Ekhi Erremundegi Beloki.
PUNTUA

Peio Dufauren erabakia

2025eko otsailaren 5a
19:00
Entzun

Aurrekontu baten bozketak definitu ohi du parlamentu batean nork babesten duen gobernuaren ekintza eta nor kokatzen den oposizioan. Hala erran diete behin eta berriz Frantzia Intsumisoko kideek Alderdi Sozialistakoei, sozialistek zentsura mozioa ez babesteko erabakiaren berri eman ondoren. 

Izan ere, François Bayrou lehen ministroak 49.3 artikulua erabili du, eta, hala, aurrekontuaren inguruan bozkatzeko aukera kendu die diputatuei. Zentsura baizik ez dute, beraz, desadostasuna agertzeko eta posizionatzeko. «Zentsura ez babestea gobernuari babesa agertzea da gobernuan parte hartu gabe. Bayrouri eta Macroni modua emanen diozue urtebetez austeritate politikak eta suntsiketa sozialekoak egitea. Ez dute horretarako bozkatu zuen alde», zioen Eric Coquerel Frantzia Intsumisoko diputatuak astelehenean. 

Uztaileko bozen ondotik, Alderdi Sozialistaren talde parlamentarioan sartu zen Peio Dufau EH Baiko diputatua. Argudiatu zuen horrela «errazagoa» izanen zela Iñaki Etxaniz eta Colette Capdevielle Ipar Euskal Herriko beste bi diputatuekin lan egitea —biak PSkoak dira—. «Ez du erran nahi bat egiten dugula gai guzietan», azpimarratu zuen. Bayrou izendatu ondotik, PSen erabakiarekin bat egin ez eta zentsura babestu zutenetarik izan zen Dufau —baita Etxaniz ere—.

Aldi honetan ere, lehen zentsura mozioa babestea erabaki du Dufauk; gobernuari babesa agertzea ulergaitza zatekeen. Era berean, PSk Fronte Popular Berriarekin haustea erabaki duen honetan sozialisten taldean segitzeak ere duda sor lezake.
Bozketa aitzin ez komunikatzea erabaki du Dufauk. Ikusteko dago hemendik aurrera zer erabakiko duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.