Patxi Ezkiagari aitortutako literatur sariak baliogabetu ditu Ondarroako Udalak

Jakinarazi dutenez, Ezkiagak idatzi eta udalak saritutako liburuen erreferentzia bakoitzari «salaketa horien berri ematen duen argibidea» gehituko diote.

Olatz Silva Rodrigo.
2024ko irailaren 27a
09:40
Entzun

Ondarroako Udalak (Bizkaia) baliogabetu egin ditu Patxi Ezkiaga idazleari (1943-2018) aitortutako literatur sariak. «Irmo» gaitzetsi dituzte «edozein eratako sexu erasoak»; eta bereziki «arbuiatu» nahi izan dituzte adin txikikoei egindakoak. «Ezinezkoa da adin txikikoek onarpen erreala ematea; botere harreman guztiz desorekatu bat dago beste aldekoa pertsona heldu bat denean, eta, ondorioz, edozein sexu ekintza erasoa da», azpimarratu dute.

Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola salatu zuen Marisol Zamorak maiatzean. Geroago, beste emakume batzuek ere eman zuten jasandako erasoen berri. La Salle kongregazioko kide izan zen Ezkiaga, eta dozenaka urtez aritu zen irakasle. Hango jardunaz baliatzen zen ikasle zituen neskei abusuak egiteko. Zamorak salaketa egin zuenetik, hainbat udalek eta elkartek erabaki dute baliorik gabe uztea Ezkiagari aitortutako sariak eta egindako omenaldiak.

Ondarroako Udalak ohar bidez azaldu duenez, Ezkiagak birritan jaso zuen Augustin Zubikarai literatur saria, narrazio lehiaketa zenean: hirugarren saria irabazi zuen 1998an; 2000. urtean, berriz, bigarrena. «Hortaz, udalak erantzukizuna du dagozkion erabakiak hartzeko», ohartarazi dute. Bi sariak baliogabetzeaz gain, Ezkiagak idatzi eta udalak saritutako liburuen erreferentzia bakoitzari «salaketa horien berri ematen duen argibidea» gehituko diote, baita «udalaren gaitzespena» eta «saria baliogabetu izanaren adierazpena» ere.

Bestalde, oharraren bidez, erabakien berri eman nahi izan diote Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari. Hain zuzen, Kultura Ondareko Sailari zera eskatu diote: Augustin Zubikarai saria dela-eta EAEko irakurketa publikoko sarean Ezkiagaren libururik balego «salaketa horien eta udalaren gaitzespenaren berri emateko».

«Eragin latza»

Hartutako erabakien helburua da «erreparaziorako bideak irekitzea eta emakumeari babesa adieraztea». Izan ere, azpimarratu dute haurtzaroko esperientziek «eragin latza» dutela bizitzan. Hori dela eta, askotan, gertatutakoa kontatzerako «urte gehiegi» igarotzen dira. Hainbat faktorek zailtzen dute gertatutakoa kontatzea: «Besteak beste, beldurra izateak, gertatutakoa ezin ulertzeak, mina ezin kudeatzeak eta sinesgarritasun falta sentitzeak».

Ondarroako Udalak ez ezik, beste udal eta elkarte batzuek ere antzeko erabakiak hartu dituzte azken hilabeteotan. Salaketa argitara atera eta hurrengo hilabetean, Legorretako Udalak —Gipuzkoako herri horretakoa zen Ezkiaga— erabaki zuen Ezkiagari herriko seme kuttunaren titulua baliogabetzea, kultur etxeari Ezkiagaren izena kentzea eta haren omenez eginiko eskultura Etxezarreta auzoko parketik kentzea. Horrez gain, Ezkiaga «ohorezko lekutik» kendu du Euskal Idazleen Elkarteak, eta, Euskaltzaindiaren webgunean, idazlearen aipamen bakoitzari haren kontrako salaketen argibidea gehitu diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.