Fronte Popular Berriko diputatua

Peio Dufau: «Frantziako ezkerrarekin parez pare mintzatzeko aukera izanen dugu»

Abertzale bat Parisen diputatu izatearen garrantzia azpimarratu du Dufauk, eta hainbat aldarrikapen aitzinarazteko lan eginen duela erran. Uste du posible izanen dela Frantziako ezkerrak gobernatzea.

Peio Dufau, Parisera bidean, astelehen arratsaldean. BERRIA
Peio Dufau, Parisera bidean, astelehen arratsaldean. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko uztailaren 8a
18:16
Entzun

«Uste dut erantzuten dudan hamabigarren elkarrizketa dela», adierazi du barkamen tonuan Peio Dufauk (Donibane Lohizune, 1979), eman nahi zuen erantzunean behin eta berriz trabatu ondotik. Telefonoa jo eta jo ari zaio igande gauetik; dozenaka mezu ditu irakurri gabe. Pausatzeko denborarik gabe, Pariserako trena hartu du, bihar Frantziako Asanbleara aurkezteko. EH Baiko kidea Fronte Popular Berriko diputatua izanen da gutxienez urte baterako. Ahots nekatuarekin baina pozik, lanerako gogoz doala baieztatu du. 

Zer sentimendurekin zoaz Parisera?

Determinazioarekin, eta arduraz beterik. Badakit zer garrantzia izanen duen nire lanak; badakit zenbat jendek dituen itxaropenak. Ikusten dut zer xantier dudan aitzinean, eta zer-nolako lana egin beharko dudan. 

Zer izanen da zure programa ondoko egunetan?

Parisera iristean, pausatzeko tarte bat hartuko dut, azken asteetan biziki erritmo azkarrean ibili baikara denak. Bihar goizean Iñaki Etxanizekin eta Colette Capdeviellekin elkartuko gara asanblea aitzinean, eta elkarrekin sartuko gara. Niretzat garrantzitsua da, militantea izanik ere esperientzia gutxi baitut horretan. Paperak bete, eta behar diren gauza guziak kudeatuko ditugu. Ondoren, uztailaren 18an abiatuko da asanbleako aldi berria, eta abuztu hastapen arte lanean jarriko gara denak. 

EAJk jakinarazi zuen ez zinela Frantzia Intsumisoaren talde parlamentarioan sartuko. 

Ez da engaiamendurik izan, ez baitugu akordiorik egin EAJrekin. Ez dugu sekula engaiamendurik hartu, ez nik, ez EH Baik; egin duten komunikazioa okerra da. 

Nola eta zeren arabera hautatuko duzue zer taldetan sartu?

Harremanen arabera jokatuko da. Jadanik hasi gara elkarrizketan, eta izan ditugu proposamenak talde batean edo bestean sartzeko. Baina guk askatasun osoa atxiki nahi dugu. Talde batean izatea garrantzitsua da, bestela biziki zaila izan baitaiteke hitza hartzeko eta lan egiteko. Argi dugu talde batean sartuko garela, zeinetan ez da oraindik finkatua; baina ez dugu baztertzen askatasunez aritzea, eta berdin, beste lurraldeetako batzuekin talde bat sortzea ondoko hilabete eta urteetan. Dena eraikitzekoa da. Parisen izanik lotuko ditugu harremanak.  

Frantziako Asanbleako gobernabidea ere zalantzazkoa da. 

Pentsatzen dut egingarria dela. Bada gehiengo zabal bat ezkerrean, nahiz eta gehiengo absoluturik ez den lortu. Orain ikusi beharko da nola lan egiten dugun elkarrekin, hori baita lehentasuna: lana, lana eta lana. Ezin dugu aukera hori huts egin. Hollandek huts egin zuen, geroztik Macron etorri zen, eta orain eskuin muturra hor dugu. Ez bada emaitzarik lortzen, hiru urteren buruan Marine Le Pen izanen dugu, eta gure errua izanen da. Baitezpada eraiki behar dugu elkarrekin, zatiketak alde batera utzi, eta bere buruarentzat ari direnak alde batera utzi. Komunean ditugun balio horien guzien inguruan eraikitzea, proposatzea eta jendartearen eguneroko bizitza hobetzea; hori da helburu bakarra. 

Nola ikusten duzu zure funtzioa diputatu gisa?

