Patxi Bera izango da hurrengo Nafarroako Arartekoa

Parlamentuan PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak babestu dute bere hautagaitza; Navarra Sumak, berriz, zuri bozkatu du.

Patxi Bera. NAFARROAKO PARLAMENTUA
joxerra senar
2022ko martxoaren 10a
16:25
Entzun

Javier Enerizek badu bere ordezkoa. Patxi Bera izango da. 29 urtez UCAN Nafarroako elikagai arloko kooperatiben elkarteko zuzendari nagusi izandakoa. Hamabost egun izango ditu orain kargua hartzeko. 1959an jaio zen Bera. Kazetaritza ikasketak ditu.

Parlamentuko osoko bilkuran 50 boto lortu behar zituen gutxienez, eta gutxieneko hori eskuratu du haren hautagaitzak —PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak bozkatu dute bere alde—, eta Navarra Sumak zuri bozkatu du. Botoa sekretua izan da.

Otsailaren 16an, parlamentuko foru eraentza batzordean aurkeztu zuen bere hautagaitza parlamentuan. «Pentsatu nahi dut hemen egotearen arrazoi nagusietako ba dela beti pertsonengan jarri dudala arreta, eta nahikoa konfiantza eta sinesgarritasun eragin dudala. Nire lehen helburua izango da inor atzean ez uztea. Nafarroako Ararterkoa aliatu bat izatea nahiko nuke, gertuko eragile bat, beti aktibo», esan zuen aurkezpenean. Elkarrizketaren eta akordioaren aldeko hitzak ere esan zituen.

Batzorde hartan gaurko bozketa berritu zen: bost alderdietako bederatzi ordezkarik alde bozkatu zuten, eta Navarra Sumako seik zuri. Navarra Sumak ordu hartan argudiatu zuen zuri bozkatu zutela protesta gisa. «Ez gaituzte kontuan hartu», aipatu zuen ordu hartan.

Javier Enerizen ordezkoa izango da Patxi Bera. Enerizek hamabost urte egin ditu karguan. 2007an hartu zuen kargua, eta 2013tik behin-behinean zegoen. Nafarroako Arartekoaren 2000ko legearen arabera, arartekoak sei urte egin behar ditu karguan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.