Julen Arzuagak urriaren amaieran jakinarazi zuen ez duela Eusko Legebiltzarrean jarraituko, eta bihar izango du bere azken osoko bilkura. EH Bilduren talde parlamentarioak badu haren ordezkoa. Pazis Garcia lan arloko abokatu eta koalizio subiranistaren Eusko Legebiltzarreko aholkulariak hartuko du Arzuagaren eserlekua. Garcia Bizkaiko zerrendako bederatzigarrena zen apirileko bozetan; orduan, EH Bilduk zortzi ordezkari eskuratu zituen lurralde hartan.
Garcia ez da berria Eusko Legebiltzarrean. Gaur egun han aholkulari lanetan dabilen arren, aurreko legealdian legebiltzarkide aritu zen han, besteak beste lan eta ekonomia arloetan. Era berean, 2020tik EITBren administrazio kontseiluko kide da. Garcia LABeko kide da, eta sindikatu haren ordezkari ere izan zen Lan Harremanen Kontseiluan.
Garciak Arzuagaren lekua beteko du ganberan, hura Durangaldeko Urkiola agentzian (Bizkaia) kudeatzaile aritzeko hautatu ostean. Arzuagak hamabi urte egin ditu Eusko Legebiltzarrean. Hark giza eskubideen arloan egin du ibilbidea Gasteizen, EH Bilduren ordezkaria izan baita, besteak beste, Gogora institutuaren zuzendaritza kontseiluan, eta Justizia eta Giza Eskubideen zein Erakunde, Gobernantza Publiko eta Segurtasun batzordeetan. Hain justu, azken bi horietan alboan izan zuen Garcia aurreko legealdian.