Pedalkada gutxiago Gasteizen

Gasteizko Udalak jarritako neurgailu baten arabera, hiru urteotan gutxiago erabili da bizikleta hirian. Bizikleteroak elkarteak kezka agertu du beheranzko joeraren harira.

Txirrindulari batzuk Gasteiz hiribidetik igarotzen. ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2023ko irailaren 24a
00:00
Entzun

Lagin txiki bat baino ez da, datu soil bat agian, baina joera bat adieraz dezake: bizikletaren erabilerak goia jo du Gasteizen. Bizikleteroak elkarteak egin du ohartarazpena, udalak Gasteiz hiribidean jarritako kontagailuaren emaitzak aztertu ondoren. Izan ere, azken hiru urteetako daturik apalenak erregistratu ditu neurgailuak aurten.

Gasteizko Udalak jarri zuen kontagailua hiriaren erdigunean, 2015ean. Eta harrezkero, egunero hiribidetik igarotzen diren bizikleta guztien erregistroa egiten du. Bilakaera hori aztertu du elkarteak, eta Euskalmeteko datuekin alderatu ditu gero, bizikleta erabiltzeko joerak eguraldiarekin duen harremana aztertzeko. Eta zera ondorioztatu dute: bizikleta erabiltzen dutenen kopurua ez da handitu hirian; are gehiago, zertxobait jaitsi da, euri gutxiko urtea izan arren.

Urtarrilean, esaterako, %23,35 erabiltzaile gutxiago zenbatu ziren, 2020ko hil berarekin alderatuta; eta %45,7 gutxiago otsailean. Martxoan eta apirilean ere behera egin zuen kopuruak: jaitsiera %3,21ekoa eta %8,33koa izan zen, 2021eko datuekin alderatuta —konparazioa konfinamenduko hilabeteekin ez egitearren—. Joera bera izan zen hurrengo bi hilabeteetan ere, nahiz eta matxura baten ondorioz ezin izan zen erregistro osoa egin. Halere, maiatzean soilik iaz baino %17,32 erabiltzaile gutxiago zenbatu ziren —orduan erregistratu ziren inoizko erabiltzaile gehien—. Abuztuan, berriz, iaz baino %42,05 gehiago igaro dira; baina iraila beheranzko joerarekin hasi da.

Igor Diaz de Gereñu Bizikleteroak elkarteko kideak kezkaz hartu ditu datuak, eta uste du batetik bestera joateko moduez hausnartzeko balio behar dutela: «Hainbeste ingurumen politika ditugun honetan, jaitsiera bakar bat erregistratzea ere seinale txarra da». Haren ustez, arrazoi bat baino gehiago daude jaitsiera edo geldialdi horren atzean, eta elkarteak ez ditu guztiak aztertu. Baina azpimarratu du datuak objektiboak direla eta ohartarazpen bat izan behako luketela, gutxienez: «Datuak datuak dira. Logikoena litzateke hiribidean ere geroz eta bizikleta gehiago ikustea, eta ez geldialdia edo jaitsiera antzematea».

Bizikleteroak elkartekoek argi dute hirian kontagailu bakarra izateak ikerketaren zehaztasuna eta ondorioak mugatzen dituela: «Neurketa partziala da, eta hiribide bakarreko datuak ezin dira Gasteiz osora estrapolatu». Datu asko galtzen direla azaldu du Diaz de Gereñuk, eta jaitsiera antzeman izanaren beste arrazoi bat hori bera izan daitekeela: azterketa eremu hain mugatua izatea. «Geroz eta bidegorri gehiago daudenez, baliteke lehen hiribidetik ezinbestean igaro behar zuen jendeak bizikletaz joateko bide berriak aurkitu izana, besterik gabe».

Hala ere, ez da bizikleta gutxiago erabiltzen dela ondorioztatu duen ikerketa bakarra. Eusko Jaurlaritzak 2021ean Gasteizko mugikortasunari buruz publikatutako txosten batek ere erakutsi zuen bizikleta gutxiago erabiltzen zela.

Azken hamarkadan bidegorri asko eraiki dira —eta eraikitzen ari dira— Gasteizen, «baina horrek ez du kentzen gabeziaz jositako bizikleta sare bat izatea», zehaztu du Diaz de Gereñuk. «Gune arriskutsuak daude, loturarik gabeko bideak, eta oker asko. Jendeak, bizikleta erabiltzeko, seguru sentitu behar du; helmugara iritsiko den ziurtasuna izan behar du». Segurtasun hori lortzeko hainbat bide daudela azaldu du: «Lehen neurria litzateke bizikletei bidegorri seguru eta bereiziak eskaintzea. Eta hori lortuta, autoetako gidariak eta txirrindulari potentzialak heztea. Jende askok ez daki zenbat denbora aurreztu daitekeen bizikletari esker, eta zer onura dituen bizikletaz ibiltzeak».

Mugikortasun iraunkorraren aldeko kontzientzia kolektiboa nahiko hedatuta dagoela uste du Diaz de Gereñuk, halere. Gehiago kezkatzen du kontzientzia indibidualak: «Bizikletaren onuren berri izanda ere, jende askok autoa hartzen du alferkeria hutsagatik, edo ez du bizikleta hartu nahi lantokia urrunegi duelako». Dioenez, aitzakia ugari daude, eta argi dauka irtenbide bakarra dagoela: bizikleta lehenbiziko aldiz erabiltzea.

Bidegorriak, bidebeltz

Gainera, beste aldaketa bat ere antzeman dute bizikletarik: Gasteizko bidegorriak bidebeltz bilakatzen hasiak dira. Hiriko hainbat zonatan ikus daiteke itxura aldaketa jada: Olarizu hiribideko bidegorrietan, Arriaga parkekoan, Micaela Portillakoan eta Prado parkean. Beatriz Artolazabal Espazio Publikoko zinegotziak azaldu du kolore aldaketaren zergatia: «Mantentze garestiagoa eskatzeaz gain, kolore gorriak arazo gehiago sortzen ditu. Beltza baino gehiago banatzen da, eta, ondorioz, harritxoak errazago askatzen ditu».

Igor Diaz de Gereñuk, berriz, adierazi du komeni dela bidegorriek kolore bereizgarriren bat izatea: «Hala esaten da txirrindularitza eskuliburu eta gida guzti-guztietan». Hala ere, udalak eman dituen argudioak, mantentze lanei eta kostuei lotuak, ulergarriak dira Bizikleteroak elkartearentzat. «Hain erraz ulertzen ez duguna da kolorearen kontuan aurrezten duten guztia beste gauza batzuetarako baliatzea, eta ez bizikletentzako azpiegituretarako», kexatu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.