La Pau enpresak jakinarazi du ez diela uko egingo Osakidetzarekin dituen kontratuei

Hainbat hedabidek zabaldutako albistea gezurtatu du enpresak. Adierazi duenez, lanean jarraituko dute «osasun garraioko zerbitzuak» emateko, «orain arte» egin bezala.

Anbulantzia bat Lantziegon (Araba). RAQUEL MANZANARES / EFE
Anbulantzia bat Araban, artxiboko irudi batean. RAQUEL MANZANARES / EFE
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko irailaren 23a
21:45
Entzun

Hainbat hedabidek gaur iragarri dute La Pau enpresak asmoa zuela Osakidetzarekin dituen kontratuei uko egiteko. Informazioa zabaldu eta ordu gutxira, baina, hori gezurtatu du enpresak. Ohar bidez jakinarazi du lanean jarraituko duela «osasun garraioko zerbitzuak» eskaintzeko, «orain arte» egin bezala.

Kataluniako enpresak Bizkaiko eta Arabako anbulantziak kudeatzen ditu, bai larrialdietakoak, baita programatutakoak ere. Urte hauetan, sindikatuek gogor jo dute La Pauren kontra. Iaz, ESK sindikatuak salaketa aurkeztu zuen Arabako Fiskaltzaren aurrean enpresako lehendakari Vicenc Chicharroren aurka, baita Frumencio Molinero Osasun Sailaren kontratazioburu eta anbulantzien kontrataren arduradun ohiaren aurka ere. Prebarikazioa egin izana eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi zieten. Fiskaltzak, baina, atzera bota zuen salaketa.

Aurtengo ekainean, bestalde, UGT sindikatuak La Pauren kontrako errekurtsoa aurkeztu zuen Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan. Hutsegite «oso larriak» argudiatu zituen; besteak beste, atzerapenak nominen ordainketan. Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren mendeko erakundeak partzialki onartu zuen errekurtsoa, eta lizitazioa bertan behera utzi zuen. Hala ere, enpresak neurri zuzentzaile batzuk aurkeztu zituen, eta Jaurlaritzak haren zerbitzua kontratatzea erabaki zuen.

Horrez gain, aintzakotzat hartu behar da aldarri betean dagoela sektorea: anbulantzietako langileek lanuzteetara jo dute aurten, lan baldintza duinak eskatzeko. 2021ean amaitu zen anbulantzietako langileen lan hitzarmena, eta 2022ko urtarriletik ari ziren itun berria negoziatu nahian. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileek bi hilabete eman dituzte greba mugagabean. Apirilean, bertan behera utzi zuten protesta, akordiorako oinarri bat sinatu eta gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.