Artoaren negoziorako uraren lehia

2021etik uraren legea urratu dute alor ureztatzaileek, Paueko auzitegiaren arabera. Ibaietatik ur gehiegi hartu dute. Ingurumen elkarteek auzitan ezarri zuten prefeten baimena. Agorrilaren 2ko epaiak arrazoia eman die.

Amikuzeko arto alor bat eta ureztatzeko tresneria, ostegunean
Amikuzeko arto alor bat eta ureztatzeko tresneria, ostegunean. PATXI BELTZAIZ
Iñaki Etxeleku.
2024ko irailaren 4a
05:00
Entzun

Agorrilaren 2an, Paueko Administrazio Auzitegiak Aturri arroko prefeturei agindu zien erreketako uren ponpatzeko heinak %25 apaltzea. Ingurumen elkarte batek baino gehiagok —Sepanso, France Nature Environnement, Les Amis de la Terre— jarri helegiteari erantzun zion auzitegiak, gisa horretan. Orduz geroztik, apaltzeko agindua indarrean zen Landetako, Gerseko, Pirinio Garaietako (Okzitania) eta Pirinio Atlantikoetako departamenduetan —Ipar Euskal Herria barne—. Baina laborari sindikatuek kexua agertu zuten, eta agorrilaren 14an prefeturek gibel egin dute. Apaltzea %5era murriztu diete Irrigadour sindikatu mistoko laborariei; nagusiki arto alorren ureztatzeko hartzen dute ura lau departamendu horietako ibaietatik.

Ingurumen elkarteek uztailean antzeman zuten arau hauste bategatik jo zuten auzitara. Alabaina, legeak laborantzarako ibaietako ur ponpatzeak hein batera mugatzen ditu lurralde horietan: 165,5 milioi metro kubo. Aturri arroko ur agentziak 2009an egin ikerketa zientifiko batek finkatu zuen hein hori, eta 2025eko maiatzaren 31 arte finkatua da, ontsalaz. Uztailaren 12an, prefetek 202,91 milioi metro kubo hartzea onartu zieten laborariei 2024ko ekainaren 1etik urriaren 31 arte. Agorrilaren 2an, prefeten erabaki hori hautsi zuen Paueko auzitegiak. Epaileak oroitarazi zuen «Aturri arroko ibai urak eta lurpeko gehienak egoera txarrean» direla, «bai ur heinetan, bai ekologikoki». Agerian eman zuen, guneka, «ponpatua den ura onartu heina baino goragokoa» dela, uren egoera «desorekatzeraino».

Auzitegiak oroitarazi zuen, gainera, 2021eko abenduaren 21ean Bordeleko (Okzitania) Administrazio Gaietarako Dei Auzitegiak jada ezeztatu zituela Aturri arroko prefeturek eman ur ponpatzeko baimenak. Ondoko arrazoia eman zuen: «Ponpatze horiek egoera larritzen dute, eta ez dute uzten ur hartzeen eta ur erreserben arteko oreka berreskuratzen». Are gehiago, «baimen horiek Europako uraren gaineko gomendioa ez dute betetzen», azpimarratu zuten Bordeleko epaileek; jakinik, Frantziako ingurumen kodeko L-211-1 artikuluan finkatua dela. Baimen horiek legea urratzen zuten, hots. Horregatik, Paueko epaitegiak agorrilaren 2an hartu erabakiak legez behartu ditu ponpatzeak %25 ttipitzera prefetek agorrilaren 14an agindu berria atera arte.

Jujamendutik bi egunera, Pirinio Atlantikoetako FNSEA sindikatuko ordezkariek eta Paueko Laborantza Ganberako buruak (FNSEA) prentsaurrekoa egin zuten, «haserrea» adierazteko. Haserre hori maila gorenerat helaraziko zutela hitzeman zuten, eta mehatxatu, legea hautsi behar bazen ere, laborariak deituko zituztela ur kantitate berbera hartzera. Agorrilaren 14an etorri zen estatuaren erantzuna lau departamenduetako prefeturetarik: berriz ere emendatu zizkieten arto ekoizleei ura hartzeko baimenak; hain zuzen, 192 milioi metro kubotara. Hondarrean, apaltzea %5 baizik ez zaie gertatu.

