Patxi Zamoraren aurkako «jazarpen ideologikoa» salatu du Kontuz-ek

Iberian 31 urtez lan egin ondoren, Guardia Zibilak hegazkinetan sartzeko baimena ukatu egin dio

Mahaian eserita, Leire Martin abokatua eta Patxi Zamora, eta atzean Kontuz-eko hainbat kide. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
«Patxi Zamorak ez du hemen bere bizitza guztian lan egingo». Guardia Zibilaren buruzagi batek erantzun hori eman zien Iberiako zuzendariei. Kontuz elkarteko eledunak Iberia konpainiako hegazkin zerbitzari gisa lan egin du 31 urtez jarraian. Aireportuetako langileek hegazkinetan sartzeko baimen bat behar dute, eta Zamorari azaroaren 22an Guardia Zibilak baimena atzera bota zion, «ezgai» zela ebatzita. Iberia erabakiaren aurka azaldu arren, bere lanpostutik kaleratu du azkenik, eta Kontuz elkarteak «jazarpen ideologikoa» salatu du. Taldearen arabera, Nafarroako Kutxaren inguruan egindako salaketek min handia egin zieten Nafarroan garai hartan agintzen zutenei, eta horietako batzuek «zitalkeriaz eta mendekuz» jokatu dute Zamoraren aurka.

Atzo goizean prentsaurrekoa zuen deituta Kontuz elkarteak, eta ustelkeria kasu «oso larri» baten berri emango zutela aurreratu zuen. Agerraldian zehaztu zuten gero kasuaren larritasuna. «Ustelkeria ez da soilik diru publikoa ebastea. Baliabide publikoak babesgabe diren herritarren aurka jotzeko erabiltzea ere ustelkeria da», aipatu zuen Patxi Zamorak berak.

Zergatiari buruz ez dute zalantzarik ez bere gertukoek ez Iberia konpainiako zuzendariek ere: argi dute Kontuz-en egindako ikerketa lanagatik kendu diotela baimena. «Kontu pertsonal bat baino ez dela ematen du, baina gizarteari egin beharko zaio galdera: nor ausartuko da ustelkeria salatzera?».

Patxi Zamoraren arabera, erabakia erabat arbitrarioa izan da. Zenbaitetan hegazkinetan sartzeko baimen hori erretiratu egin ohi zaie langile batzuei diziplina neurriengatik, baina erabaki hori beti espediente baten bitartez justifikatu behar da, abokatu madrildar batek Zamorari azaldu dionez. Kasu horretan ez dago azalpenik. Baimena, gainera, betiko kendu diote.

Hasieran, harritu egin zen, eta informatika arazo soil bat baino ez zela uste zuen. Iberian ere zur eta lur geratu ziren. Administrazioaren barruan urrats guztiak egin ditu egoera konpontzeko asmoz, eta hainbat ate jo ditu: Guardia Zibila, Barne Ministerioa, Aireportuetako Segurtasuna... Erakunde bakar batek ere ez dio azalpenik eman.

Haatik, ez Zamorak ez Kontuz-ek ez dute besoak gurutzatuta geratu nahi. Baimena kendu dion Guardia Zibilaren buruzagiaren identifikazio zenbakia dute, eta salaketa jartzeko asmoa dute Espainiako Barne Ministerioaren aurka.

Patxi Zamorak gogora ekarri duenez, Nafarroako Kutxaren inguruko ikerketak deserosotasun handia eragin zien Nafarroako zein Espainiako hainbat buruzagi esanguratsuri. Adibidez, kutxako gobernu organoetan erabaki nagusiak hartzen zituztenetako bat Mayor Orejaren garaiko Barne Ministerioko goi karguduna da, baina, gainera, UPNko agintari ohiek ere erlazio onak dituzte estatuko goi agintariekin. «Indartsu sentitzen dira berriro». Hala ere, ohartarazi die amaieraraino ikertuko dutela. «Haien aurka itzuliko da».

Botere harreman horien inguruko anekdota gisa 2014ko martxoko pasarte bat ekarri du gogora. Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioa aurkezteko prest azaldu zen PSN. Egun haietan UPNrekin erlazionatutako Madrilgo nafarren zirkulua Espainiako erregearekin batzartu zen egoera politikoagatik kezkatuta. Felipe Borboikoak lasaitasuna eman zien, Alfredo Perez Rubalcabak PSOEko orduko idazkari nagusiak bermatu baitzion Roberto Jimenezek ez zuela ezer egingo.

Babesa eskatu du

Zamorak uste zuen Kontuz-en aurka kereila bat jarriko zutela. «Zilegitzat jotzen dut ere, baina ez genuen uste halako baldarkeriarik egingo zutenik». Horregatik, gertatutakoa salatzeko eskatu die aldaketa sostengatzen duten alderdiei. 2015eko abenduan Aldaketa koalizioaren Senatuko hautagai izan zen Patxi Zamora. Era berean, laster agiri bat kaleratuko dute kazetariek sina dezaten. Gainera, sindikatuei ere babesa eskatu die langile bat bidegabeki kaleratu dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.