Euskal Herriaren boza izan nahi dut Parisen, eta denena. Ez ezkerreko abertzaleena bakarrik, baizik eta ezker guziarena; nire alde bozkatu dutenena eta bozkatu ez dutenena, enpresena, laborariena, langileena... Hor naiz hautesbarrutiko herritar guzien boza eramateko. Garrantzitsua da, badelako haserre bat politikarien kontra; batzuek ez dute bere rola bete. Macronismoaren egiteko moldea zen Parisen erabakitzea eta lurraldeetan aplikatzea. Horrek Jaka Horiak sortu zituen. Ikusi genuen erretreten erreforma nola inposatu zuten ere, gehiengoaren kontra. Horrek du eskuin muturra indartu. Ez da denentzat plazer bat izanen ni diputatu izatea, ez dute denek bat eginen eramanen ditudan posizioekin. Baina posizioak lurraldeko jendeekin eraikiko ditut, ez Parisen. 

Zein izanen dira zuretzat lehentasunak ondoko aste eta hilabeteetan?

Iñaki Etxanizen legea bertan behera gelditu zen asanblearen desegitearekin [proposatu zuen Airbnb-ren gisako bizitegi turistikoen gaineko zerga kenketen murriztea]. Hori berriz eraikitzekoa da; beharbada lehen baino indartsuago. Etxebizitzaren erronka horri erantzun  behar diogu. Badira beste gai batzuk ere: laborarien egoera, euskara eta hizkuntza gutxituak, aitzinamendu sozialak... Fronte Popularraren programan diren gai horiek beharrezkoak dira, jendeak lan eginez ere ez baitu nahikoa dirurik bizitzeko gaur egun. 

Hauteskundeak iragarri zituztenean inor gutxik pariatuko zuen diputatu bilakatuko zinela. Nola interpretatzen dituzu igandeko emaitzak?

Berezia da. Nik ez dut sekula eskatu horrelako posturik. Duela bi urte, EH Bai etorri zen niregana pentsatuz hautagai egokia nintzela; gogoeta eta elkarrizketa anitz izan nituen erantzun aitzin. Uste dut ezkerreko indarrak batu behar zirela; duela bi urte ere mezu hori zabaldu nuen. Garrantzitsua zitzaidan ezkerreko zatiketa hori gainditzea, eta gauzatu da. Ez da gure esku izan bakarrik, baina EH Baik lehen urratsa egin zuen erranez fronte popular horren sortzea zoriontzekoa zela, eta hori zela bidea. Elkarrizketak izan dira ikusteko hori nola eraiki, eta eraiki da. Harrigarria da emaitza: azkenean, Ipar Euskal Herriko hiru diputatuak Fronte Popularrekoak izanen dira. Nehork ez zuen pentsatuko. Sindikalismoan izan dudan ibilbidea, Ziburuko herriko etxerako lortu genuen aliantza... Horrek erakusten du anitzek zuten beldurra gainditzen ahal dela, lan egiten dela, serioak garela, eta ardurak hartzen ditugula.

Indar handia egin duzue kanpainan. 

Sekulakoa izan da. Uste dut laurehun pertsona inguru bildu direla egunerokoan afixak kolatzen, eskuorriak banatzen, jendeekin hitz egiten. Erokeria bat izan da: ez dut sekula horrelako mugimendurik ikusi. Gaindituak ginen. Larunbat batez sei merkatutan ginen, eta atez atekoarekin ere sekulako lana eraman dugu, Miarritzen, Kanbon, eta beste hainbat herritan. Horrela irabazi dugu.

Oraindik badira ezinikusiak ezkerrean, eta Euskal Herria ukatzen duten frantses nazionalistak. 

Uste dut batzuek ez dutela lortzen arazo hori gainditzea, eta uste dut, aldi berean,  nire rola izanen dela Parisen alderdi horietako buruzagiekin mintzatzea, azaltzeko zer den gure egoera, zer gertatzen den gure lurraldean, zergatik gure hizkuntza defendatu behar den. Orain arte, bitartekarien bidez hitz egin dugu haiekin, eta orain, parez pare mintzatzeko aukera izanen dugu. Ipar Euskal Herrian adostasuna bada euskararen alde, eta etxebizitzaren arazoari begira ere bai. Bada zerbait eraikitzeko Euskal Herrian bezala Parisen ere. Pentsatzen dut elkarrizketaren bidez lortuko dela urratsak egitea. Hori izanen da garrantzitsua: parlamentuan lan egitea, eta hautesbarrutian lan egitea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.