Azken hiru urteetan, bere auzia argitzeko borroka politiko eta juridiko etengabean ibili da murgilduta Patxi Zamora, Kontuz herritarren plataformako eleduna. 31 urtez Iberian hegazkin zerbitzari gisa lan egin eta erretiroa hartzear zela, Guardia Zibilak aireportuetan sartzeko langileek behar duten baimen berezia ukatu zion 2017ko azaroan, inongo azalpenik eman gabe —handik gutxira Iberiak kaleratu egin zuen—. Asteon, Europako Legebiltzarretik etorri da ustekabea. EAJko Izaskun Bilbao europarlamentariaren galdera bati erantzunez, Didier Reynders Europako Batzordeko Justizia komisarioak zehaztu du ezein estatutako Poliziak ezin dituela bere fitxategiak erabili administrazio arloko erabakiak baldintzatzeko. Zamorak garrantzi handia eman dio Europako Batzordearen jarrera horri.
«Adierazpen horrek garrantzia du, ez baita kazetariei mikrofono aurrean egindako adierazpen soil bat. Europako Legebiltzarrean egindako galdera bati emandako erantzun instituzional bat da, eta haren edukia bete beharrekoa da», nabarmendu du Zamorak. Izaskun Bilbaok Bruselan egindako lana biziki eskertu du. Galderak zioen ea Guardia Zibilak erabili zituen bere fitxategiak Patxi Zamora eta aireportuko beste langile batzuk kaleratzeko.
Izaskun Bilbaoren ekimena
Duela aste batzuk aurkeztu zuenekimena Bilbaok Europako Legebiltzarrean. Bertan, gogora ekarri zuen Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuek «aire segurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeen inguruneen gertukoa» izatea aurpegiratu ziotela Patxi Zamorari. Bilbaok ohar bat kaleratu du, eta, bertan azaltzen duenez, Europako Batzordeak argi uzten du fitxategietako datuak zigor arloko auzibideetarako erabili behar direla, eta herritarrek datuak ezagutzeko eta haien edukia gezurtatzeko eskubidea dutela. «[Bruselaren arabera] Fitxategietako datuak ezin dira erabili erabaki administratiboak babesteko; hala nola aireportuetan sartzeko txartela kentzea», aipatu du Bilbaok. Guardia Zibilak «pertsona subertsibo eta antisistemen» Sinves-Aquila fitxategia dauka, eta, Bruselaren arabera, legez, bertako datuak soilik erabili beharko lirateke «zigor arloko delituei aurre hartzeko eta ikertzeko; hala nola segurtasun publikoaren aurkako mehatxuak». Reyndersek gaineratu du Europako Batasuneko estatu kide orok ziurtatu egin behar lukeela poliziek arau hori betetzen dutela.
Patxi Zamora Nafarroako Kutxaren auzia ikertzeko bultzatzaile nagusia izan zen, eta horregatik ezagutarazi da kasua Euskal Herrian. 2018tik Zamorak berak eta Kontuz-ek salatu dute Guardia Zibilak «mendekuz» jokatu duela. Haatik, urteotan Zamorak ondorioztatu du berea ez dela kasu bakarra. Guardia Zibilak berdin jokatu du Espainiako beste bi langilerekin: batekin militante komunista zelako eta bestearekin errepublikazalea izateagatik.
Normalean, Guardia Zibilak irregulartasun larri bat egin duela leporatuta ukatzen dio aireportuko langile bati baimena, eta espedienteak erreklamatzeko aukera ematen du gero. Hiru horien kasuan, ordea, zuzenean baimena atzera bota, eta erreklamazioa egiteko aukera kendu egin die.
Epaitegietan, hiru salaketa aurkeztu zituen Zamorak: arlo zibilean, lan arloan eta administrazioarekiko epaitegian. Lehen biak artxibatuta daude, baina hirugarrena Espainiako Auzitegi Gorenean dago orain, eta hark erabaki beharko du ea auzia Madrilgo Auzitegi Nagusira itzultzen duen. Auzi horretan erabaki behar da ea Guardia Zibilak Zamorari txartela kentzeko erabakia legezkoa izan zen, eta Reyndersen erantzunak lagun dezake epaileek haren alde ebatz dezaten. Politikoki, berriz, Espainiako Kongresuan hainbat talde ekinbide berean batzeko aukera ikusten du. Ildo beretik, Europako Batzordearen erantzun instituzionalak hauspotu dezake ahalegin hori. Europako Arartekora jotzeko asmoa ere badute.
Patxi Zamorak garrantzi handia eman dio Europako Batzordearen erantzunari
Didier Reynders Justizia komisarioak baieztatu du EBko poliziek ezin dituztela fitxategiak erabili erabaki administratiboak baldintzatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu