Mad Pride edo Zoro Harrotasunaren agerraldia 1993an egin zuten lehenengo aldiz, Toronton (Kanada), aurrekari psikiatrikoak zituzten pertsonen kontrako bazterkeria salatzeko. Hurrengo urteetan, mundu osoko leku askotara hedatu ziren protestak eta mobilizazioak, eta Euskal Herrian 2018an egin zuten lehenengo aldiz. Gaur, manifestazio batek Bilboko kaleak zeharkatuko ditu eguerdian Unamuno plazatik Areatzaraino, Zoro Harro Erradikalaren Egunaren karietara, eta ondoren festa egingo dute Santutxu auzoko Karmela gunean. Berezia izango da Bilboko mobilizazioa, estreinako aldiz mobilizazio bateratua egin eta arlo hori lantzen duten Espainiako elkarteek ere Bilbora joateko deia egin baitute. Indarkeria psikiatrikorik ez! Pilularik ez! Uhalik ez! izango da mobilizazioaren goiburua. Aurreikusita dago Londres, Brusela, Madril, Bartzelona eta atzerriko beste hainbat lekutatik etorritako jendeak parte hartuko duela mobilizazioan.
Zoro harrotasuna esamoldeak garai batean gay harrotasuna zeritzoten LGTBI komunitatearen egunaren oihartzunak dakartza. Zoro berbak konnotazio negatiboak ditu, eta askotan irain gisa erabili izan da, baina psikiatriarekin kritiko agertzen diren elkarteek izendapena berenganatzea erabaki dute: «Ohikoa izan da kolektibo batzuek beren gain hartzea haiek estigmatizatzeko erabilitako izendapenak: puta, marika, bollera eta beste zenbaitekin gertatu da», azaldu dute Heiko Elbirak (Madril, 1996) eta Nastassja Ciprianik (Erroma, 1987). Zoroa taldekoak dira bi-biak: «Iruñeko Katakraken egon ginen, zapalkuntza psikiatrikoari buruzko jardunaldietan, eta han bururatu zitzaigun indarrak batzea, [Espainiako] Estatu osorako deialdi bakarra egitea, eta lehenengo deialdi hori Madriletik kanpo egitea».
«Beste leku batzuetan, mugimendua garatu da eta garaipen batzuk lortu ditu, baina hemen oraindik gutxienekoetan gaude, eta manifestazio honetako aldarrikapenak gutxienekoak dira: indarkeria psikiatrikoak amaitzea», azaldu du Elbirak. «Oraindik ere jendea behartzen dute tratamendu batzuk izatera, giltzapetu egiten dituzte, euste mekanikoak ezartzen dizkiete, eta abar».
«Manifestazio honetako aldarrikapenak gutxienekoak dira: indarkeria psikiatrikoa amaitzea. Oraindik ere jendea behartzen dute tratamendu batzuk izatera, eta giltzapetu egiten dute».
HEIKO ELBIRAZoroa taldea
Elektroshockaren teknikaren erabilpena galaraztea da oinarrizko eskakizun horietako bat. Jende askok uste du iraganeko kontua dela hori, baina Ciprianik eta Elbirak salatzen dutenez, ez da hala. Datu bat eman du Elbirak: «EAE da elektroshockaren erabilpen tasarik handiena duen erkidegoa: 1,39 100.000 biztanleko. Psikiatrek euren aldizkarietan argitaratutako datuak dira horiek, ez baitago praktika horien erregistro publikorik». Diotenez, haien taldean badaude bi lagun, hamabost elektroshock baino gehiago jaso dituztenak.
Euste mekanikoak
Euste mekanikoak edo pazientea borondatez kontra uhalez lotzea da Zoro Harro Erradikalaren Egunean salatuko duten beste jardunbide bat: «Nola sentituko zinateke, agindu dizuten botika hartzeari uko egiten diozulako, oheari lotuko bazintuzkete?», galdetu du Ciprianik. «Hori indarkeria ez bada, ez dakit zer den indarkeria».
«Azken finean, gaixotasuna aitzakia gisa jartzen da egungo sistema neoliberalak aitortzen dituen eskubiderik oinarrizkoenak ere kentzeko», azaldu du Elbirak. «Animalia baino ez zara, beraz, oheari lotu eta guk nahi duguna ematen dizugu, zure irizpideak ez duelako ezer balio. Jendea hil egin da lotuta egoteagatik; hor dugu Andreasen kasua» [Andreas Fernandez 2017an hil zen Oviedon (Espainia), 75 orduz lotuta egon ondoren].