Pirinio Atlantikoetako Prefeturari galde egitean Paueko epaitegiak eman erabakia zergatik ez duten bete, Landetako Mont-de-Marsango Prefeturara bidaltzen du, hark duela gaia zuzentzen argudiatuta. Mont-de-Marsango Prefeturak hala ihardetsi du: «192,74 milioi metro kuboko heina 2024ko udarako aurreikusi ur-hartze heinaren araberakoa da; 2022tik 2027rako epean orekara itzultzeko norabidean ur hartzeen kudeaketa publikoa duen OUGC egiturari jakinarazi eta SDAGE eskeman aurreikusi bezala».  Landetako Prefeturak gehitu du hein hori baino ur gutiago hartu dela: «Gehienezko hein hori azken urteetan neurtu den zinezko kontsumoa baino gorago da».

Laborariak kontent agertu ziren prefeten manu berriarekin, baina ingurumen elkarteek ere garaipen ttipi gisa hartu dute, lortu baitute ponpatzea murrizten.

«2021eko otsailaz geroztik, Irrigadourreko ureztatzaileek —nahiz eta bi aldiz zigortuak izan—segitu dute ur ponpatzen nahi bezainbat»

MICHEL RODESSepanso ingurumen elkarteko kidea

Artogileak legez kanpo

Bordeleko Administrazio Gaietarako Dei Auzitegiak 2021eko abenduaren 21ean hartu zuen erabakia argi eta garbia zen, eta hala zioen: «Ikerketak erakutsi du, eta bereziki inkesta publikoak, eman diren ur ponpatze baimenek har zitekeen ur heina %35 gainditzen zutela». Lau lurraldeetako prefeturek 2017an Irrigadourri eman baimen horiek ezeztatu zituen auzitegiak. Adour-Garonne ur agentziak 2009an finkatu heina oroitarazi zuen, bidenabar, auzitegiak: 165,45 milioi metro kubo. Beraz, hamar hilabete lehenago Paueko auzitegiak eman deliberoa berretsi zuen.

«2021eko otsailaz geroztik, Irrigadourreko ureztatzaileek —nahiz eta bi aldiz zigortuak izan—segitu dute ur ponpatzen nahi bezainbat; horrez gain, ez dute sekula onartu ureztatze programa berri bat aurkeztea», salatu du Michel Rodes Sepanso ingurumen elkarteko kideak. Uraren erabileraren gaia ezagutzen du aspalditik. Hamabost urtez egon da elkarteko ordezkari Aturri-Garona ur agentziako administrazio batzordean, baita Frantziako uraren batzorde nazionalean, ministerioan. «Zigortuak izan dira legea badelako, eta legean diote ingurune naturalak zaindu behar direla eta uren kalitate txarra ez dela larriagotu behar», gehitu du.

Rodesek erran du artogileei ere abisuak eman zizkietela: «Aspaldian erran diegu egin-moldea aldatu behar luketela, beharrez ihinztatzerik ez egitea, horren ordez landak itzulikatzea; baina ez dute deus entzun nahi».

