Onartu dituzte dekretuak, araudiak, proiektuak eta bestelako neurriak. Eta etorriko dira gehiago ere. Xede izan dute hezkuntza akordioa eta legea garatzea. Hala ziurtatu du gaur goizean Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin duen agerraldian. 2022an hitzartu zuen akordioa Eusko Legebiltzarreko gehiengoak, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Pedrosak adierazi du hura garatzeko konpromisoari eusten diotela: «Akordioa garatzera konprometitzen gara, modu progresiboan». Areago, dagoeneko horretan ari direla esan du: «Hezkuntza Saila arian-arian eta etengabe ari da betetzen akordioa».
EH Bilduk eskatuta egin du agerraldia Pedrosak, eta azalpenak eman hezkuntza itunaren garapenaren kronogramari buruz. Koalizio abertzalearen izenean, irmo mintzatu da Ikoitz Arrese legebiltzarkidea: «Iruditzen zaigu Hezkuntza Saila behar ez den norabidean —behintzat ez hezkuntza akordioaren filosofiaren norabidean— ari dela lantzen hezkuntza akordioa, eta, ondorioz, hezkuntza legea». Hain zuzen, nabarmendu dute akordioa izenpetu zuten taldeek informazioa falta dutela: «Ez dugu inolako elkarrizketarik izan Hezkuntza Sailarekin».
Informazio falta ez ezik, jokatzeko moduak ere ez ditu begi onez ikusten Arresek; «modu bertikalean eta aldebakarrez» aritzea egotzi dio Hezkuntza Sailari. Zenbait adibide jarri ditu mahai gainean, esaterako, azken egunetan zeresana eman dutenetako bat: zenbait ikastetxeren bateratzea. Arreseren irudiko, «fusioak» ari dira planteatzen, eta prozesuak ez dira «behetik gora» egiten ari. Alegia: «Hezkuntza Sailaren inposizioak dira».
EH Bilduk, berriz, ziurtatu du hezkuntza akordioarekin konprometituta jarraitzen duela: «Hezkuntza akordioa berresten dugu». Hezkuntza Sailari ere horixe bera egitea galdegin dio: «Eskatzen dugu bere garaian adostu genuena betetzea».
Ekinean ari direla nabarmendu du Pedrosak. Aitortu du ez dutela garapenaren berri emateko aukerarik izan, hauteskundeen-eta ondorioz, baina ez direla geldirik egon. Gogoratu du legearen ortzi muga 2034a dela, epe batzuk zehaztuta daudela eta horien arabera ari direla, «hezkuntza eragileekin elkarlanean» beti. Horren adibidetzat, iragarri du bihar bertan akordio bat izenpetuko dutela heziketa bereziko mahai sektorialean.
Neurri zehatzak
Behin testuingurua jarrita, ekimen zehatzen berri ematen hasi da. Xehe-xehe azaldu ditu jardunbideak; egin dituztenak eta egiteko dituztenak, erronkei erantzutea helburu: «Lege berria eta horri lotutako ekimen guztiak lagungarri izango dira euskal hezkuntza sistemak datozen hamarkadetan izango dituen hezkuntza erronketarako bidean».
Eskola Publikoaren I. Plan Estrategikoa ontzea izan da sailaren egitekoetako bat: «Lehentasuna da eskola publikorako plan estrategiko bat onartzea». Zertarako? Azaldu duenez, helburua eskola publikoaren kalitatea hobetzeko jarduerak sustatzea da: azpiegiturak berritzea, ikastetxe publikoen «perimetroa» handitzea... Ziurtatu du plana ehun eragileri baino gehiagori entzunez osatzen ari direla, «mimoz» egindako egitasmoa dela: «Ez dago inolako bertikaltasunik». Jakinarazi du plana 2025eko lehen seihilekoan aurkeztuko dutela Eusko Legebiltzarrean.
Gainera, gogorarazi du eskola publikoetako zuzendaritzen dekretua aldatzeko ere eskatu zietela eta hala egin dutela; halaber, iragarri du bidean dagoela zuzendaritzak ebaluatzeko agindua ere.
Sare publikoari dagokionez, bereziki aritu da Haurreskolak partzuergoari buruz. Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izan behar zuela jasoa zegoen itunean eta legean: «Hezkuntza Sailak berehala bete zuen sinatutakoa, eta 2022tik kalitatezkoa, unibertsala eta doakoa da». Egindako lanaren fruituak nabarmendu ditu sailburuak: irailean, 5.033 haur eskolatu zituzten Haurreskolak partzuergoan, duela bi ikasturte baino %50 gehiago. Hezitzaile gehiago hartu dituztela ere esan du, eta, hortaz, aurrekontua igo dutela.
Segregazioa murriztea da hezkuntza sistemaren beste erronketako bat. Ildo horretan ere ari dira. Zenbait eskola batzeari dagokionez, Arreseri kontra egin dio: «Fusioak baino gehiago, integrazio batzuk egon dira». Zehaztu du oso segregatuta daudenen eta batere ez daudenen artean egin dituztela, eta «diskrezioz» aritu direla, ezinbestean. «Emaitza ona da». Halaber, nabarmendu du segregazioaren aurkako itun soziala lortzea ere badutela jomugan.
Pedrosak mintzagai izan du harrabotsa sortu ohi duen beste gai bat ere: eskolen doakotasuna eta finantzaketa. Dekretu bat egin asmo dute arlo horretarako: «Aukera bat dugu definitzeko zer den bete beharrekoa eta zer jaso behar duten, eta horixe egingo dugu».
Euskara xede
Ikasleak euskaraz behar beste trebatzea da hezkuntzaren beste zereginetako bat; datuek erakutsi dutenez, herren egiten ari dira. Itunean eta legean landu zuten gaia. «Euskararen eta Hizkuntzen Irakaskuntzarako Institutua sortzeko apustua argia izan zen itunean», gogoratu du Pedrosak. Ziurtatu du gai horretan ere ez direla «albo batera begira» egon: «Institutuari zuzendaritza bat jarri diogu gure taldean, Hezkuntza Sailean». Bere egitekoak ere zerrendatu ditu: irakasleen etengabeko prestakuntzarako proposamen berriak egitea; euskara, euskal kultura eta soziolinguistika lantzea... «Institutu honek garatu behar du curriculumeko hizkuntzen planifikazioa».
Halaber, legearen eta itunaren arabera, ikastetxe orok egin beharko du hizkuntza proiektu bat, eta horretan jasoko du hizkuntzen trataera. Hori ere arautu asmo du sailak: «Hizkuntza proiektuen araudi berria garatu behar dugu».
Gobernantza izan da landu dituen beste gaietako bat. Sailburuak nabarmendu du dekretu bat jarri dutela abian, Euskal Eskola Publikoaren Kontseilua sortzeko, eta tokiko administrazioekin lankidetzan aritzeko apustua egin dutela «funtsezko esparruetan»: hala nola familiak «eskolatze orekatuaren aldeko prozesuan orientatzeko», eta euskararen erabilera bultzatzeko.