Pausoka maldak berdintzeko

Ibilian-ibilian, Iruñeko talde bat mendian aritzen da euskaraz: «Helburua da euskara praktikatzea giro onean, mendian paseo bat emanez».

Mendia Mintzalagun
Mintzalagun taldea mendian. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2024ko irailaren 10a
05:00
Entzun

Mendia aldapa izaten da. Nekeza zenbaitetan. Baina esfortzuak merezi izaten du tontorrera iritsitakoan ikusten diren bistengatik, eta bidean ere egoten da gozatzerik. Aldera daiteke euskara ikasteko prozesuarekin: urteetako ahalegina nekagarria izan daiteke, baina sari bat da pausoz pauso euskaraz ikasten joatea. Eta maldak eramangarriagoak dira bidelagunen ondoan. 

Horietako bat da Karlos Goñi. Berak gidatzen du Iruñean mendira joateko osatua duten Mintzalagun taldea —Mintzakide deitzen diote Iruñerrian—. 16-18 pertsona elkartzen dira, eta inguruan buelta bat egiten dute hilean behin, igandeetan. 

Euskara ikasleak dira mendizale gehienak: «Denetariko jendea dago, baina gehienak euskara ikasten ari dira. Batez ere, jende gaztea da, gehienak Iruñekoak». Antzeko plana izaten dute beti: elkartu, autoetan banatu, ibilbide bat egin eta trago bat hartu. «Mendia ongi dago hitz egiteko, baina potea, hobeto». Asebeteta itzultzen da Goñi: «Beti gustura egoten gara. Batzuetan esaten dut: ‘Badaramatzat ez dakit zenbat urte, galtzen ditut lagunekin egoteko beste aukera batzuk’. Baina ni oso gustura nago, eta oso ongi pasatzen dugu. Haiek esaten didate: ‘Karlos, eskerrik asko, asko gustatu zait bidea’. Pozten naiz, gustatzen zaielako, eta, batez ere, euskara praktikatzen delako; horretarako egiten da».

Gainera, ikusten du egindakoak fruituak ematen dituela. Batez ere, denbora batean Mintzalagunen parte hartzen ez dutenei nabaritzen zaiela dio: «Etortzen direnean, gehiago kostatzen zaie». Euskara ikasteko konstantzia ezinbestekoa baita: «Gurekin orain dela lau edo bost urte hasi zirenak A1 edo A2 mailan zeuden, eta, orain, ongi hitz egiten dute euskaraz. Hilabete batetik bestera ez da nabaritzen, baina urteetan, bai».

Kultura ere bai

Alabaina, partaideek euskaraz ikastea ez da Goñiren helburu bakarra; euskal kulturan ere murgilarazi nahi ditu: «Saiatzen naiz kirola bainoago, zerbait kulturala egiten. Batzuek euskara ikasten dute, baina kulturaren inguruan ez dakite ezer. Horregatik, mendi ospetsu batera joan beharrean, buelta bat ematen dugu, zerbait ikusteko». Zerbait hori izan liteke trikuharri bat edo gaztelu zahar bat. «Helburua da euskaraz aritzea giro on batean, mendian paseo bat emanez eta gauzak ezagutuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.