«Laborantza industriaren presioagatik, arto ekoizpena aise gehiago lagundu da diru publikoarekin pentzetako belarra baino»

MICHEL RODESSepanso ingurumen elkarteko kidea
Amikuzeko arto landak, ureztatzeko tresneriarekin
Amikuzeko arto landa batzuk, ureztatzeko tresneriarekin

Laborari sindikatuen erreakzioak

Pirinio Atlantikoetako FDSEA sindikatuko buru Corinne Noustyk, Paueko Laborantza Ganberako lehendakari Bernard Layrek, Guy Estrade Ganbera bereko hautetsiak eta FDSEAko gazteen ordezkari Sylvain Bordenavek agorrilaren 6an egin prentsa agerraldian adierazi zutenez, auzitegiaren erabakia «ulertu ezina» zitzaien. Noustyk erran zuen «laborarien eta ingurumen zaleen artean hautatu behar zela». Layrek dei egin zien ureztatzen duten laborariei «metro kubo bakarraz ez apaltzea ur hartzea».

Gers departamenduko Coordination Rurale sindikatuak gauza bertsua egin zuen prentsa agiri bidez, eta ureztatzaileei erran «pentsatu bezala segitzea ureztatzen». Beste dei mehatxatzailea egin zuen: laborariek ur agentziari ordaindu behar zioten saria «ez diruz pagatzea, baizik eta uzta egin ondoan gauzak emanez». Agentziak France Nature Environnement ingurumen elkartea diruztatzen duela salatu zuen, «laborarien kalterako». FDSEAren gisan, Coordination Ruralek uste du laborariak hor direla «herritarren elikatzeko», eta «ordu dutela beren burua inposatzeko». Sindikatu hori urrunago joan zen agorrilaren 19n, ezen Mont-de-Marsango (Okzitania) Landetako prefetura parean ponpatze murrizteak salatzeko pankartak zintzilikatu baitzituen, eta beharrez Mont-de-Marsan «blokeatuko» zutela mehatxu egin zuen.

Laborarien Konfederazioak eta Ipar Euskal Herrian adarra duen ELB sindikatuak ere agiri bat zabaldu zuten, abuztuan. Paueko auzitegiaren erabakiaz zera zioten: «Ekosistemen iraupenerako beharrezkoa izanagatik, laborari anitz segurtasunik gabe uzten ditu, alorren ureztatzea beharrezkoa den garaian». Epai hori estatuak laborantzaren eta uraren kudeaketan dituen gabezien ondorioa dela diote. «Estatuak eta laborarien ordezkariek, baita herritarren ordezkariek ere, uraren partekatzeko beste eskema bat landu behar dute», Laborarien Konfederazioaren ustez. Lau lurraldeetako laborantza ganbera ofizialei galdegin diete onar dezaten «beharrezkoa» dela laborariak laguntzea «egin-molde iraunkorrago bati buruz joan daitezen» .

Sepansoko Rodesek uste du antzezte hutsa dela laborariek egin dutena, eta badakitela arras ongi, aspaldidanik, legez kanpo ari direla ura hartzen. «Harrituarena egiten dute, baina jakinean ziren arras ongi; auzitegiek bi aldiz zigortu zaituztelarik eta hiru aldiz gelditzeko agindua eskuratu duzularik uxerrengandik, ez duzu harritzerik hirugarren aldikoz zigortua bazara». Paueko eta Bordeleko auzitegien 2021eko epaien ondotik, prefetek eman baimenak ezeztatuak izan ziren, eta Irrigadourreko laborariek ur ponpatzeko helburu berrituak aurkeztu behar zituzten, Rodesen arabera. Sekula egin ez duten lana. Ondorioz, 2022ko maiatzean eta iazko ekainean, prefeturek helburu berrien aurkeztera behartu zituzten bi aldiz. Artogileen ordezkaritzak deus ez du egin.

Rodesek uste du industrialari handiak direla jokamolde horren gibelean. «Laborantza industriaren presioagatik, arto ekoizpena aise gehiago lagundu da diru publikoarekin pentzetako belarra baino. Laborariak administratiboki artoari buruz bultzatuak dira». Hiru industria taldeen izenak eman ditu: Maisadour, Lur Berri eta Euralis. «Ureztatzeko urtegi bat egiteko inkesta publiko bat den aldiro, argudio nagusia dute kooperatiba handi horien hornidurak bermatu behar direla. Dena egina da kooperatiba handi horien alde; izenez baizik ez direlarik kooperatibak, aspaldian».

