Lau ikasturtean irakasleen soldatak %36 igotzea eta eskola orduak %26, 5 murriztea. Horixe da Eusko Jaurlaritzaren eta herri ekimeneko euskaltegien arteko akordioaren funtsa. Horretarako, Jaurlaritzak 10 milioi euro gehiagoko inbertsioa egingo du. Euskaltegietako irakasleek uste dute hitzarmenak orain arte eduki dituzten baldintza gogorrei buelta emateko balioko duela, baina ez daude erabat asebeteta: besteak beste, ikasleek euskara doan ikastea nahi dute.
Lan baldintza eskasagoekin zaildutakoak dira herri ekimeneko euskaltegietako irakasleak. «Soldata duinaedo izateko hartu beharreko talde kopurua oso handia da», azaldu du Hernaniko AEK-ko euskaltegiko (Gipuzkoa) irakasle Aize Otañok. Gainera, azken urteetako joera da talde bakoitzak eskola ordu gutxiago izatea, horrek irakasleentzat dakartzan lan gehigarriarekin. Joxemi Reguero Gasteizko IKAko irakasleak uste du euren euskaltegietako baldintzak ez direla beste euskaltegi batzuetakoak bezain gogorrak, baina talde gehiago hartu beharrak gogortu dituela: «Hiru-lau talde hartzeak biderkatzen ditu prestaketa orduak, eta ikasleei jarraipena egiteko, ia-ia bikoiztu egiten dira kopuruak. Gainera, egun osoa eman behar duzu horretan. Lan baldintzak okertuz joan dira hobetuz joan beharrean». Soldatekin ere nahiko lan dute, azaldu duenez: «IKAren kasuan, %30 gutxiago kobratzen dugu udal euskaltegietan baino. Orain arte euskaltegietan ibili garen gehienok ibili gara nolabaiteko militantziagatik».
Hain zuzen, akordioak bi eremu horietan izango du eragina:Lau urtean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako irakasleen 25.000 euroko soldata 34.000 euroraigoko litzateke, eta 1.000 eskola orduetatik 809 ordura jaitsi. Lana «askoz ere eramangarriagoa» izango dela iruditzen zaio Reguerori: «Gure kasuan, horrek dakar, gutxi gorabehera, egun bakoitzean eskola ordu bat gutxiago ematea prozesua bukatzen denean». Bilboko Indautxu auzoko AEK-ko irakasle Zuriñe Eguzkizak uste du onurak ekarriko dizkiela, baina ez da hain baikorra: «Gu ez gabiltza lanean Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik, baita Nafarroan eta Iparraldean ere. Gainera, denok ez gara irakasleak: batzuk teknikariak dira, beste batzuk didaktikariak... Horiek ere berdin kobratzen dute, gure kasuan. Lan hitzarmenak ekarriko dituen onura guztiak gure errealitatera ekarri behar dira».
Baldintza txarren ajeak
Orain arte izandako lan baldintzek zenbait ezin eragin dizkiete; besteak beste, irakasle berriak lortzeko eta bazeuzkatenak mantentzeko. Hala bizi du Eguzkizak: «Irakasle berri askok bi edo ,asko jota, hiru urte ematen dituzte gurekin, eta apur bat dinamikan sartzen hasten direnerako alde egiten dute». Baldintzak hobetuta, hori alda daitekeelakoan dago Reguero: «Ezagutzen ditut irakasle asko orain lortuko ditugun baldintzak izango balituzkete ez zuketenak alde egingo». Zalantzatiago mintzo da Eguzkiza, jendea oraindik Hezkuntza Saileko zerrendetan sartzeko «irrikan» dagoelakoan: «Bestea [hezkuntzakoa] karamelu bat da gurearekin alderatuta».
«Dena ez da soldatak igo eta orduak murriztu», aldarrikatu du Eguzkizak. «Hirugarren pausoa» falta delakoan dago Reguero. «Oraindik bidea egiteko» dago, Otañoren irudiko. Euskara ikasteko doakotasunaren beharraz ari dira hiru elkarrizketatuak. Otañok azaldu du eskaera: «[Hitzarmena] Aurrerapauso handia izan da, gure sektorearen aldarrikapen nagusietako bat jaso du proposamenak: irakasleon lan baldintzak hobetzea. Baina oraindik bidea badago egiteke: beste aspektu batzuk ere begiratu behar dira, esate baterako, euskara ikasteko doakotasuna». Beste behar batzuen berri ere eman du Eguzkizak: «Adibidez, gure lokal batzuek konponketa txukun bat behar dute, teknologia berrietan inbertitu behar genuke, ze oraindik askotan fotokopien bidez jarraitzen dugu lan egiten. Ez dakit horrek hitzarmenean isla izango duen ala ez».
Nafarroan, «oso-oso urruti»
Eta dena ez da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Nafarroan, esaterako, gisa horretako hitzarmen batetik «oso-oso urruti» daudela uste du Iruñeko IKA Arturo Campion euskaltegiko irakasle Xabier Olidenek: «Hemen gauzak ez daude puntu horretan, ezta gutxiagorik ere: ez dugu hitzarmenik, ez dugu hainbestetan eskatu dugun inolako akordiorik. Hemen dagoena da dagoen gobernuaren araberazenbait diru laguntza ematen direla batzuetan eta beste batzuetan ez direla ematen». Eskolak ematen «oso gustura» ari den arren, «izugarri erreta eta nazkatuta» dago beti «gorabeheraz gorabehera» ibili behar izan dutelako: «Baliabide eta bitarteko aldetik ongi ez gara inoiz ibili». Egungo egoerarekin ezin dute luzera begirako planteamendurik egin: «Dagoen gobernuaren menpe gaude, eta ez dakigu zer gertatuko den hemendik, esate baterako, bizpahiru urtera».AEK-k, berriz, ez du irakasleen artean desberdintasunak egiteko asmorik, eta baldintza berak izango dituzte leku batean nahiz bestean jardun: «Berdintasun parametroetan arituko gara».
Pauso bat bide bukatu gabean
Eusko Jaurlaritzak eta herri ekimeneko euskaltegiek sinatutako akordio baten bidez, soldatak igo eta eskola orduak gutxituko dizkiete irakasleei. «Aurrerapausotzat» daukate, baina ez dute begi onez ikusten euskara ikasteko doakotasuna jaso ez izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu