Peio Dufau PSren talde parlamentarioan izanen da Frantziako Asanblean

Argudiatu du horrela «errazagoa» izanen dela Etxanizekin eta Capdeviellerekin lan egitea. Bihar izanen da asanbleako lehen saioa, Parisen, eta ezkerraren hautagaitza babestuko du presidentetzarako.

Peio Dufau, Frantziako Asanblearako hauteskundeen bigarren itzuliko gauean. PATXI BELTZAIZ
Peio Dufau, Frantziako Asanblearako hauteskundeen bigarren itzuliko gauean. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko uztailaren 17a
12:03
Entzun

Peio Dufau EH Baiko kide eta Fronte Popular Berriko diputatua hasia da lanean Parisen. Diputatu eserlekua hartu zuenetik, behin baino gehiagotan izan da Frantziako hiriburuan, gorabehera administratiboak kudeatu eta inguruan izanen duen lantaldea osatzeko lanetan. Halaber, asanblean izanen duen jarduerari buruzko lehen erabakiak hartu ditu. PS eta haien gisakoen talde parlamentarioan parte hartuko duela jakinarazi du EH Baiko kideak.

Frantziako ezkerrean PS eta Frantzia Intsumisoa hegemonia gatazka betean ari direla, ez da «posizio hartze bat» Dufauren hitzetan, hautu praktiko bat baizik. «Ez du erran nahi bat egiten dugula gai guziekin», azpimarratu du. «Frantziako Asanblean, talderik gabe, ez zara deus, eta Ipar Euskal Herriko beste bi diputatuekin —PSko Colette Capdevielle eta Iñaki Etxanizekin— lan egitea errazagoa izanen da horrela». Hitza hartzeko ere «erraztasunak» emanen dizkiotela erran du. 

Bihar izanen da Frantziako Asanbleako lehen saioa, Parisen: talde parlamentarioak osatu, eta presidentea izendatuko dute. Fronte Popular Berria osatu zuten lau alderdiak hautagaitza bakarra aurkezteko ados eman direla eta haren aldeko boza emanen duela baieztatu du Dufauk. Andre Chassaigne komunista izanen da.

Anartean, lehen ministroari buruzko negoziazioetan segitzen dute ezkerreko indarrek, desadostasunetan katramilatuak. «Bakoitza bere saltsan» ari dela erran du Dufauk, eta halako kalapitak plaza publikora ateratzearen lanjeraz ohartarazi du. «Gu ez gara horretan sartzen; denekin eraiki nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.