Lurpeko ur geruzetan lehia gorria bada laborantza, industria eta edateko ur horniduraren artean. «Aturriko ur geruzarentzat tentsio handiak dira: alde batetik, laborariek nahi baitute, eta, beste alde batetik, ur edangarrirako ur erresalbuetan behar baitugu», erran du Sepansokoak.

artoaren negozioa eta ura

Akitania Berria arto gehien ekoizten den eskualdea da Frantziako Estatuan, alde handiz. Landetako Departamenduan dira arto eremurik handienak, eta, ondotik, Pirinio Atlantikoetan; Biarnon, nagusiki. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Amikuze eta Bidaxune aldean dira elgerik handienak. Eskualdean, 430.000 hektarea inguru erabiltzen dituzte arto ekoizteko, nahiz urtez urte doi bat apalduz doan. Akitania Berrian landu laborantza lurren %40 artorako erabiltzen dituzte. DRAAF, Eskualdeko Elikadura, Laborantza eta Oihanen Zuzendaritzaren arabera, iaz, 3,5 milioi tona arto ekoitzi zuten Akitania Berrian. 

Nagusiki arto hazitakoa ekoizten da, %40 Frantziatik kanpora saltzeko. Merkatu horren %90 inguru Europako Batasunekoa da. Herbehereak eta Erresuma Batua dira erosle handiak, eta haien hazkuntzetarako erabiltzen dute. Baionako portuko esportazioen %45,43 dira artoarenak; 2023an, 365.488 tona arto joan ziren itsasontziz handik. 

Artoa ekoizteko ur anitz behar da. CNRS ikerketa zentroaren arabera, kilo bat arto ekoizteko 454 pinta ur behar dira. Laborantzan xahutu uren %90 landare ureztatzera doaz. Eta artoak hartzen du ureztatze horien %39. Kalkulu batzuen arabera, Frantzian, ur gezaren %20-24 artoaren ureztatzeko erabiltzen dute.

ur agentziaren sariak

Adour-Garonne ur agentzia estatuaren zerbitzua da, eta uraren erabilera kudeatzen du. Ur heinen eta kalitateari buruzko zaintza eta ikerketak egiteaz gain, laguntzak ere banatzen ditu erabilerari loturik. Herritarren ur edangarria, eta industriaren eta laborantzaren erabilerak aztertzen ditu.

Herritarrek ordaindu zergek diruztatzen dute agentzia. Ur fakturaren zati bat hari doakio. «Zuen ur faktura begiratzen baduzue, ikusiko duzue sariaren erdia ur agentziari joaten zaiola», erran du Michel Rodes Sepanso ingurumen elkarteko kideak. Horrek, partez, ur edangarria atxikitzeko erresalbu dorreentzat baliatzen du, baina «laborantzarako urtegientzat ere baliatzen du». Urtegi horietan atxiki ura erdizka laborantzan erabilia da, erdizka agortzen ari diren ibaien berriz hornitzeko, udan. «Ur gutiegi denez erreka horietan udan, arrainek, igelek, uhandreek, mariorratzek leher egiten dute». Zerga ordaintzaileek osatu diru laguntza nasai horiez «laborariak gozatzen dute lehenik», adierazi du Rodesek.

Agentziarako zergak emendatu zituen estatuak, iaz. Agentziaren arabera, emendatzeak alor bakoitzean ez du halako eragin handirik: herritarren artean +2,5 euro/urteko/familiaka; alor industrialen bi herenentzat + 1.000 euro/urteko; laborari ureztatzaileentzat: +7 euro ureztatu arto hektareaka (ureztatzearen gastu orokorraren %5).

BAIONAKO PORTUA
Baionako portuko esportazioen %45 artoarenak dira. GUILLAUME FAUVEAU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.