Pegasus: zelatari isila norbere poltsikoan

Pegasus espioitza sistema estatuetako gobernuek soilik eskuratu dezakete. Gailu elektronikoetako argazkiak, mezuak eta kokapena eskuratzea ahalbidetzen du, besteak beste.

Telefono bat, artxiboko irudi batean. PAUL BRAVEN / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2022ko apirilaren 20a
00:00
Entzun

Kamera eta grabagailua urrutitik martxan jarri, mezuak irakurri, elkarrizketak entzun edo lokalizazioa eskuratu. Sakelako telefonoak —eta haien erabiltzaileak— erabat kontrolatzeko bidea da Pegasus spywarea. Espioitza programa harrabotsa eragiten ari da azken egunetan: Torontoko Unibertsitateko The Citizen Lab ikerketa zentroak egin eta The New Yorker aldizkariak argitaratu berri duen lan baten arabera, Euskal Herriko eta Kataluniako 65 pertsona espiatu zituzten 2017tik 2020ra —2015eko kasuren bat ere badago—, horietako 63 Pegasus espioitza sistema erabilita. Gehien-gehienak Kataluniako politikari independentistak eta haien ingurukoak dira, baina tartean daude EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi eta koalizioaren Espainiako Kongresuko diputatu Jon Iñarritu ere.

Ikusi gehiago: Pere Aragonesek Pedro Sanchezi esan dio espioitzak negoziazioa kaltetu duela

Diskretua da programa: gailu elektronikoan sartzen dute, eta erabiltzaileek ez dute nabaritzen. Modu bat baino gehiago daude gailua infektatzeko. Batetik, telefonora deituta, lotura bat daukan SMSa bidalita edo posta elektroniko bidez —ez dago deiak hartu beharrik edo loturan sakatu beharrik—, eta, bestetik, Whatsappen moduko aplikazioen segurtasun akatsak aprobetxatuta. Behin gailuan sartuta, espioia haren jabe egiten da: besteak beste, mezu elektronikoak, erabiltzaile izenak, pasahitzak, argazkiak eta bideoak eskuratzea ahalbidetzen du; kamerak eta mikrofonoak aktibatzea; elkarrizketak entzutea; gailuaren kokapenaren berri izatea; eta Facebook, Whatsapp, Telegram eta Skypeko informazioa jasotzea. Gainera, programak ez du arrastorik lagatzen.

Baina nor dago espioitzaren atzean? Gaur-gaurkoz, ez da argitu. Halere, badaude susmoak. Pegasus Israelgo NSO Technologies enpresarena da —Israelgo zerbitzu sekretuetako kide ohiek sortu zuten, 2010ean—, eta hark estatuetako gobernuei eta segurtasun indarrei soilik saltzen die. Ezin da edonola eskuratu: armatzat hartzen dutenez, esportatu ahal izateko, Israelgo Defentsa Ministerioak onartu behar du. Kalkulatzen dutenez, mundu osoko berrogei herrialdetako hirurogei agentzia inguruk erosi dute Pegasus spywarea.

The Citizen Labek ez du zehaztu nork espiatu dituen buruzagi independentistak, baina atzean «Espainiako autoritateak» egon daitezkeela iradoki du. Espainiako Gobernuaren bozeramaile Isabel Gonzalezek atzo ez zuen argitu CNI Espainiako zerbitzu sekretuek zelatatu ote dituen: «Kontu sekretuak dira, eta ezin dut horien berri eman, legeak debekatzen didalako». Halere, nabarmendu du Espainiako Gobernuak ez daukala ezkutatzeko ezer.

Ez da lehen aldia

Pegasus 2016ko abuztuan atzeman zuten lehenengoz sakelako telefono batean, eta orduan eman zuten haren berri The Citizen Labek eta Lookout Security enpresak. Hala ere, lehenago ere erabili izan delako zantzuak daude. Pegasus erabili zuela aitortzen lehen herrialdea Mexiko izan zen,The New York Times egunkariak 2017an argitaratu zuenez. Haren arabera, hiru agentzia federalek 80 milioi dolar —74 milioi euro inguru— erabili zituzten 2011tik, besteak beste, giza eskubideen aldeko abokatuei eta kazetariei jarraitzeko.

NSOren esanetan, teorian, «terrorismoari eta krimenei aurre egiteko» saltzen diete Pegasus gobernuei; praktikan, ordea, beste funtzio batzuetarako erabili izan dute. Bi urte atzera eginda, 2020ko uztailean, harrabotsa eragin zuen Pegasusek. Orduan ere Kataluniako buruzagi independentistak izan ziren biktimetako batzuk: Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidente izandakoa, Ernest Maragall ERCko diputatua, Anna Gabriel CUPeko diputatu ohia eta Jordi Domingo ANCko kide eta abokatua. Orotara, 1.400 lagun espiatu zituzten 2019ko apirilaren eta maiatzaren artean, Whatsappek izan zuen akats batez baliatuta.

Iazko udan, Pegasusen hedapena handiagoa zela erakutsi zuen hamazazpi hedabidek egindako lan batek. Pegasus Proiektua izeneko ikerketa aurkeztu zuten, eta ondorioztatu zuten 2016tik munduko hainbat gobernuk 50.000 lagun inguru espiatu ahal izan dituztela Pegasus aplikazioa erabiliz, gehienak kazetariak, giza eskubideen defendatzaileak eta ekintzaileak. Orotara, mila pertsona identifikatu zituzten; besteak beste, gobernuko 600 funtzionario, 189 kazetari, 85 ekintzaile eta 65 enpresariren izenak aurkitu zituzten. Baina proiektu hartan parte hartu zuten erakundeen eta hedabideen arabera, ezin zen baieztatu zerrendan agertzen ziren sakelako guztiak hackeatu zituzten ala ez; izan ere, 37 bakarrik aztertzeko aukera izan zuten. Horietatik erdiak zeuden spywarearekin infektatuta.

Ikusi gehiago: Espainiako Gobernuak dio ez duela inor espiatzen baimen judizialik gabe

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.