Paueko prokuradoreak esperantzak utzi zituen joan den astean iragandako auzian. Zentzu berean jokatzea erabaki du epaileak, eta Emilie Martinen kontrako euroagindua bertan behera utzi du. «Pozik» eta esperantza handiarekin agertu zen atzo Herrira elkarteko militantea. «Espainiaratua izan baldin bazen [Martin] kezka handia izango genuen», aitortu du, berriz, Maritxu Paulus Basurko abokatuak.
Azken horrek azaldu duenez, euroagindua ezeztatzeko arrazoiak «pilatu» egin dira dosier honetan, eta Paueko epailearen txostenean aipatzen diren «funtsezko» hiru argudio nabarmendu ditu: «Lehena: Emilieri leporatuak diren karguek ez dute bat egiten kalifikazio penalarekin. Bigarrena: kontuan harturik Frantziako autoritatea jakinean zela Emilieren egitateak legezkoak zirela, eta ez dutela haren aurkako prozedurarik ireki, Emilie Herrira-ko partaidea dela esatea, jakinez Herrira Frantziako Estatuan deklaratua den elkarte bat dela. Azken argumentu nagusia, hots, hirugarrena: leporatzen zaizkion egitateak bakarrik Frantziako lurraldean gertatu direla», eta, beraz, Frantziako autoritatepeko eremuan.
Oroitaraz daiteke, prokuradoreak euroagindu horren gabeziak azaleratu zituela, ez ekintzen tokia, ezta Martinen inplikazioa ere zehaztu gabeak zirela erranez. Atzo, berriz, dosierraren formazko arrazoietan ez zen sartu militantearen abokatua. Zehaztu zuen, soilik, erabaki horrek kontrol judizialaren kentzea ondorioztatzen duela.
Erabaki «osoa» dela baloratu du Basurkok, «argiki erraten duena leporatzen zaizkion egitateak ez direla egitate kriminalak». Hala bada ere, Madrilgo Auzitegi Nazionalaren dosierreansegitzen du oraindik Martinek, beste 45 lagunekin batera. Madrilgo auzia noiz izango den ez da jakina, oraingoz, eta, abokatuak nabarmendu duenez, «muturreko helburua» da Espainiako Justiziak bultzatzen dituen jazarpenak bertan behera uztea:«Aitortuko duelarik jazarpen horiek guztiz ilegalak direla, benetako garaipenaren eguna iritsiko da».
Aurore Martin, bakarra
Ez da lehen aldia frantses nazionalitatea duen pertsona baten aurkako euroagindua ezeztatua dela, Frantziako beste tokietan zein Paueko auzitegian. 2004an, bertan behera utzi ziren Espainiak Segiko hiru militanteren aurka egindako eskaerak. Baina, Basurkoren ustez, Paueko erabakia garai hartan ez zen oraingo hau bezain sakona izan. Parisen, berriz, Jean-François Leforten kontrako euroagindua ere ezeztatua izan zen, 2005ean. Kasu bakarra dago, beraz, 2012an Aurore Martinen aurka aplikatutako euroagindua.
EH Baik «pozgarritzat» jo du atzo Paueko auzitegiak hartu zuen erabakia, eta Madrilek epaitu nahi dituen guziei elkartasuna adierazi die: «Emilieri leporatutako karguak ere delitutzat ez jotzeak, epaiketa horren baitan epaituak diren auzipetu guzien karguak ere delitu ez direla adierazi nahi du». Horrez gain, Arantza Zulueta abokatuaren askatasuna galdegiten du. Koalizioak argitara emandako oharrean, bide batez, Aieteko konferentzian bildutako puntuak oroitarazi dizkie Frantziari eta Espainiari.
Paueko auzitegiak Emilie Martinen euroagindua ezeztatu du
Espainiako Auzitegi Nazionalak Frantziari bidalitako eskea bertan behera utzi du Paueko auzitegiak. Pozik eta lasaiturik agertu dira Herrira-ko militantea eta haren abokatua, deliberazioaren ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu