Peio Etxeleku Kanboko hautetsi eta EAJren Ipar Buru Batzarreko lehendakariak agerraldia egin du goizean, Kanbon (Lapurdi), iragan asteazkeneko herriko kontseiluan izandako gertakarien harira. Jean François Lacosta hautetsiarekin batean, «gibeltasunez» mintzatu nahi izan dute, beren interpretazioa egiteko. Biek osatutako testua irakurri du Etxelekuk prentsaren aitzinean, «hitz bakoitzak bere garrantzia baduela» azpimarratuz. Haren ustez, herriko kontseilua «leku sakratua» izanik ere, gertatutakoa ezin da ulertu «Marieneko dosierraren mamia aipatu gabe». «Eskaladaren logika» gelditu behar dela erran du, eta, horretarako, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariari galdetu dio bitartekaritza lana egin dezan, «partaide guziak mahai inguruan bilduz».
Izan ere, joan den asteazkenean, laborariak Kanboko herriko kontseiluan sartu ziren Marieneko lurren defentsan, harrabotsa eginez. Jendarme, manifestari eta hautetsien arteko bultzada mugimenduan, Christian Deveze auzapeza erori zen, eta batzuek eta besteek salaketak egin zituzten «hautetsien kontrako bortizkeria oro» kondenatzeko.
Etxeleku eta Lacosta ez ziren kontseiluan izan «arrazoi pertsonal» batzuengatik, baina, hala eta guztiz ere, beren interpretazioa egin dute. «Lehen erreakzioak emozioaren erregistroan» plazaratuak izan direlakoan daude, eta «gibeltasuna hartzea» eta Marieneko afera oroitaraztea ezinbestekoa iruditu zaie. Bestalde, erran dute Kanbon etxebizitzaren gaia ez dela Marieneko lurretara mugatzen: Usimendia inguruko lurren kasua ere aipatu dute. Haien ustez, dosier horien kudeaketa «nahiko iluna» izan da, eta Devezek ez du eztabaidarako aterik ireki, prozedura juridikoak martxan zirela argudiatuta. «Gaiari buruzko eztabaida eskasaren ondorio dira sumindura eta aldarrikapen ekintzak».
Marieneko lurrei begira, gainera, eskualdeko Bouygues Immobilier enpresako arduradunarekin «duela hilabete batzuk» izandako eztabaida bat kontatu du Etxelekuk —enpresa horrek eraikitzekoak ditu bizitegiak Marieneko lurretan—. «Erran zidan horiek ez dutela herrien kontra egiteko usaiarik, eta, beraz, herriak proiektuari ezezkoa emanez gero ez luketela aitzinera eginen».
Interpretazio eztabaidatua
Iragan asteazkenean gertatutakoa testuinguru horretan kokatu du Etxelekuk. «Erran gabe doa laborarien manifestazioa bultzada batekin eta auzapezaren erorikoarekin finitu izana deitoragarria dela. Hautetsiek, beren engaiamendua dela-eta, errespetatuak izatea merezi dute. Hala eta guziz ere, eztabaida baketsu bat helburu dudanez, ez dut laborarien ekintzari buruz kondenatu hitza erabiliko. Ez dut uste nahitarako bortizkeriarik erabili denik», gehitu du.
Bestalde, Elkargoko Errobiko poloko buru gisa, eremuko auzapez guziak biltzeko deia egin zuen herriko kontseiluaren biharamunean, auzapezek elkarren arteko solasaldi bat izan zezaten gertatutakoaren inguruan. Etxelekuren arabera, «ezinezkoa» izan da poloaren izenean posizio bakarraren inguruan ados jartzea. Argi du egin duen interpretazioagatik ez duela auzapez batzuek eskatu dioten «kondenatze esplizitua» betetzen, eta onartu du Errobiko poloko hautetsi batzuek hala nahi izanez gero prest dela konfiantzazko bozketa bat egiteko. «Ene arima galdu baino, nahiago dut ene postua galdu», trenkatu du.
Gaur arratsean herriko kontseilua eginen dute berriz Kanbon, besteak beste buxeta aipatzeko. Bihar, berriz, hautetsi batzuek dei egin dute Kanboko herriko etxearen aitzinean biltzeko, Devezeri elkartasuna adierazteko.