euskal presoak

Patxi Ruiz euskal presoak hiru egun daramatza gose greban

Ruizek gose eta egarri greba abiatu zuen astelehenean, espetxeko zuzendaritzak eginiko mehatxuak salatzeko. Ez da euskal presoak mehatxuak jaso izana salatu duen lehen aldia.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak joan den azaroan Bilbon egindako manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
2020ko maiatzaren 13a
19:44
Entzun

Patxi Ruiz euskal presoak hirugarren gose eta egarri greba izan du gaurkoa, eta aurrera jarraitzeko asmoa adierazi du, AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak azaldu duenez. Astelehenean hasi zuen, Murtzia II espetxeko (Espainia) zuzendaritzak eginiko mehatxuak salatzeko. AEMk jakinarazi du greba hasi duenetik medikurik ez dela gerturatu presoaren egoera aztertzeko. Horrez gain, Ruiz moduluz aldatu dutela salatu du mugimenduak, «beste preso politikorik ez dagoen» beste batera.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez, maiatzaren 5ean, 8. moduloko hainbat preso elkarretaratzeak egiten hasi ziren; COVID-19ak eragindako egoera honetan, preso eriak eta zigorraren zati handiena betea dutenak askatzea eskatzeko, baita bisitak jasotzeko eskubidea aldarrikatzeko eta ez kutsatzeko neurriak eskatzeko, besteak beste. AEMk azaldu duenez, elkarretaratze horietako batean Ruizi eskuan zeraman kartela kentzen saiatu zen kartzelako langileetako bat, eta, gero, espetxeko zuzendaritzak mehatxatu egin zuen euskal presoa: «Zuzendariarekin, segurtasun zuzendariordearekin eta zerbitzuburuarekin biltzera eraman zuten, eta han, mehatxuen artean, kontzentrazioen bultzatzailea izatea leporatu zioten».

Mehatxu horien ondoren, Ruizek astelehenean hasi zuen gose greba. Aurretik, hilaren 9an, besoetan ebakiak egin zituen egoera salatzeko —erizaindegian artatu behar izan zuten—. Bertan medikuak izandako jarrera ere kritikatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, presoaren aurkako irainengatik. Ez da Ruizek halakoak salatzen dituen lehen aldia. Iazko abenduaren 31n ere besoetan ebakiak egin zituen, kartzelari batek euskal presoekin zuen «jarrera erasokorra» salatzeko.

Ruizi elkartasuna adierazteko, Ibai Aginaga euskal presoak uko egin dio Sevilla II kartzelako ziegatik ateratzeari, haren egoera konpondu arte. Beste hainbeste egingo du Jon Kepa Preciadok ere, Kordobako espetxean. Era berean, Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano euskal presoek uko egin diete kartzelako janari erretiluei, Puerto III kartzelan. Espetxeetatik at ere, lau lagunek gose greba abiatu dute.

AEMk gaineratu du Ruizi zer gertatzen zaion, bada, horren erantzukizuna Murtzia II espetxeko zuzendaritzak eta «espetxe politika hau diseinatu edota aurrera eraman duten» alderdiek izango dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.