La Pau ordezkatuko duten enpresak astelehenean hasiko dira anbulantzia zerbitzua ematen

Ambulancias Gipuzkoa enpresak emango du zerbitzua Araban, eta Sanir-ek eta Ambulancias Baztan Bidasoak Bizkaian. Osasun Sailak presazko prozeduraren bidez tramitatu ditu kontratuak, zerbitzua «inolako etenik gabe» bermatzeko.

Larrialdietako anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Larrialdietako anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko azaroaren 20a
13:35
Entzun

Ambulancias Gipuzkoa Arabarentzat, eta Sanir eta Ambulancias Baztan Bidasoa Bizkaiarentzat. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du nork ordezkatuko duen La Pau enpresa datorren astelehenetik aurrera. Orain arte, Kataluniako enpresa hark kudeatu ditu anbulantziak Araban eta Bizkaian, bai larrialdietakoak, baita programatutakoak ere. Kontratu hori eten eta gero, beste enpresa horiek hasiko dira azaroaren 25ean zerbitzua ematen.

Eusko Jaurlaritzak eta La Pau enpresak akordioa sinatu zuten joan den hilabetean, kontratua «era ordenatuan» eteteko, azaroaren 30a baino lehen. Zerbitzuan izandako «etengabeko urritasunen» ondorioz hartu zuen erabaki hori Osasun Sailak. Izan ere, 2020. urteaz geroztik kudeatu du zerbitzua La Pauk, eta, urte hauetan, arazo ugari izan ditu.

Osasun garraioari segida eman diezaioten, behin-behineko kontratua egin diete enpresa horiei. Gipuzkoako zerbitzua kudeatzen duen Ambulancias Gipuzkoa hasiko da Araban lanean, Araba Anbulantziak markarekin. Sanir eta Ambulancias Baztan Bidasoa enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteak, berriz, Bizkaian emango du zerbitzua, Bizkanb markarekin.

Presazko prozeduraren bidez tramitatu dituzte kontratuak, «asistentzia zerbitzua inolako etenik gabe» bermatzeko. Osasun Sailaren iritziz, hori da «irtenbiderik azkarrena, eraginkorrena eta egokiena», pazienteen eta langileen ikuspegitik. Enpresa horiek zerbitzua eskainiko dute lizitazioa atera eta behin betiko enpresak esleitu arte.

Sindikatuen salaketak

Urte hauetan, sindikatuek gogor jo dute La Pauren kontra. Besteak beste, iaz, ESK-k salaketa aurkeztu zuen Arabako Fiskaltzaren aurrean enpresako lehendakari Vicenç Chicharroren aurka, baita Frumencio Molinero Osasun Sailaren kontratazioburu eta anbulantzien kontrataren arduradun ohiaren aurka ere. Prebarikazioa egin izana eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi zieten. Fiskaltzak, baina, atzera bota zuen salaketa. Aurtengo ekainean, bestalde, UGT sindikatuak La Pauren kontrako errekurtsoa aurkeztu zuen EAEko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan. Hutsegite «oso larriak» egin izana argudiatu zuen; besteak beste, nominak berandu ordaintzea.

Azken hilabeteotan, areagotu egin da La Pauren inguruko polemika. Irailean, hainbat hedabidek iragarri zuten enpresak asmoa zuela Osakidetzarekin zituen kontratuei uko egiteko. Segituan gezurtatu zuen hori enpresak, eta esan zuen lanean jarraituko zuela «osasun garraioko zerbitzuak» eskaintzeko.

Hilabete beranduago, Jaurlaritzak aitortu zuen ez zegoela «eroso» zerbitzuarekin, eta baieztatu zuen La Pauk uko egin nahi ziela kontratuei. Izan ere, onartu zuen uztailetik zerbitzuaren egoerak «okerrera» egin duela, eta arazoak izan dituztela nomina batzuk ordaintzeko. Gainera, anbulantziek gabezia franko izan dituzte azkenaldian. ESK sindikatuaren arabera, udan berrehun intzidentzia baino gehiago egon ziren. «Ehun kasutan, anbulantziak geldirik egon dira txanda osoan», jakinarazi zuten.

Zerbitzu publikoaren alde

La Pau enpresak eskainitako zerbitzuak hautsak harrotu dituen arren, hainbat eragilek argi utzi izan dute beste enpresa batzuekin ere arazoak izan dituztela. Besteak beste, La Pau enpresaren sindikatuetako ordezkariak –LSB-USO, ELA, UGT, LAB, ESK eta CCOO– Osasun Batzordean izan ziren herenegun, eta gogoratu zuten Larrialdiak enpresak «egun batetik bestera» alde egin zuela, langileei batez beste 5.000 euroko zorra utzita.

Ambuiberica enpresari, bestalde, «langileen bizitzeko eskubidea urratzen» zuela leporatu zioten ebazpen bidez, eta oraindik ere dirua zor du. «Enpresa horiek ez dute arazorik langileen baldintzak urratzeko», adierazi zuten. Eta erantsi zuten La Pauren aldetik langileek presioa, tratu txarrak eta utzikeria pairatu dituztela, baita mehatxuak ere. Hori dela eta, sindikatuek exijitu zuten zerbitzua publikoa izatea, «lehenbailehen».

EH Bilduk eskatuta egin zuten agerraldia sindikatuek. Izan ere, koalizio abertzalearen iritziz, «publifikazioa da eraldaketarako dagoen bide bakarra». Rebeka Ubera legebiltzarkideak Osasun Batzordean esan zuen enpresa aldatuko den arren egoerak ez duela hobera egingo. Bide beretik, urriaren 31ko osoko bilkuran legez besteko proposamena egin zuten, anbulantzia guztiak publiko egiteko prozesu bat irekitzea proposatzeko, baina Eusko Legebiltzarrak atzera bota zuen.

Uberak, egun hartan, txalotu egin zuen Tolosa, Elgoibar eta Donostiako anbulantzia medikalizatuak publifikatuko dituztelako iragarpena, horrek erakusten baitu Osasun Saila onartzen hasi dela anbulantziak pribatizatzeak «arazoak» sortzen dituela. Halere, uste du ez dela nahikoa, eta Nafarroako Gobernuak hartutako bidea oinarritzat hartzeko deia egin zuen, datorren urtetik aurrera anbulantzia guztiak publikoak izango baitira bertan. «Nafarroan jeltzaleentzat eta sozialistentzat ona dena EAEn zergatik ez da baliagarria?», leporatu zien gobernua sostengatzen duten alderdiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.