Azarotik, 5.000 pertsonatik gora aterpetu dira Baionako harrera lokalean. Sei hilabete iragan dira Lesseps kaian Pausa egitura ireki zutenetik. Afrikatik hasi, Mediterraneoa zeharkatu eta Espainia utzirik, migratzaileak Euskal Herritik pasatzen dira Italiako mugak hetsi zituztenetik. Baiona migrazio bideko hiri bilakatu da, eta handik pasatzen diren etorkinen kopuruak gora egin zuen 2018an.
Joan den udan, Baionako Euskaldunen Plazako autobus geltokian hasi ziren herritar batzuk migratzaileei janaria, jantziak edota telefonoen kargagailuak banatzen. Irailean, Diakite kolektiboa sortu zuten, gutxieneko laguntza eskaintzeko asmoarekin. Urri bukaeran, tokiko instituzio eta elkarte berezituen laguntzari esker, egitura berri bat abiatu zen: Pausa. Lehen egoitza CCAS Ekintza Sozialerako Herriko Zentro ohian izan izan zuten, baina azaro erdialdean tokiz aldatu ziren: batetik, segurtasun arazoengatik, eta bestetik, txiki gelditzen zelako. Azken urte erdian, utzitako kaserna militar batean daude, Lesseps kaian beti, eta autobus geltokia ere hara mugitu dute. Iragate zentroa da Pausa, eta migratzaileek hiru egun egin ditzakete bidaian segitu aitzin Frantzia eta Europako hiri nagusietara.
Proiektu atipikoa
Hiru eragileren besapean eratu da proiektua. Egitura segurtasun neurrietara egokitzeko, Euskal Elkargoak ekarri du finantzaketa; horrez gain, Pausak hilabetean 71.000 euroko kostua du. Baionako Herriko Etxeak laguntza eta adimena eskatu dizkio Atherbea elkarteari, arlo sozialean aritzen delako —gauero 300 pertsona babesten ditu dauzkan hamabi egituretan—. Diakite kolektiboak seiehun laguntzailez osaturiko sarea ehuntzea lortu du, Euskaldunen Plazan hogei bat lagun biltzen zirelarik. «Hastapenetik, partaidetza aniztuna da: Diakite kolektiboak laguntzaileen kudeaketa eramaten du, Euskal Elkargoak baliabideak eman ditu, eta guk profesionaltasuna ekartzen dugu; atipikoa da, baina aberasgarria da, guztiz», dio Pantxika Ibarburu Atherbeako ordezko zuzendariak. Horrelako funtzionamendua duen egitura bat ezohikoa da, parekorik ezagutzen ez zaiona eta antolaketa berezi bat eskatzen duena.
Nabarmentzekoa da Atherbeak zazpi lanpostu ireki dituela —koordinatzaile bat eta sei langile—, gunean presentzia segurtatzeko, gau eta egun. Antolaketari dagokionez, bost polo nagusi daude Pausan: harrera, osasuna, garraioa, sukaldea eta jantziak. Laguntzaileek kudeatzen dituzte.
5.000 migratzailetik gora
Egunero, guneak 100-200 pertsona aterpetzen ditu. Egoteko hiru eguneko epemuga finkatu dute, baina bidaian segitzeko ahalik ez dutenek aukera dute epea luzatzeko. Hala ere, batez beste bi eta lau egun bitarte egoten dira zentroan. Ibarbururen ustez, eskaerari erantzun dioten seinalea da. «Jendearen %90ak bidean segitzen du, eta Baionan pausatzeko behar duten tokia atzeman dute». Azken datuen arabera —otsail bukaerakoak dira—, 5.000 etorkin baino gehiago pasatu dira Pausatik; hamarretik bat adingabea da. Baionan epe luzeagoan egon nahi dutenek, berriz, luzaroko harrera segurtatzen duen Etorkinekin elkartera jotzen dute.
Pausan eskuratzen dituzten premiazko beharrez gain, Cimade elkartearekin ere ari dira elkarlanean, aholku juridikoak jasotzeko. Elkarte hori Frantziako Estatu osoan ari da lanean errefuxiatu eta etorkinekin, urrats administratiboetan sustengua emanez. Esate baterako, adingabeak departamenduko prozeduretan laguntzen dituzte, eta laguntza teknikoa eskaintzen epe luzeago batez. 18 urtetik beherako neska-mutilek, dokumentaziorik ez dutenez, hainbat azterketa pasatu behar izaten dituzte adingabeak direla frogatzeko. Adingabeak direla frogatzen delarik, Frantziako Estatuak bere gain hartzeko betebeharra du, bakartasun egoeran badira. Baina Maite Etxeberri Diakite kolektiboko lehendakariak deitoratu du garai hauetan adingabeek ukapen anitz jasotzen dituztela.
