Pedrosak esan du itunpekoko irakasleek ez dutela jasoko publikoko maila bereko irakasleek baino oinarrizko soldata handiagorik

Pedrosaren irudiko, «neurri erabakigarria» da itunpeko ikastetxeek sare publikoko ikastetxeen «antzeko konpromisoak» har ditzaten «alor guztietan». Beharrezkoa iruditzen zaio doakotasunaren bidea urratzeko ere.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO JAURLARITZA
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko ordezkariak, gaur, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO JAURLARITZA
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urriaren 28a
11:49
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak prozesu bat abiatu du itunpeko sareko irakasleen soldatak sare publikoan irakasleek dituzten soldatekin parekatzeko. Horretarako,  Aurrekontu Legea aldatzea onartu zutela jakinarazi zuten duela bi aste. Erabakiak zalaparta eragin du, eta gaur, berak eskatuta, auziaren xehetasunen berri emateko agerraldia egin du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean.

Albistearen berri eman zutenean, soldatak parekatzeko bidea urratuko zutela ziurtatu zuen sailburuak. Alabaina, zenbait komunikabidek argitaratu zuten itunpeko sarekoen soldatak handiagoak izango zirela eskola publikoetakoak baino, sindikatuek eta patronalek dituzten akordioen ondorioz. Pedrosak onartu du auzia «konplexua» dela, eta azaldu du kalkuluan hainbat aldagaik eragiten dutela —besteak beste, antzinatasunak— baina soldata oinarria ez dela handiagoa izango: «Itunpeko sareko irakasleek ez dute jasoko sare publikoko maila bereko irakasleek baino oinarrizko ordainsari handiagorik». Pedrosak adierazi duenez, soldatak parekatzeko erabakia iaz onartutako EAEko Hezkuntza Legean oinarritzen da, eta, gainera, patronalak eta sindikatuak ados daude. Xedea da parekatzea 2027rako lortzea, eta, horretarako, 67 milioi euroko inbertsio gehigarria egingo dute aurten.

Halaber, nabarmendu du ez dela soldaten parekatze hutsa izango. Sailburuaren irudiko, «neurri erabakigarria» da itunpeko ikastetxeek sare publikoko ikastetxeen «antzeko konpromisoak» har ditzaten «alor guztietan»: funtsean, inklusioan, prozesu guztien gardentasunean eta ikasle guztiak ekitate baldintzetan sartzeko bermean. Konpromisoetariko bat lanpostuetarako sarbidearen gardentasuna izango da: «Ezartzen da itunpeko ikastetxeetan lanpostuak lortzeak berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei erantzun behar diola, eskaintzen publizitatea bermatuz». Halaber, ikastetxeek lanpostuen zerrenda bat egin beharko dute, eta bertan zerrendatuko dituzte ikastetxearen mende dauden irakasle eta irakasle ez diren langile guztiak.

«Patronalek ordezkatzen dituzten ikastetxe guztiek urteko kontuak gardentasunez argitaratu beharko dituzte»

BEGOÑA PEDROSAEusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua

Pedrosak uste du doakotasunerako bidean ere pausoa izango dela: «Soldata igoerak itunpeko ikastetxeetako kuotetan izango lituzketen ondorioak saihestuko ditugu». Hain zuzen, konpromisoak hartu beharko dituzte itunpekoek ere, sailburuaren arabera: funts publikoekin finantzatutako ikastetxeek ezin izango dute familiengandik dirurik jaso dohainik eman beharreko irakaskuntzen trukean. Era berean, ezingo dituzte behartu fundazioak edo elkarteak ekarpenak egitera, eta ezingo dute ezarri funts publikoekin ordaintzen diren zerbitzuei edo materialei eragiten dieten irakaskuntzei lotutako derrigorrezko zerbitzurik. Horretaz gainera: «Patronalek ordezkatzen dituzten ikastetxe guztiek urteko kontuak gardentasunez argitaratu beharko dituzte».

Sare bateko eta besteko irakasleen soldatak parekatzeko lege proiektua Eusko Legebiltzarraren esku dago dagoeneko, eta osoko bilkura batean onartu beharko dute. Pedrosak azaldu duenez, babesa jasotakoan «lehenbailehen» ordainduko dute diferentzia, urtea amaitu baino lehenago.

Oposizioaren erantzuna

Behin sailburuak azalpenak amaituta, alderdi politikoetako ordezkariek hartu dute hitza. Ikoitz Arresek eman eta eskatu ditu azalpenak oposizioko alderdi nagusia den EH Bilduren izenean. Hasteko, esan du 2022an izenpetutako hezkuntza akordioaren bidean dagoela Hezkuntza Sailaren neurria: «Badugu bide orri bat; bide orri hori hezkuntza akordioak eta testuinguruak markatu zuen, eta gaur aurkeztu zaigun neurria norabide horretan doa, modu egokian». Baina, nabarmendu duenez, koalizio abertzalearen irudiko itunpeko ikastetxe guztiak ez dira berdinak; esaterako, denek ez dute konpromiso berdina euskalduntzearekin, laikotasunarekin, hezkidetzarekin edo inklusioarekin. Beraz: «Ez da onargarria finantzaketa publikoa berdina izatea itunpeko ikastetxe guztientzat».

Horiek esanda, gainera, salatu du «modu isolatuan eta partzialean» hartutako neurria dela: «Sistemaren parte bati bakarrik eragiten dio, eta, gure ustez, handitu ditzake sisteman dauden desorekak». Ildo horretatik, uste du soldaten parekatzea hezkuntza akordioko gainerako 42 puntuekin batera garatu beharra dagoela.

PSE-EEk jadanik iragarri du zer egingo duten: baiezkoa emango diote aurrekontu aldaketari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.