Peio Etxelekuk eta EAJko hiru hautagaiek Fronte Popularraren alde bozkatuko dute bigarren itzulian

Eskuin muturraren «mehatxuari» buru egiteko hartu dute erabaki hori. Peio Dufauri konfiantza egiten diote ideia abertzaleak Parisera eraman ditzan. Dufauk engaiamendua hartu du diputatu gisa hautatua bada Frantzia Intsumisoaren taldean ez sartzeko.

Mirande-Bec, Telletxea eta Erramuzpe, Bidarten egin duten agerraldian. PATXI BELTZAIZ
Mirande-Bec, Telletxea eta Erramuzpe, Bidarten egin duten agerraldian. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugarai - Ekhi Erremundegi Beloki
2024ko uztailaren 3a
11:16
Entzun

«Euskadi eta gure demokrazia mehatxu handi baten aurrean dira». Hala adierazi du Peio Etxeleku EAJren Ipar Buru Batzarreko buruak hedabideei bidali dien agirian. EAJk eskuin muturraren kontrako botoa ematera deitu zituen herritarrak astelehenean. Etxeleku argiago mintzatu da: baieztatu du Peio Dufau EH Baiko kide eta Fronte Popularreko hautagaiaren aldeko botoa emanen duela igande honetan. Erabaki bera hartu dute Frantziako Asanblearako hauteskundeetan EAJk Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan aurkeztu zituen hautagaiek: jakinarazi dute Fronte Popularraren alde bozkatuko dutela bigarren itzulian. «Alderdiaren adierazpenarekin bat egiten dugu, baina gure erabaki pertsonala zein den erran nahi dugu».

Etxelekuk erran du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta haren alderdiak «erantzukizun handia» dutela, RN Batasun Nazionala «arku errepublikanoan» sartzeagatik. Haren erranetan, ezin zaie konfiantza egin Frantziako Asanblearako bozetan aurkeztu diren Macronen hautagaiei. Bertzalde, adierazi du EAJ bere baloreei «atxikia» dela, eta eskuin muturrari bidea hestea erabaki duela, «gure herriari hainbat kalte eragin dizkiolako».

Arrazoi horiek direla eta, uste du legebiltzarreko hauteskundeen lehen itzulian garaile atera diren Fronte Popularreko hiru hautagaiei (Colette Capdevielle, Iñaki Etxaniz eta Peio Dufau) boza ematea dela eskuin muturrari bidea mozteko «hauturik eraginkorrena». Gainera, azpimarratu du berak seigarren hautesbarrutian Peio Dufauri emanen diola botoa, hura delakoan eskuin muturraren mehatxutik «hobekien» babestuko dituena. Indar demokratiko guztiak batzeko garaia dela gaineratu du, «Euskadi solidarioago, azkarrago eta justuago» baten alde.

Astelehenean, EAJ EH Baiko ordezkariekin elkartu zen, baita Christian Deveze seigarren hautesbarrutiko Ensembleko hautagaiarekin ere. Bi elkarrizketa horien ondotik erabaki dute EAJko kideek beren boto pertsonalaren berri ematea. Jean Telletxea EAJren seigarren hautesbarrutiko hautagaiak jakinarazi du goiz honetan Dufaurekin buruz buru bildu dela, eta ezkerreko abertzaleak engaiamendua hartu duela diputatu gisa hautatua izanez gero Frantzia Intsumisoaren talde parlamentarioan ez sartzeko. 

«Beldurra eta erantzukizuna»

Agerraldia egin dute Frantziako Asanblearako hauteskundeetako lehen itzulian EAJk aurkeztu zituen hiru hautagaiek, eta bakoitzak bere hitzekin, esplikatu dute zergatik hautatu duten bigarren itzulian Fronte Popularrari botoa ematea. Hiruren artean 6.000 hautesle baino gehiagoren babesa eskuratu zuten; boto horietatik 3.700 seigarren hautesbarrutian bildu zituzten. Boto horiek pisuzko babesa izan litezke Dufauren hautagaitzarentzat igande honetako lehian. 

Dufau «Euskal Herriarentzako lider bat» izan daitekeela erran du Telletxeak: «Abertzale izanik, Euskal Herriarentzat onena den hori hautatu behar da». Ezkerreko abertzaleari zuzenean mintzatu zaio prentsari egin dizkion adierazpenetan: «Batasun Nazionalari buru egiteko hobekien kokatua dena zara: hobekien kokatua Euskal Herria defendatzeko, bai eta hizkuntzaren eta identitatearen erronkak, gobernantzaren eta deszentralizazioaren baliabideak, laborantza herrikoia eta elikadura burujabetza, gure lurraldeko zerbitzu publikoak, ekitatea eta elkartasuna ere». 

Gracianne Mirande-Bec laugarren hautesbarrutiko hautagaiak «beldurra eta erantzukizuna» aipatu ditu. «Gure eskubideak arriskuan daude, gure demokrazia arriskuan dago». Emaztea eta bi haurren ama dela azpimarratu du: «Seme-alaben geroak kezkatzen nau». Horrek erabakiak hartzera bultzatu duela erran du: «Gure oreka politikoa atxikitzeko ahalegin guziak egitea da demokraten ardura; abertzaleen ardura, Ipar Euskal Herrian askatasunak defendatzeko borrokan jarraitzea; amen ardura, seme-alabeei herrarik gabeko mundu bat bermatzea». Igandean Iñaki Etxanizen hautagaitza babestuko duela erran du.

Jean Pierre Erramuzpe izan zen bosgarren hautesbarrutiko hautagaia. Azpimarratu badu ere ezinezkoa zaiola Fronte Popularreko kide den Frantzia Intsumisoak defendatzen dituen «ideiak eta jarrerak» babestea, erran du igandean Colette Capdevielle eta Alain Iriart babestuko dituela. «Jakinen dute gu ordezkatzen eta defendatzen, eta abertzaleen ahotsa Parisera eramaten».

Hautetsi andanak sostengatu du Dufauren hautagaitza

Agerraldia egin du Peio Dufau EH Baiko kide eta Fronte Popularreko seigarren hautesbarrutiko hautagaiak Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta haren hautagaitza babestu dutenen zerrenda eman du. Horien artean dira Eneko Aldana Ziburuko auzapeza, Filipe Aramendi Urruñakoa, Bruno Carrere Uztaritzekoa, Kotte Ezenarro Hendaiakoa eta Mikel Hiribarren Itsasukoa. Sostenguen artean dira ere Frederique Espagnac PSko senataria eta Sylviane Allaux PSko diputatu ohia, baita Christine Bessonart Senpereko auzapez ohia ere. Azkenik, Akitania Berria eskualdeko, Pirinio Atlantikoetako departamenduko eta hainbat herriko etxetako hautetsi batzuek ere bere alde egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.