Asteazkenean, eskutitz baten bidez eman zuen Baionako apezpiku Marc Ailletek albistea; adierazi zuen Jean-François Sarramagnan abadea kargutik kendu berri duela, 1990eko hamarraldian pederastia kasu bat —familia giroan; ustez orduan 11-12 urteko mutikoa zen iloba baten aurka— egiteagatik haren kontrako salaketa bat dagoelako. Hain justu, fiskaltza jakinaren gainean jarrita dagoela esan zuen, eta ikerketa bat abian dela. Atzo, prentsa agerraldi batean, azaldu zuen kasuaren berri aspalditik bazuen ere horren berri ez emanda ez duela inoiz helburu izan pedofilia kasu hori ezkutatzea. «Ez naiz inoiz aritu abadea edo instituzioa babesten». Haren kontrako salaketa jartzeko urratsa beti biktimaren eta haren familiaren esku egon dela adierazi zuen, eta, orain, horretarako bidea zabalduta, borondate osoa duela justiziari laguntza emateko. «Justiziaren aurrean erantzungo dut».
Adierazi zuen ikerketan azalpenak emateko prest dagoela salaturiko abadea ere: «Kolpe gogorra izan da harentzat, baina prest dago justiziaren aurrean agertzeko». Ailleten arabera, 2009tik zekien berak pederastia kasu batekin lotuta egon zela Sarramagnan abadea, eta horren araberako neurriak hartu zituen. «Ez da gaztetxoekin harremanetan egon», azaldu zuen atzoko agerraldian. «Gazteen Mundu Jardunaldietara joan denean, esate baterako, helduekin egon da», azaldu zuen. «Sarramagnan abadeak ez du inoiz ere gazte taldeen ardura zuzenik izan». Hainbat hedabidetan, ordea, atzo esaten zen abadea aritu izan dela ume eta gazteekin hainbat ekintzatan. Hain zuzen ere, hori erakusten duten argazkiak eta agiriak badirela nabarmendu zuten.
Neurri «kontserbadoreak»
Ailletek onartu zuen berak orain arte abadearen inguruan hartutako urrats denak tankera berekoak izan direla: «Kontserbadoreak». Salaketarik egin gabe, ustezko erasotzailea «berreraikitzeko ibilbideari» lotutako neurriak izan dira. Apezpikuaren arabera, bere aurreko buruzagiak ere kargugabetu zuen behin Sarramagnan abadea; «neska gazte batekin lotua zen afera batengatik» terapia burutzeko Lourdes ondoko Tournay Abadiara bidali zuen, Okzitaniara. Orain ere, justiziarekin irekia duen auzia argitu bitartean, monasterio horretaraxe bidali dute Sarramagnan apaiza.
Ikerketa salaketa jarri den tokian hasi da, Clermont-Ferranden (Frantzia), baina Samuel Vuelta Baionako prokuradoreak jakinarazi du pederastia kasua Euskal Herrian jazo zela ikusten bada Baionako Fiskaltza arduratuko dela auziaz. Baionako apezpikuak apirilaren 13an izan zuen salaketaren berri, eta bi egun geroago berak ere Baionako Fiskaltza jakinaren gainean jarri zuen; apaiza kargugabetzea erabaki zuen orduan. Hainbat hedabideren arabera, biktimaren amak abiatu du salaketa, akusatutako abadearen koinatak.
Sarramagnan apaiza bi pederastia gertakarien ondoren bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta 2007. eta 2009. urteen artean tratamendu psikologikoa jaso zuen.
Pederastiagatik akusaturiko abadea babesten ez dela ibili adierazi du Aillet gotzainak
Apaizak ustez eginiko sexu erasoaren berri bazuela aitortu du Baionako apezpikuak; haurrekin jarduteko lanik ez diotela inoiz eman azaldu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu