Pausa zentroan Rambo erraten dioten P.B.-ren izena entzun orduko, elkarrizketa moztu du Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak. «Horrela aurkeztuta, ez dut ezer erantzungo. Nahi duzuna idatzi. Ez dago Ramborik Pausan. Hartu nahi dituzuen lekukotasun guziak. Niri osoki berdin zait». Irmo erantzun du: «Ea atzematen duzun beste auzapez bat nik Baionan egin dudana eginen lukeena». Telefono deia moztu du.
BERRIAk herenegun arratsean jo zuen Euskal Elkargoko lehendakariarengana, Baionako Pausa zentroan hark izendatutako segurtasun arduradunarekin sortutako arazoez galdetzeko. Lekukoen arabera, arazo andana bat izan da P.B. Pausa zentrora agertu zenetik. 30 urtez jendarme izandakoa da, haiek diotenez. Ofizialki Euskal Elkargoak izendatu du, eta Etxegarairen babesa du, baina prefeturarentzat lanean ari den susmoa du batek baino gehiagok. «Elektroi librea», «gangrena», «bere aldetik ari da», «dena sabotatzen du», «espioitza», «zainketa», «presioak»... Hitz gogorrak erabili dituzte BERRIArekin mintzatu diren lekukoek. «Kudeaezina» dela erranez laburbildu dute gehienek. Pausan duen funtzioa argitzeko eskatu izan dute behin baino gehiagotan, baina ez dute erantzun argirik jaso.
Haren jarrera «autoritarioa» salatu dute. Diotenez, ez ditu errespetatzen erabakiak, eta bere baitarik beste batzuk hartzen ditu; migranteak ostikoka iratzarri izan ditu; finkatutako ordutegitik kanpo agertzen direnak identifikatzen ditu... Migranteei galdeketa zorrotzak egiten dizkiela ere salatu dute, argazkiak hartu eta ibilbideaz galdetzen diela, erranez haien dosierra aitzinaraziko duela —Cimade elkarteak egiten du hori—. Inork ez daki nora joan diren galdeketetako informazioak.
2018ko azaroan ireki zuten Pausa, bidean diren migranteei atsedengune bat eskaintzeko. Baina lekukoek salatu dute B.P. migranteen artean diskriminazioa egiten hasi dela, eta magrebtarrei Pausara sartzen ez uztea erabaki duela. Izan ere, badira migrante batzuk bidean direnak, baina badira Baionan iraunkorki daudenak ere. Ez da erraza biak desberdintzea. Baionan lekua hartua duten batzuk entseatu izan dira Pausan aterpetzen. Gehienetan, langileek arazorik gabe kudeatu dituzte halako egoerak. Bidean ez zen magrebtar bat Pausara sartzen bazen, biharamunean kanporatzen zuten. Baina egoera aldatu egin da. Behin, borroka bat egon zen alkoholaren eraginpean ziren batzuen artean, eta kanporatu egin zituzten. Horren ostean, P.B-k erran zuen harrera ukatu behar zitzaiela magrebtar guziei. Ez zuen zehaztu bere erabakia zen ala Elkargoarena. Langileek agindua idatziz emateko eskatu zioten, baina ez zuen onartu. Beraz, taldean desobeditzea erabaki zuten, Atherbea elkartearen babesarekin.
Hain justu, Atherbeak utzi egin dio Pausan parte hartzeari. Hango zuzendari Jean Daniel Elixirik ez die erantzun BERRIAren galderei. Baina, egunkari honek jakin duenez, P.B.-ren jarrera izan da Atherbeak harremana eteteko arrazoi nagusietako bat. P.B. kanpo ematea edo elkartearen agindupean ezartzea eskatu zuen Atherbeak. Euskal Elkargoko teknikariak eskaera onartzeko prest ziren, baina Etxegaraik errefusatu egin zuen. Diakite kolektiboak eta Atherbeak Pausa zentroarentzat landutako proiektu berrian lau aldiz azpimarratzen da segurtasun misioko kargudunak Atherbearen autoritatepean egon behar duela.
