Mobilizazioz betetako eguna dute gaur Kristau eskoletan greban diren langileek. Bilborako A-8ko sarbideak itxi egin dituzte goizeko lehen orduan, ELA, LAB, Steilas eta CCOO sindikatuek antolatutako manifestazioa dela eta. Goizeko zortzietan zuten ordua jarria San Mamesen, eta han bildu dira eskola erlijiosoetako 200 langile inguru. Eguerdian, beste manifestazio bat egin dute, Bilbon bertan. Sindikatuek "konpromisoa" eskatu diete patronalari eta Jaurlaritzari, eta adierazi dute, negoziazioetan aurrerapenak egon arren, langileak beste lanpostu batean jartzea dela oraindik ere arazo nagusia. Atzo, grebaren lehen egunean, sindikatuak, patronala eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, eta Lan Harremanen Kontseiluko kide bat bildu ziren.
Eguerdian eginiko manifestazioan, 4.000 lagun inguru bildu dira, Jaurlaritzaren egoitzaren aurretik bidea hasita. Hasi aurretik egin ditu adierazpenak ELAko bozeramaile Miren Zubizarretak. Aurrepausoak egin dituztela adierazi du, ez, ordea, nahikoa. Zubizarretak salatu du sindikatuak negoziatzen jarraitzeko prest agertu direla, baina patronalak eta Jaurlaritzak uko egin diotela beste bilera baterako data zehazteari, eta "denbora bat" eskatu dutela. Era horretan, "ardura" eskatu die biei, eta adierazi sindikatuek ez dutela nahi "greba egun bat gehiago".
Atzo hasi zuten hilabeteko greba Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola erlijiosoetako langileek, eta, protestara deitu duten sindikatuen arabera, lau langiletik hiruk egin zuten grebarekin bat lehen egunean. Sindikatuek adierazi dute gaurko greba egunean ere parte hartzea "oso zabala" izan dela, eta hainbat eskolatan atzokoa baino "handiagoa", gutxiengo zerbitzuak "gehiegizkoak" izan arren. Kristau Eskolak %16ra jaitsi du gaurko parte hartzea;a euren arabera, atzokoa baino hiru puntu txikiagoa.