Ivan Redondo da Pedro Sanchezen spin doctor delakoa, hau da, haren itzalpean dagoen estratega nagusia. Espainiako gobernuburuaren kabineteko burua da donostiarra, eta, askoren ustez, Sanchez Moncloara eraman zuen operazio politikoaren ideologoa. PSOEko militantea izan gabe, hark finkatzen ditu alderdiaren, edo, behintzat, presidentetzaren estrategia nagusiak.
Espainiako Kongresuan mintzatu zen atzo Redondo, Segurtasun Nazionalaren Batzorde Mistoan. Horretan, eskua luzatu nahi izan die talde politiko guztiei, Espainiak aurre egin behar dien erronkei elkarrekin ekiteko, izurria dela, migrazio krisia dela. Eta euskarari keinu bat egin dio ahalegin horretan.
«Neure modura egin nahi dut», iragarri du, gazteleraz. Eta, orduan, euskaraz hasi da: «Espainia gazte moderno anitz eta dinamiko bat zabaltzen ari da». Ondoren, bere burua gaztelerara itzuli du. «Gure herrialdea Gobernutik eta oposiziotik eraikitzen dela ulertzen duen Espainia», azaldu du gero. «Segurtasun nazionala estatu politika bat da, edozein gobernutatik haratago doa; eta horregatik, horregatik, nire pertsonan, eta baita profesionalki, nire eskua beti luzatuta aurkituko duzue».
Hiru esaldi izan dira, denera, berehalako autoitzulpenarekin. Ondoren, gazteleraz hutsez jarraitu du.
BERRIAk alderdien spin doctor deiturikoen inguruan eginiko erreportaje honetan, Txema Ramirez de la Piscina Komunikazio Zientzietan doktore eta HGH ikertaldeko kideak adierazi zuen Redondok «aura berezi» bat bereganatu duela, «estratega politiko eta komunikatibo perfektuaren» etiketa bat, baina PSOEren barruan denek ez zutela gogoko. «Sanchezen oso apustu pertsonal eta arriskutsu gisa ikusten dute, eta uste dute botere handiegia bereganatu duela», azaldu zuen.
Donostian jaio zen Ivan Redondo Bakaikoa, 1981. urtean. Deustuko Unibertsitatean ikasi zituen humanitateak eta komunikazioa. PPko, Xavier Garcia Albiolentzat eta Antonio Basagoitirentzat hasi zen lanean,eta. 2017tik, Sanchezentzat ari da.