Frantziako Estatuaren migrazio politika zuzenki bizitzen dute Pausan. Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak ekarpen ekonomiko bat galdegin die departamenduari eta estatuari, baina ezezko erantzuna jaso du. Herve Jonathan Baionako suprefetak adierazi du «koherente» izan behar dutela «pasatzaileen aurkako borrokarekin». Era berean, apiril hasieran, Christophe Castaner Barne ministroak ohartarazi zuen gobernuz kanpoko erakundeak «jende pasatzaileen konplizeak» zirela.
Etxeberrik erantzun du «legezkotasun osoz» ari direla Pausan. «Ez da diru trukerik egiten: Herrou jurisprudentziaren baitan kokatzen da Pausa». Jurisprudentzia hori «anaitasun printzipioan» oinarritua da: diru trukerik eta muga pasatzerik ez den bitartean, etorkinei harrera eskaintzea legeztatzen du.
Pausa martxan jarriz, Euskal Elkargoa eta Baionako Herriko Etxea estatuak jarri hertsaduren gainetik pasatu dira, eta tokiko proiektu bat abiarazi dute. Euskaldunen Plazan migratzaileak biltzen hasi zirelarik, eta negua hurbiltzen ari zela-eta, hiru astez hartu zuten lokal bat irekitzeko erabakia. Diakite kolektiboak eskertzen du instituzioen konpromisoa, baina ohartarazi du batzuetan «erritmo ezberdinak» dituztela; adibidez, premiazko egoera batzuetan erabakiak hartzeko. «Desorekak gerta litezke erabakiak hartzeko garaian».
Mobilizazio gaitasuna
Halere, Euskal Herriaren elkartasunerako mobilizazio gaitasuna azpimarratu du Xan Bidegain Diakite kolektiboko kideak: «Ohitura badugu Euskal Herrian estatuetatik deus ere ez itxoiteko, eta horren aurrean kolektiboki antolatu eta aritzeko». Haren erranetan, Baionako Herriko Etxeak eta Euskal Elkargoak gizarte zibilaren mobilizazioari «segitu» diote. Jende oso ezberdina bildu da Pausan. Bidegaini laguntzaileen aniztasuna egin zaio deigarrien: «Gizarte oso bat itxuratzen da Pausan. Betiko militanteak badira, baina jende berria ere sartu da. Laguntzaileek estatuaren pasibotasuna ikusten dute, eta ohartzen dira estatuak egiten ez duelako egin behar dutela».
Etxeberriren hitzetan, oraindik ez da momentua bilana egiteko. «Gure proiektua hasi bakarrik egin da». Sei hilabetez, 5.000 pertsonatik gora igaro dira iragate zentrotik. Estatuaren gelditasunaren aitzinean, gizarte zibila eta tokiko instituzioak elkarlanean aritu dira egoera larriari zuzenki erantzuteko. Elkarlan horrek jende ezberdina bildu du, eta, hiru eragileen arteko osagarritasunari esker, migratzaileek Pausan egiten ahal dute geldialdi bat. «Pausak behar bati erantzuten segitu behar du», Ibarburuk nabarmendu duenez.
Ondoko asteetan, bilan bat eginen dute hiru eragileekin, segidarako plan bat erabakitzeko. Elkargoko lehendakari Etxegaraik «laguntza humanitarioan segitzeko borondatea» erakutsi du, Ibarburuk dioenez, «baina gure eskariari segidarik ez dio eman». Geroari begira ez da segurtasunik, beraz, baina Etxeberrik, Bidegainek eta Ibarburuk nabarmendu dute ezinbestekoa dela Pausa gunea. Oraingoz, Atherbeako zazpi langileek maiatz erditsura arteko kontratua dute.
Diakite elkartean laguntzaile gehiago xerkatzen dituzte. Aterpetu migratzaileen kopuruak ez du behera egiten, eta, aitzina egin ahal izateko, laguntzaileen beharra dute. Bestalde, behar materialak ere badituzte, eta astero zerrenda jartzen dute Facebooken.
Pausak erantzun dio behar bati
Baionako Pausa egiturak urrian ireki zituen ateak. Migratzaileei harrera egiteko lekua da. Baiona migrazio bideko hiri bilakatu da, eta gizarte zibila eta tokiko instituzioak elkarlanean aritu dira ezohiko proiektu horretan. Sei hilabete igaro diren honetan, Atherbeako eta Diakiteko langile eta laguntzaileek bilan bat egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu