Espioitza afera

Pedro Sanchezen eta Margarita Roblesen sakelakoak zelatatu dituztela salatu du Madrilek

Felix Bolañosek jakinarazi duenez, Pegasus sistemaren bitartez espiatu dituzte Espainiako Gobernuko bi kideak. Argitu du gobernutik kanpo egindako «zelatatze ilegalak» direla.

Pedro Sanchez eta Margarita Robles. MARISCAL, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko maiatzaren 2a
09:49
Entzun

Espainiako Gobernuko Presidentetza ministro Felix Bolañosek iragarri duenez, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezen eta Defentsa ministro Margarita Roblesen sakelakoak zelatatuak izan dira. Jakinarazi duenez, Pegasus sistemaren bidez egin dute espioitza; 2021eko maiatzean espiatu zuten Sanchez, 2021eko ekainean Robles.

Programatu gabea zen prentsaurrekoa egin du Madrilek salaketaren berri emateko. Agerraldian, Bolañosek zehaztu du gobernuak bi txosten tekniko jarri dituela justiziaren esku. Zelatatzeei buruzko datu zehatzak daude horietan bildurik; Espainiako Zentro Kriptologikoak onduak dira, ministroaren arabera. Madrilek erantsi du, halaber, auzia sakontzen segituko dutela orain, argitzeko Espainiako Gobernuko beste kide batzuk ere zelatatuak izan ote diren.

«Gobernua irmoa izanen da. Ez dugu onartzen pertsonen oinarrizko eskubideen inolako urraketarik. Behar adina prozedura abiatuko dugu horrelakorik gertatu ez dadin», adierazi du Presidentetza ministroak. Legez, Pegasus espioitza sistema estatuetako gobernuek soilik eskuratu dezakete. Ordea, Bolañosek nabarmendu du Sanchezen eta Roblesen aurka eginiko zelatatzeak «gobernutik kanpotik» eginak direla. «Guztiz legez kanpokoak dira», erantsi du.

Ikusi gehiago: Ziberespioitzaren argi-ilunak

Bi aste joan dira Pegasus programaren gaineko auziak eztanda egin zuenetik. The Citizen Lab ikerketa zentroak egin eta The New Yorker hedabideak argitaraturiko datuen arabera, 60 bat buruzagi independentista espiatu dituzte zelatari digitalaren bitartez.

Espioitza kasu horiek nabarmen harrotu ditu hautsak azken asteotan; are, ondorio politiko aski handiak ere eragin litzake auziak. Hain justu, Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidenteak oharra egin dio berriki Espainiako Gobernuari. Ohartarazi dio espioitzak kalte egin diola bi aldeen arteko negoziazioari.

Kataluniako eta Euskal Herriko buruzagi independentisten aurkako zelatatze kasuen harira, baina, Espainiako Gobernuko Defentsa ministro Margarita Roblesek iradoki izan du horiek espiatzea justifikatua dagoela. «Zer egin behar du gobernu batek norbaitek konstituzioa urratzen duenean?», esan zuen joan den astean. Bera ere espioitzaren biktima izandakoa delako berria zabaldu da orain, ordea. Iragarpena egin denetik, ez du oraindik adierazpenik egin.

Ikusi gehiago: Roblesek iradoki du justifikatuta dagoela independentisten aurkako espioitza

Ezinbestean, hasiak dira erreakzioak azaleratzen, errenkadan. Besteak beste, Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemontek mezu bat zabaldu du bere Twitter kontuaren bidez. Elkartasuna adierazi die Sanchezi eta Roblesi, baita zelatatze horiek «krimen biziki larriak» direla adierazi. Halere, erantzukizunak eskatzeko ere baliatu du txioa: «Erantzukizuna eskatzen diet, #CatalanGate auziak eztanda egin arte ez baitute deus egin».

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidenteak ere mezu bat zabaldu du Twitterren, Espainiako Gobernuaren asmoak zalantzan jarrita. Borrasek susmoa du Sanchezen gobernuaren «maniobra» bat izan daitekeela espioitza kasuetan «borrero izatetik biktima izatera» igarotzeko. Horrela dio txioak: «Sanchez eta Roblesek diote zelatatuak izan direla. Orain bai, oso larria omen da gaia. Independentismoari bakarrik eragiten zionean, ministroak justifikatu egiten zuen. Honek erakusten du estolda ez dela garbitu behar erabil badezakezu? Edo borreroetatik biktimetara pasatzeko maniobra bat ote da? Bye CatalanGate? Ez gaituzte engainatuko».

Bestalde, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak Twitter sarea baliatuta Espainiako Gobernuari adierazi dio ez duela «hainbesteko irmotasuna» erakutsi buruzagi independentistak zelatatu dituztenean, eta biak ala biak «larriak» direla ohartarazi dio. «Duela hilabete batzuk baldin bazekiten eta orain publiko egiten badute, ez al da izango zerbait ezkutatzeko dutelako?».

Oskar Matute EH Bilduko diputatua, berriz, «zuhur» mintzatu da Sanchezi eta Roblesi ustez egindako zelatatzeei buruz. Esan du arreta ematen duela zelatatzeak gobernutik kanpo egin izanak: «Orain arte esan zaigu Pegasus programa soilik estatuei saltzen zitzaiela, baina orain iradokitzen dute kanpoko elementuak daudela tartean. Deigarria da». Nolanahi ere, Matutek azpimarratu du azken albisteek erakusten dutela Pegasus auziari buruzko susmoek «oinarri sendoa» dutela, eta ez dutela interes politikorik bilatzen; kontrara, gertatutakoa «oso larria» dela argi dagoela iritzi dio Matutek. Hala, auziak «estatuaren estoldekin» zerikusirik ez duela argitzea premiazkoa dela erantsi du.

Unidas Podemos, erantzukizun eske

Yolanda Diaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteordeak eta Ione Belarra Eskubide Sozialen eta 2030erako Agendaren ministro eta Podemoseko idazkari nagusiak ere «erantzukizunak» argitzeko galdegin dute. Diazek adierazi du «ezinbestekoa» dela Pegasus espioitza kasuari buruzko ikerketa «azkeneraino» iristea eta «modu arin eta eraginkorrean erantzukizunak argitzea». Belarrak, bestalde, adierazi du «demokrazia eta herritarren konfiantza» daudela jokoan, eta azpimarratu du gaurko albisteak «arrakala sakona» erakusten duela estatuaren segurtasunean.p>

Era berean, Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroak azpimarratu du Sanchezen eta Roblesen sakelakoak zelatatzea «estatuaren segurtasunaren aurkako erasoa» dela, eta erantzule politikoak ezin direla zigorrik gabe geratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.