Elkarlana, hautsita
Agorril hasieran proposatu zuen elkargoak migranteen harrera zentroaren kudeaketan Diakite kolektiboa eta Atherbearekin lotzen zuten hitzarmena berritzea. Anartean, Atherbeako langileek arrangurak helaraziak zizkieten arduradunei, eta Atherbeak elkargoari adierazi zion ez zela prest baldintza beretan segitzeko. Bi hilabeteko epea onartu zuten proiektu berria idazteko, eta bi eskaera nagusi egin zizkioten elkargoari: Atherbeak izatea Pausa atseden zentroaren kudeaketa teknikoaren ardura osoa —norabide orokorrak finkatzeko gidaritza batzordean parte hartzea proposatzen zien elkargoari eta herriko etxeari—, eta, segurtasun misioko karguduna kendu ezean, dispositibo orokorrean integratzea. Ez dute lortu ados jartzea.
Urriaren 30ean abisatu zituzten Atherbeako langileak hitzarmena ez zutela berrituko. Haiek ere ez ziren prest baldintza horietan segitzeko. «Segitzen bagenuen, lehertuko ginen». Arratsaldean, Jean Jacques Manterola Euskal Elkargoko Elkartasun Saileko arduradunaren deia jaso zuten, Pausan lanean segitzeko prest ote ziren galdetuz. Erantzun bera eman zuten gehienek: «Bai, baina ez baldintza horietan». Berriz deituko zituztela erran zieten; oraindik zain dira. Sei langileetarik bik onartu zuten segitzea; horietarik batek igandean utzi zuen lanpostua.
Migranteak kanpoan
Euskal Elkargoak Pausa zentroa bere gain hartu zuen lehen asteburua «biziki zaila» izan dela azaldu du Diakite kolektiboko zuzendaritza kide ohi batek. Kudeaketa berriak kolektiboa uztera konbentzitu du. «Egoera lauso horretan, misio kargudunak zuen hitza hartzen, eta hark erabaki du dena».
Larunbat gauean, 00:00ak eta 07:00ak artean zentroa ixtea erabaki zuen; ez ziren sartzen ahal ez laguntzaileak, ez langileak. «Diakite sortu zen gauez iristen ziren migranteak laguntzeko, eta orain Pausa gauez itxiko dugu? Ez da posible». Laguntzaile talde bat Pausara joan zen, eta P.B.-k erran zien migranterik etorriko balitz 07:00ak arte itxoin beharko zutela. Elkargoari mezu bat bidali zioten berehala, eta zentroaren kanpoan egotea erabaki zuten. 01:00 aldera hiru migrante agertu ziren. Zentroko segurtasun zaindariekin mintzatu, eta P.B.-ri deitzeko eskatu zieten, erranez ez zirela handik mugituko. «Erran zuen hiru migranteak sartzen uzteko eta besteak kanpoan uzteko. 'Besteak' gu ginen». Migranteei gauez ere harrera egitea onartu dute geroztik, baina ez onartu laguntzaileak sartzen utzi gabe.
Astelehenean bilkura egin zuten Diakite kolektiboko kideek Euskal Elkargoko arduradunekin, eta P.B.-k ere parte hartu zuen. «Etxegaraik behin eta berriz errepikatu zigun auzapez gisa ardura handia duela eta, ondorioz, Pausan autoritate baten beharra duela. Autoritate hori P.B. dela erran zigun, eta harengan konfiantza osoa duela».
Migratzaileak. Pausa zentroa
Pausa, kontrol bihurtua
Baionako Pausa atseden zentroko segurtasun arduradunaren jarrera «autoritarioa» salatu dute hainbat lekukok. Haren aritzeko modua izan da Atherbearekiko elkarlana hausteko arrazoietako bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu