Hasi berri den legealdirako ildo nagusien berri ematea eta erronkak zehaztea. Horiek izan dira Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egin duen agerraldiko xede nagusiak. Datozen lau urteetarako talde berria du Pedrosak ondoan, «baina eskarmentu handikoa». Eta badute zereginik: «Euskal hezkuntza sistema bere osotasunean» hobetzea jarri dute helburutzat. Baina bide hori lagunduta egiteko asmoa dute, ez bakarrik. Horretarako, gizarte eragileei mezua helarazi die: «Azpimarratuko nuke elkarrizketarako eta akordiorako borondatea erakutsiko dugula». Zehaztuak dituzte datozen lau urteetan urratuko duten ibilbideko erronka nagusiak:
1
Lege esparrua
Aurreko legealdiko mugarria izan zen EAEko Hezkuntza Lege berria erdiestea, eta hura lortzeko prozesuak zeharkatu zuen legealdi osoa. 2022ko martxoan izenpetu zuten legearen oinarri izateko jaio zen akordioa, EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemos-IUren babesarekin. Alabaina, adostasuna kamustu egin zen, eta EAJk eta PSE-EEk baino ez zuten onartu legea, 2023ko abenduan. Orain, Pedrosak horiek biak garatzearen aldeko apustua egingo dutela ziurtatu du; legealdiko haien erronketako bat izango da Hezkuntza Legea eta hezkuntza akordioan jasotako 43 jarduerak «erregelamendu bidez» garatzea. Ildo horretatik, ituneko «konpromisoei» erantzungo dietela ziurtatu du.
2
Eskola publikoa
Sare publikoko eragileek joan den legealdian sarritan plazaratu izan zituzten kezkak eta ezinegonak. Orain, Pedrosak agindu du Euskal Eskola Publikoaren I. Plan Estrategikoa garatuko dutela. Horri hertsiki lotuta, ikastetxe publikoen azpiegiturak ere hobetu asmo dituzte. Eta kopuru zehatza eman du: «800 milioi inbertitu nahi ditugu datozen urteetan azpiegitura berrietarako eta espazioak berriz formulatzeko». Horretarako, azpiegitura plan berria egingo dute.
Halaber, ikastetxe publikoen autonomian sakontzea ere jarri du xedetzat, eta horretarako «arau esparrua» martxan jarriko dutela hitzeman du. Ildo horretatik, esan du zuzendaritzek ikastetxeko giza baliabideen gainean «autonomia handiagoa» izatea nahi dutela; aipatu du, adibidez, behar dituzten langileen profilak proposatzeko aukera eduki ahal izatea. Oro har, langileei dagokienez, egonkortasuna dute ortzi mugan: behin-behinekotasuna %5era jaitsi asmo dute, baita irakasle gehiago hartu ere.
3
Segregazioa
Ikasleen segregazioa da egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzako arazo edo erronka nagusietarikoa. «Kalitatezko sistema inklusiboa, ekitatiboa eta komunitatearen elkarlanean oinarritutakoa» lortu nahi dute: «Ez dugu inor atzean utzi nahi». Horretarako: «Eskola segregazioari aurre egiteko itun soziala garatzeko garaia da; aukera historikoa daukagu gure aurrean, eta ausardiaz heldu beharko diogu». Baina ez dira hutsetik hasiko. Dagoeneko aldaketa batzuk eginak dituzte, esaterako, matrikulazio sisteman, eta horiei eusteko asmoa erakutsi du Pedrosak.
4
Euskara
Ikasleen euskara maila hobetzea da hezkuntza sistemako beste erronketako bat. «Euskara testuinguru formalean eta ez-formalean erabiltzea bultzatuko dugu», ziurtatu du Pedrosak. Halaber, «eleaniztasuna bultzatzeko» ere egingo dute lan. Hizkuntzen arloan, egitasmo bat ere iragarri du, Hezkuntza Legean jasota dagoena: Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua martxan jartzeko asmoa dute.
5
Digitalizazioa
Eskoletan pantailak erabili behar ote diren, eta zertarako. Eztabaida piztuta dago. Sailburuak nabarmendu du digitalizazioa «arduratsua eta segurua» izan behar dela: «Hezkuntzak badauka ardura bat; ezin dugu beste aldera begiratu». Horregatik, legealdiko jomugatzat dute hezkuntza sistemaren estrategia digitala indartzea. Eta adimen artifiziala ere izan du hizpide: «Beharrezkoa da hezkuntzaren eta adimen artifizialaren artean zubiak eraikitzea».
6
Lanbide Heziketa
Sailburua berariaz aritu da Lanbide Heziketarako dituzten asmoez. 2030eko Lanbide Heziketako Euskal Plana diseinatu nahi dute, eta, besteak beste, eredu duala —ikasketak ikastetxeetan eta enpresetan egitea– sustatzen jarraitu asmo dute: «Ikasleen %100 lantoki batean trebatu ahal izango dira etorkizunean». Gainera, euskara eta eleaniztasuna indartzearen garrantzia nabarmendu du.