Jende asko joan da goiz honetan Miarritzeko (Lapurdi) kasino munizipalera, han ezarri baitute PCR proba egiteko lekua. 09:00etatik 13:00ak arte egon da irekia zentroa. Lagun anitz gelditu da proba egin gabe, antolatzaileek espero zuten baino jende gehiago hurbildu baita testa egitera. Ondorioz, herriko etxeak eta Eskualdeko Osasun Agentziak azaldu dute proben antolaketa segituko dutela heldu diren asteetan.
Bidarteko eta Hendaiako (Lapurdi) herriko etxeek ere plantan ezarri dituzte PCR probak egiteko lekuak. Bidarten agorrileko ostegun guztiz, proba lekua irekia izanen da, 12:00etatik 16:00ak arte, Kirolak gelan, geltokiaren kalean. Hendaian, 14:00etatik 17:00etara egiten ahalko dira probak gaur, Jean Jaures eskola publikoan.
Eskualdeko Osasun Agentziak probak ugaritu nahi izan ditu «leku turistikoetan» eta hedatze prozesu «arriskutsua» den lekuetan. Urririk egin daitezke probak gune horietan. Maskara erabiltzea eta bakoitzak bere bolaluma ekartzea galdegin dute antolatzaileek. Proba egin ondotik, gehienik 48 orduren buruan argitarazten dituzte emaitzak.
Iragan astelehenean, Donibane-Lohizunen (Lapurdi), dozenaka lagun testatu zituzten; Eskualdeko Osasun Agentziaren arabera, ez dute kasu positiborik detektatu.
Koronabirusaren uhin berri baten beldurrez, agintariek babes neurriak zorroztu dituzte azken egunetan. Hala nola Miarritzen, Donibane Lohizunen eta Baionan, beharrezkoa da maskara erabiltzea kale jendetsuetan. 135 euroko isuna izanen du maskararik gabe doanak.
Bide beretik, Angelu eta Miarritzeko hondartzak hetsi dituzte gauez, elkarretaratzeen murrizteko.