Paueko Administrazio Auzitegiak eskatu du Arbonako eskola publikoa eraikitzeko lurren kutsadura aztertzeko

Lur horietan hondakindegi kontrolatugabe bat izan zela dio oposizioko taldeak, eta ARSek ere zalantzak agertu ditu. Auzapezak dio behar baino ikerketa gehiago egin dituztela jadanik.

(ID_13551252) (Guillaume Fauveau/EZEZAGUNA) Conférence de presse des élu.e
Hats Berri bat Arbonari taldeko hautetsiak, herriko etxe aitzinean. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
Arbona
2024ko urtarrilaren 31
17:45
Entzun

Arbonako (Lapurdi) eskola publiko berria lur kutsatu batzuen gainean eraikitzen ari ote dira? Hala uste dute Hats Berri Bat Arbonari oposizio taldeko kideek, eta badu urte bat borrokan ari direla obrak gelditu eta behar diren azterketak eginak izan daitezen. Marie-Josephe Mialocq auzapezak, haatik, baieztatu du behar diren segurtasun neurri guziak hartu zituztela eta ez dagoela «inolako arriskurik»; herrian «nahasmendua» sortzea leporatu die oposiziokoei. Anartean, Paueko Administrazio Auzitegiaren erabakia iritsi da: justizia aditu bat izendatu du lurren kalitatea eta kutsadura kentzeko neurriak zehaztu ditzan. Eraikuntza obra geldiarazteko beste erabaki baten beha dira oposiziokoak. Oraingoz, eskola eraikitzeko lanekin segitzen dute. 

Mialocqen taldearen hauteskundeetako proposamena zen eskola publiko berriaren eraikuntza. Baina bost milioi euro kosta den proiektua ez da oposizioaren gustukoa: salatu dute hasieran aipatutakoaren «bikoitza» balio duela obrak eta ikastetxeak ez duela jantoki propiorik izanen; baina bereziki salatu dute hondakindegi kontrolatugabe baten gainean eraikia dela. Hainbat herritarren lekukotasunak dituzte horren froga: haien hitzetan, urteetan hainbat enpresak hondakinak metatu izan dituzte bertan. 

«Gu ez gara eskola berria eraikitzearen kontra, baina gure ustez beste leku batean eraiki behar zen. Jadanik milioi bat euroko gastua egina izan da. Kutsadura kentzeko neurriak hartu behar badira, dena berriz hasi beharko da».BEÑAT ARLAHats Berri bat Arbonari taldeko burua

Iazko otsailean, herriko etxeak ikerketa bat agindu zion APAVE ikerketa bulegoari, eta hark hainbat produkturen presentzia detektatu zuen, baina gerora adierazi zuen bateragarria zela eskola eraikitzeko proiektuarekin. Baina oposizioak ez ditu ontzat ematen ondorioak: emaitzen larritasuna «apaldu» izana leporatu diote kabineteari. Beñat Arla buru duen oposizioko taldeak Pirinio Atlantikoetako prefetari dei egin zion orain dela hilabete batzuk, eta hark ARS eskualdeko osasun agentziaren iritzia eskatu zuen. Abenduan idatzitako gutun batean, adierazi zuen APAVE erakundearen azterketa azalekoa izan zela, eta kutsadura arriskua egon zitekeela iradoki. Horrek motibatu du, besteak beste, Paueko Administrazio Auzitegiaren erabakia. 

Hats Berri Bat Arbonari taldekoek prentsaurrekoa egin dute herriko etxe aitzinean auzitegiaren erabakiaren berri emateko. Halaber, salatu dute gatazka esplikatzeko herriko aldizkarian publikatu nahi zuten testua zentsuratu diela auzapezak. «Gu ez gara eskola berria eraikitzearen kontra, baina, gure ustez, beste leku batean eraiki behar zen», adierazi du Arlak. Haurren osasuna arriskuan den ala ez argitu arte obrak gelditu beharko liratekeela iradoki du, eta «zuhurtasun printzipioa» lehenetsi behar dela erran. «Jadanik milioi bat euroko gastua egina izan da. Kutsadura kentzeko neurriak hartu behar badira, dena berriz hasi beharko da. Herritarren dirua xahutzen ari dira».

«Ez dago arriskurik»

Miallocq auzapezak adierazpenak egin ditu arratsaldean oposizioaren salaketei erantzuteko. Haren hitzetan, gezurra da eremu horretan hondakindegi bat zegoela. «Badakit hondakintegi publikoa non zegoen; hortik ehun metrora zen, herri guziak daki». Adierazi du salaketa bat jarria dutela «difamaziozko lekukotasunen» kontra. Haren hitzetan, dena behar bezala egin dute: «Egin behar zena baino gehiago egin dugu, derrigorrezkoak ez ziren ikerketak ere egin ditugu, eta lasaitu gaituzte. Sinesgaitza iruditzen zaigu jadanik eginak izan diren azterketak berriz egin behar izatea. Zer denbora galtzea, zer diru galtzea, baina nork ordainduko du?».

Argumentu guziei egin die uko: haren hitzetan, ARSen iritzia «kontsultatiboa» baizik ez zen, eta agentziak ez zeuzkan bere esku herriko etxeak egin dituen ingurumen azterketa guziak. Horrez gain, oposizioko hautetsiak ere kritikatu ditu: erran du ez direla «jakintsuak», eta nahasmendua sortzen dutela «nahitara», kutsatutako lurra eta hidrokarburo arrastoa bereizi gabe. «Lur guzietan aurkitu daitezke hidrokarburo, berun edo merkurio arrastoak, eta horrek ez du erran nahi lurra kutsatua denik. Dena egina izan da eskolaren segurtasuna bermatzeko. Ez dago inolako arriskurik». 

Arbonako Herriko etxeak haurrak desberdin tratatzen dituela salatu dute

Hats Berri Bat Arbonari oposizio taldeko hautetsiek salatu dute herriko etxeak ez dituela berdin tratatzen herrian diren hiru eskoletako ikasleak. Haur bakoitzeko honenbesteko bat ordaintzen dio herriko etxeak ikastetxe bakoitzari. Azken herriko kontseiluan, Saint Laurent eskola pribatu giristinoko haurren zenbatekoa emendatzea erabaki zuen: 578 eurotik 756 eurora igan da. Haatik, ikastolako haur bakoitzarentzat ematen dutena 378 euroan gelditu da. Oposizioko hautetsien iritziz, haur guziak «berdintasunean» tratatuak izan beharko lirateke. «Auzapezak eztabaida oro ukatu du, eta gardentasunik gabe jardun du», deitoratu dute.  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.