Peio Dufau - Fronte Popular Berriko diputatua: «Frantziako ezkerrarekin parez pare mintzatzeko aukera izanen dugu»

Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko uztailaren 8a
17:49
Entzun

«Uste dut erantzuten dudan hamabigarren elkarrizketa dela», adierazi du barkamen tonu batean Peio Dufauk (1979, Donibane Lohizune, Lapurdi), eman nahi zuen erantzunean behin eta berriz trabatu ondotik. Telefonoa jo eta jo ari zaio igande gauetik; dozenaka mezu ditu irakurri gabe. Pausatzeko denborarik gabe Parisera trena hartu du bihar Frantziako Asanbleara aurkezteko. EH Baiko kidea Fronte Popular Berriko diputatua izanen da gutxienez urte baterako. Ahots nekatuarekin, baina pozik, lanerako gogoz doala baieztatu du. 

Zer sentimendurekin zoaz Parisera?

Determinazioarekin, eta arduraz betea. Badakit zer garrantzia izanen duen nire lanak; badakit zenbat jendek dituen itxaropenak. Neurtzen dut zer xantier dudan aitzinean, eta zer nolako lana egin beharko dudan. 

Zer izanen da zure programa ondoko egunetan?

Parisera iristean pausatzeko tarte bat hartuko dut, azken asteetan biziki erritmo azkarrean ibili garelako denak. Bihar goizean Iñaki Etxanizekin eta Colette Capdeviellekin elkartuko gara asanblea aitzinean, eta elkarrekin sartuko gara. Niretzat garrantzitsua da, militantea izanik ere esperientzia gutxi dudalako horretan. Paperak bete eta behar diren gauza guziak kudeatuko ditugu, eta ondoren uztailaren 18an abiatuko da asanbleako aldi berria; abuztu hastapena arte lanean jarriko gara denak. 

EAJk jakinarazi zuen ez zenuela Frantzia Intsumisoaren talde parlamentarioa integratuko. 

Ez da engaiamendurik izan, ez dugulako EAJrekin akordiorik egin. Ez nik, ez EH Baik, ez du sekula engaiamendurik hartu; egin duten komunikazioa okerra da. 

Nola eta zeren arabera hautatuko duzue zer taldetan sartu?

Harremanen arabera jokatuko da. Jadanik hasi gara elkarrizketan eta izan ditugu proposamenak talde bat edo bestea integratzeko. Baina guk askatasun osoa atxiki nahi dugu. Talde batean izatea garrantzitsua da, bestela hitza hartzeko eta lan egiteko biziki zaila izan baitaiteke. Argi dugu talde batean sartuko garela, zeinetan ez da oraindik finkatua; baina ez dugu baztertzen askatasunez aritzea, eta berdin, beste lurraldeetako batzuekin talde bat sortzea ondoko hilabete eta urteetan. Dena eraikitzekoa da. Parisen izanik lotuko ditugu harremanak.  

Frantziako Asanblean izanen den gobernabilitatea ere zalantzazkoa da. 

Pentsatzen dut egingarria dela. Bada gehiengo zabal bat ezkerrean, nahiz eta gehiengo absuluturik ez den lortu.  Orain ikusi beharko da nola lan egiten dugun elkarrekin, hori baita lehentasuna: lana, lana eta lana. Ezin dugu aukera hori huts egin. Hollandek huts egin zuen, eta geroztik Macron etorri zen, eta orain eskuin muturra hor dugu. Ez bada emaitzarik lortzen, hiru urteren buruan Marine Le Pen izanen dugu, eta gure errua izanen da. Bai ala bai eraiki behar dugu elkarrekin, zatiketak alde batera utzi, eta haien buruarentzat ari direnak alde batera utzi. Komunean ditugun balio guzi horien inguruan eraikitzea, proposatzea eta jendartearen eguneroko bizitza hobetzea; hori da helburu bakarra. 

Nola ikusten duzu diputatu gisa zure funtzioa?

Euskal Herriaren boza izan nahi dut Parisen, eta denena. Ez ezkerreko abertzaleena bakarrik, baizik eta ezker guziarena; niretzat bozkatu dutenena eta bozkatu ez dutenena; enpresena, laborariena, langileena, hor naiz hautesbarrutiko herritar guzien boza eramateko. Garrantzitsua da, badelako haserre bat politikarien kontra; batzuek ez dute haien rola bete. Macronismoaren egiteko moldea zen Parisen erabaki eta lurraldeetan aplikatzea. Horrek Jaka Horiak sortu zituen. Ikusi genuen ere erretreten erreforma nola inposatu zuten gehiengoaren kontra. Horrek du eskuin muturra indartu. Ez da denentzat plazer bat izanen ni diputatu izatea; ez dute denek bat eginen eramanen ditudan posizioekin. Baina posizioak lurraldeko jendeekin eraikiko ditut, ez Parisen. 

Zer dira zuretzat lehentasunak ondoko aste eta hilabeteetan?

Iñaki Etxanizen legea bertan behera gelditu zen asanblearen desegitearekin [Airbnb-ren gisako bizitegi turistikoen gaineko zerga kenketen murriztea proposatzen zuen]. Hori berriz eraikitzekoa da; beharbada lehen zena baino indartsuago. Etxebizitzaren erronka horri erantzun bat eman behar diogu. Badira beste gaiak ere, laborarien egoera, euskara eta hizkuntza gutxituak, aitzinamendu sozialak lortzea... Fronte Popularraren programan diren gai horiek beharrezkoak dira, jendeak gaur egun lan eginez ere ez baitu nahikoa dirurik bizitzeko. 

Hauteskundeak iragarri zituztenean inork gutxik pariatuko zuen diputatu izatera iritsiko zinela. Nola irakurtzen dituzu igandeko emaitzak?

Berezia da. Nik ez dut sekula eskatu horrelako posturik. Duela bi urte EH Bai etorri zen niregana pentsatuz hautagai egokia nintzela; gogoeta eta elkarrizketa anitz izan nituen erantzun bat eman aitzin. Uste dut ezkerreko indarrak batu behar zirela; duela bi urte ere mezu hori zabaldu nuen. Garrantzitsua zitzaidan ezkerreko zatiketa hori gainditzea; eta gauzatu da. Ez da gure esku izan bakarrik, baina EH Baik lehen urratsa eman zuen erranez fronte popular horren sortzea zoriontzen zuela, eta hori zela bidea. Elkarrizketak izan dira ikusteko hori nola eraiki, eta eraiki da. Harrigarria da emaitza: azkenean Ipar Euskal Herriko hiru diputatuak Fronte Popularrekoak izanen dira. Nehork ez zuen pentsatuko. Sindikalismoan izan dudan ibilbidea, Ziburuko herriko etxerako lortu genuen aliantza, horrek erakusten du anitzek zuten beldurra gainditzen ahal dela, lan egiten dela, serioak garela, eta ardurak hartzen ditugula.

Indar anitz eman duzue kanpainan. 

Sekulakoa izan da. Uste dut laurehun pertsona inguru bildu direla egunerokoan afixak kolatzen, eskuorriak banatzen, jendeekin hitz egiten. Erokeria bat izan da: ez dut sekulako horrelako mugimendurik ikusi. Gaindituak ginen. Larunbat batez sei merkatutan presente ginen, atez atekoarekin ere sekulako lana eraman dugu, Miarritzen, Kanbon, eta beste hainbat herritan. Horrela irabazi dugu.

Oraindik badira ezin ikusiak ezkerrean; Euskal Herria ukatzen duten frantses nazionalistak. 

Uste dut pertsona batzuek ez dutela lortzen gainditzen arazo hori, eta uste dut ere nire rola izanen dela Parisen mintzatzea alderdi horietako buruzagiekin, azaltzeko zer den gure egoera, zer gertatzen den gure lurraldean, zergatik gure hizkuntza defendatu behar den. Orain arte bitartekarien bidez hitz egin dugu horiekin; orain parez pare mintzatzeko aukera izanen dugu. Ipar Euskal Herrian kontsentsua bada euskararen alde, etxebizitzaren arazoari begira ere. Bada zerbait eraikitzeko Euskal Herrian bezala Parisen ere bai. Pentsatzen dut elkarrizketaren bidez lortuko direla urrats berriak. Hori izanen da garrantzitsua: lan egitea parlamentuan, eta lan egitea hautesbarrutian. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.