Lan erreformaren inguruko bozketak hautsi egin zuen Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuen blokea. Osteguneko zorabioaren ostean, baina, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi izan da ezkerreko indarren batasunaren alde egin duen ahotsetako bat. Hark, Unidas Podemosek egin bezala, aliantza «berregitearen» aldeko jarrera erakutsi du. Izatez, Espainiako Kongresura ere itzuli zen nolabaiteko normaltasuna atzo. Argindarraren prezioaren igoerei aurre egiteko neurrien inguruko zuzenketa bat adostu zuten EH Bilduk, Unidas Podemosek eta PSOEk, eta 186 diputaturen babesa jaso zuen.
Kongresuan bizitako «espektakulutik» haratago, Otegik salatu du CEOE lehenetsita eta «inbestidurako blokearen» proposamenei muzin eginda onartutako erreforma bat izan dela, baina beharrezkoa dela aliantza bere onera itzultzea: «Ez soilik eskuina geldiarazteko, baita ezkerretik aurrera egiteko ere».
Otegiren esanetan, argi dago Espainiako Gobernua hartzeko ageri den alternatiba «autoritarioa eta neofaxista» dela egun, eta EH Bilduk Euskal Herrian zein Espainian haiek geldiarazteko konpromisoa duela. Baina, testuingurua hori izanda ere, koalizio subiranistako buruak mezu argia helarazi die erreformaren porrota izan zitekeenaren zama ezker independentistaren gain jarri dutenei: «Batzuk nahastu egin ziren pentsatzean ezker plurinazionalak proposatzen zaion guztiari bai edo bai bozkatu behar diola, alternatiba okerragoa delakoan. Uste dut fase hori amaitu dela». Hala, gobernuko indarrei dei egin die «geometria aldakorraren» kontuak baztertzera, argudiatuta «etorkizuneko argazkia» Sanchez boterera eraman zuten indarrek osatu behar dutela: «Ez dago alternatibarik».
Iritzi berekoa da ERCko diputatu Gabriel Rufian ere. Hark «herritarren subiranotasunaren egoitza baztertzea» leporatu dio Espainiako Gobernuari, eta abisu bat ere bidali dio: «Esquerra ez da mehatxupean mugituko».
Beste aldean, Podemoseko eledun Pablo Fernandez izan da aliantza «berreraikitzeko» beharra nabarmendu duena.«Uste dugu agerikoa dela inbestidurako blokea dela oreka parlamentarioa bermatzeko bidea», azaldu du Antena 3 telebista katean.
Bitartean, xextra adi jarraitzen ari da lan erreforma ahalbidetu zuen talde parlamentarioa. Ciudadanoseko bozeramaile Edmundo Balen esanetan, alderdi hark hartutako erabakia «kontsentsuaren aldeko» hautua izan zen. Agerian utzi du, baina, alderdiaren beste helburua, indar independentisten negoziazio gaitasuna murriztea: «Garrantzitsua da EH Bilduk eta ERCk galdu zutela, eta ezingo dituztela euren atzaparrak sartu enpleguan. Hori Ciudadanosi esker izan da».
PSE-EE, azalpen eske
PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza gogorragoa izan da balizko bazkideekin. «Kalkulagailu elektorala atera eta nazionalismoaren pegatina jartzeaz» akusatu ditu EAJ eta EH Bildu, PPrekin eta Voxekin bat egitea leporatzeaz gain: «Eurek azaldu beharko diete euskal herritarrei ea zergatik lagundu zuten PPren tranpen espektakulua».
Eusko Jaurlaritzako koalizioaren osasuna, baina, ez du zalantzan jarri PSE-EEko idazkari nagusiak, estatu mailako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako akordioak ezberdindu behar direla iritzita. Halere, Iñigo Urkullu lehendakariari exijitu dio ez ditzala bere egin erreformak etorkizunean eragin ditzakeen ondorio positiboak.
Pedro Sanchezen inbestidurako blokea «berregin» nahi du EH Bilduk
Otegik esan du Madrilen ageri den alternatiba «neofaxista» dela. Anduezaren arabera, azken egunotako xextrak ez du Gasteizen eragingo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu