrak bildu zituen liburu batean.
Hilberria
Pello Apezetxea euskaltzale eta Etxalarko apaiza hil da
90 urte zituen. Apaiza, idazlea, euskaltzalea, ohorezko euskaltzaina eta Ttipi-ttapa fundazioko lehendakaria zen. Bihar arratsaldean izango dira hileta elizkizunak, Etxalarren (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu