Paxlovid botika antibirala baimendu du EMAk

COVID-19aren aurkako botika baimentzeko prozesua abiatu du Europako agentziak, 18 urte baino gehiago eta «gaitz larria pairatzeko arriskua» dutenen tratamendurako

Paxlovid, Pfizerren botika antibirala. MERCK SHARP AND DOHME HANDOUT / EFE
Ion Orzaiz.
2022ko urtarrilaren 27a
16:31
Entzun

EMA Sendagaien Europako Agentziako giza sendagaien batzordeak oniritzia eman dio Pfizer konpainiaren Paxlovid pilula antibirala merkaturatzen hasteari. «Baldintzapeko lizentzia» emanen diote botikari, COVID-19aren larrialdiko tratamendurako. Zehazki, EMAko batzordeak gomendatu du Paxlovid erabiltzea «oxigeno gehigarririk behar ez duten eta gaitz larria pairatzeko arriskuan diren» paziente helduak artatzeko.

COVID-19aren aurkako estrategian, Europako Batasunean baimendutako lehen antibirala izanen da Paxlovid. EMAren oharrean azaltzen denez, sendagai horrek apaldu egiten du SARS-CoV-2 birusaren gaitasuna giza organismoan ugaltzeko. Pfizerren botikaren eraginkortasuna neurtzeko, EMAk aintzat hartu du COVID-19az kutsatutako pazienteekin eginiko ikerketa bat. Azaldu dutenez, Paxlovid bidezko tratamenduak zeharo murriztu zituen ospitalizazioak eta heriotzak COVID-19 larria pairatzeko arrisku faktoreak zituzten pazienteen artean.

Esperimentuko paziente gehienak delta aldaerarekin kutsatu ziren, baina, laborategiko ikerketak oinarri hartuta, ikerlariek uste dute botika eraginkorra izanen dela omikron eta beste aldaera batzuen aurka ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.