Patxi Ruiz euskal presoak 11 egun bete ditu gaur gose eta egarri greban. AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak adierazi duenez, Ruizek giltzurrun hutsegite bat du. Espetxeak ospitalera eramatea proposatu dion arren, uko egin dio. Ruizek AEMri helarazi dizkio gose eta egarri grebara eraman duten aldarrikapenak, eta horrek zabaldu ditu; batetik, eskatu du Murtzia II kartzelak bere egoeran duen ardura bere gain hartzea eta bere osotasun fisikoaren segurtasuna bermatzea; bide horretan, galdegin du espetxeko zuzendariak, medikuak eta hainbat kartzelarik presoekin duten jarrera bertan behera uztea: «Mehatxuen, jipoien eta irainen bukaera».
AEMk adierazitakoaren arabera, Ruiz «bere kabuz» ibiltzeko gai da, baina egoera «oso larria» da: «Hiltzeko benetako arriskuan dago». Hasieran zabaldu bada ere Ruiz erietxeratu egin dutela, informazio hori gezurtatu egin dute gero. Euskal presoak adierazi du ez dela ospitalera joango «auto judizial baten ezean».
Ruizek nabarmendu du bere borroka «politikoa» dela, eta Euskal Herrira lekualda dezatela eskatu du: «Eta berarekin batera gainontzeko euskal preso politiko guztiak ere bai». Horrez gain, «beste antolakunde batzuetako preso politikoak, Euskal Herrikoak ez direnak, euren bizitokietara eramatea» exijitu du.
Ruizek «maitasun guztia» adierazi die «zutik dirauten borrokalariei, baita borrokara eraman zituzten printzipio eta idealak tinko mantentzen ari diren EPPK-ko horiei ere».
Haren protestari babesa adierazteko ekinaldiak zabaldu egin dira gaur ere; Paddy O'Neil preso irlandarra 24 orduko baraua egiten ari da, eta Juan Garcia Martin GRAPOko preso politikoak Puerto III-ko kartzelak banatzen duen janari erretiluari uko egin dio. Horrez gain, larunbatean manifestazioa egingo dute Bilbon; 20:30ean abiatuko da, Etxebarrieta Anaien plazatik.