La Pau enpresak ez ditu oraindik ordaindu langileen soldatak, sindikatuek salatu dutenez

LABek eta CCOOk kritikatu dute anbulantzia zerbitzuko langileek ez dituztela jaso urriko soldata eta udako aparteko sariaren %75. Azaroaren 30erako iragarritako «irteera ordenatua» langileen kontura egitea salatu dute.

 Larrialdietako anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
Larrialdietako anbulantzia bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ/ FOKU
edurne begiristain
2024ko azaroaren 6a
13:15
Entzun

Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzuaren kontratua azaroaren 30ean etengo dute Eusko Jaurlaritzak eta La Pau enpresak, baina hango langileek ez dute oraindik kobratu urriko soldata, ezta udako aparteko soldataren %75 ere. Hala salatu dute gaur LAB eta CCOO sindikatuek, ohar bidez.

Urriaren 21ean, Lorea Bilbao Osasun Saileko Administrazio eta Finantzaketa sailburuordeak baieztatu zuen Osasun Sailak eta La Pau enpresak akordioa sinatu zutela zerbitzua «era ordenatuan» bukatzeko, azaroaren 30a baino lehen. 2020az geroztik enpresaren aurka izandako makina bat gatazkaren ostean etorri zen iragarpena. Haatik, anbulantzietako beharginek salatu dute La Pauk haien eskubideak urratzen jarraitzen duela, eta iragarritako «irteera ordenatua» langileen soldaten kontura egiten ari dela.

«Gaur egun, Arabako eta Bizkaiko anbulantzietako langileek ez dute kobratu ez urriko nomina, ez udako aparteko ordainsariaren %75 ere; berogailurik gabeko baseetan daude lanean, askotan uniforme egokirik gabe, atsedenak errespetatzen ez dituzten egutegiak jaso berri dituzte, eta abar eta abar», salatu du LABek. CCOO sindikatuak ere salatu du urriko nomina kobratzeko dutela langileek, eta horrek ezinegona eragin duela: «Langileak abandonatu dituzte».

LABek gogoratu du Eusko Jaurlaritzak langileei hitzeman ziela kontratua etenda ere zor zitzaien dirua ordainduko zietela. Errealitatea bestelakoa da, baina: «Ez dago kobratzeko aurreikuspenik, ez zaigu egin beharreko urratsen berri eman, eta egunetik egunera arazoak eta zalantzak areagotu egiten dira. Langileak etsita daude, akituta, kolapsoaren atarian… Langile horiek dira biziak salbatu behar dituztenak, gaixoak artatu behar dituztenak, laguntza psikologikoa eman behar dutenak… Eta haiek nork zaintzen ditu?».

CCOOk adierazi du egoera honek «ezinegona» eragin duela beharginen artean, eta ezinbestekoa dela egoera lehenbailehen konpontzea. Bide beretik egin ditu eskaerak LABek ere, eta bilera bat eskatu dio Osasun sailburuari. Oraingoz, baina, ez du erantzunik jaso.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.