Elektroshocken kasuan bezala, euste mekanikoenean ere informazio ofiziala oso urria da. Nafarroak badu euste mekanikoen erregistro publiko bat, baina hori «salbuespena» da, «normalean datu horiek ezkutatzen baitira. Erregistro horietan oinarrituta, Nafarroako Gardentasun Kontseiluak txosten batean jaso zuen praktika hori ‘ohikoa eta sistematizatua’ dela», esan du Elbirak, eta gogorarazi du osasun mentaleko instituzioetan ez ezik, espetxeetan, zahar etxeetan eta abarretan ere jardunbide hori «ohikoa» dela.
Pazienteei errezetatzen dizkieten botikei dagokienez ere oso kritiko agertzen dira Zoro Harro Erradikala mugimenduan. «Ez dute sendatzen, eta albo ondorioak izugarriak dira, batez ere luzera», esan du Ciprianik. «Guk ez diogu inori esaten botikak hartzeari uzteko: norberaren erabakia da, eta batzuetan zaila da, batez ere botikak denbora luzez hartzen egon direnen kasuan. Baina uste dugu ez liratekeela lehen aukera gisa errezetatu behar».
Sufrimendua gaixotasun
Ciprianik eta Elbirak uste dute gaixotasun mentaltzat jotzen diren fenomenoen jatorrian «baldintza materialak» eta arrazoi sozialak daudela, eta klasea, generoa, arraza eta bestelako aldagai sozialak garrantzi handikoak direla: «Ondoez sozialek, hau da, langabeziak, lan prekarioak, indarkeria matxistak eta gainerako indarkeriek ondorio batzuk izaten dituzte, eta azken emaitza psikiatrizazioa da, esparru psikiatrikoan sartzea. Arazoa indibidualizatu egiten da, eta horretara baliabide kopuru eskerga bideratzen da, baliabide horiek aberastasuna banatzeko, etxebizitza duina izateko eta abarretarako erabili beharrean. Arazoa zeurea da, eta terapia behar duzu, botikak hartzea edo ospitaleratzea».
«Pertsona bat zenbat eta zaurgarriago izan, orduan eta aukera gehiago daude sistema psikiatrikoan sartzeko».
NASTASSJA CIPRIANIZoroa taldea
Ciprianiren aburuz, «sufrimendu psikikoa patologia bilakatzeko» joera bat dago, «etiketak sortuz eta buruko gaixotasun berriak asmatuz. Arautik ateratzen dena desbideratutzat jotzen da. Baldintza materialek, traumek eta pairatutako indarkeriek eramaten dute gizakia egoera jakin batera, baina, horri heldu ordez, esaten dizute zure buruan zerbait gaizki dagoela. Patologia deitzen duten horiek pertsona horren sufrimenduaren adierazpenak dira». Eta «zaurgarritasuna» ere aipatu du, aldagai garrantzitsu gisa, «ez baita gauza bera, pertsona baten bizitzan zerbait oso negatiboa gertatzen bada, pertsona hori pobrea edo aberatsa izatea, edo bere gain zaintza ardurak izatea edo ez izatea. Pertsona bat zenbat eta zaurgarriagoa izan, orduan eta aukera gehiago daude sistema psikiatrikoan sartzeko».
Psikiatrizazioak kontrol sozialerako tresna gisa duen garrantzia ere nabarmendu du Elbirak: «Frankismoaren garaian, marikoiak, bollerak, sexu harremanak izatea gogoko zuten emakumeak eta abar psikiatrizatu egiten zituzten, eta horren bidez giltzapean sartzeko aitzakia bilatu. Askok uste dute hori iraganeko kontua dela, baina oraindik egin egiten da; horretarako, orain ez dira ninfomania, homosexualitatea edo antzeko kategoria sasizientifikoak erabiltzen; orain, dena egiten da Mugako Nortasunaren Nahasmendua izeneko etiketa horren pean».
Manifestazioaren ostean, alor hori jorratzen duten taldeek lanean jarraituko dute. Asmo ugari dituzte: euste mekanikoen kontrako kanpainari segida ematea, sinadurak bildu eta herri ekinbide legegile bat abian jartzeko aukera baztertu gabe, eta, bereziki, espetxeen kontrako mugimenduekin, mugimendu feministarekin eta beste zenbaitekin harremanak sendotzea: «Badaude elkar gurutzatzen diren esparru ugari. Mugimendu horiekin elkarrizketa bilatzea egiteke dugun zeregina da, bereziki Euskal Herrian», azaldu du Ciprianik.